Archive Page 2

ERRENTERIAN IRABAZLE!!!!!!

Hainbat lan eta entsaio egin ondoren, abenduaren 26an, Errenterian ospatu zen 63. Gabon Abesti Sariketa Probintzialean parte hartu genuen. Gustora geunden egindako lanarekin eta gozatzera joan ginen. Urduritasunak ere baziren, jakina, baina hauek behar den tentsio puntu hori mantentzeko balio izan zuten. Ereintza Elkarteak antolatzen duen ekitaldia Errenteriako Udal Polikiroldegian izaten da. Bertara autobusez hurbildu ginen, korukideen farren artean, Errenteriako polizi munizipalak “eskoltatuta”. Itxura bitxia zuen polikiroldegiko kafetegiak, baserritarrez jantzitako jendea nagusi zen eta bertako mahaietan gure koruko emakumeak buruzapiak jartzen.

Txapelketa hiru maila ezberdinetan banatuta dago, goizean haurren abesbatzen txanda izan zen. Arratsaldez berriz federatuen eta talde herrikoiena. Federatuen artean bost izango ginelakoan joan ginen, egitarauetan ordea hiru bakarrik agertzen ziren eta horietatik, ez dakizkigun arrazoiengatik, Lazkaoko Kantaka Abesbatzak ez zuen parte hartu.  Zozketari esker parte hartzen lehenak izan ginen. Abestu genuen lehenengo kantua Julen Ezkurrak moldatutako Aritz adarrean - Kattalin izan zen, bien artean agian zailtasun gehiena duena, hasiera goxoa, erritmo aldaketak, matizez betetako kantu ederra. Adierazgarria da orain dela bi urte Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan derrigorrezko obra izan zela folklore atalean. Koruaren barnetik askotan ez dugu erreferentzi osoa izaten, baina Amaiaren aurpegia ikustea besterik ez zegoen ondo kantatu genuela jakiteko. Eta honen ondoren, Javi Bustok moldatutako Olentzero abesti herrikoia, hainbat lan eman dizkiguten “orra orra orra” saltokariekin. Benetan pieza alaia eta energiaz betea.

Errenteria (Diariode Noticias)

Harmailetara egin genezakeen lana ondo eginda eta itxura ona eman genuelakoan bueltatu ginen. Orduan izan zen, urtero parte hartzen duten, Villabonako Eresargi abesbatzako kideen garaia. J.A Hillerud-en Zatoz Enmanuel eta, hamabost urtez Zumaiako organo-jole, koru zuzendari eta musika bandako zuzendari izan zen, Luis Urteagaren Txiru ta liru eskani ziguten. Nahiz eta gizon gutxi izan lau ahots grabetarako zatiak eskaini zizkiguten eta Urteagaren obra batez ere zailtasun handikoa zen. Guk atzekaldean zegoen harmailetatik entzun genuen baina gurekin joan zirenek  sortu zuten soinua laua zela esan ziguten, agian energi apur bat falta izan zitzaien. Gauzak estu egongo ziren, hala ere beraien emanaldia amaitu bezain laister zalantza bat sortu zitzaigun, ez al zen Eresargikoen emanaldia luzeegia izan?

Federatutako abesbatzen ondoren talde herrikoien txanda iritsi zen. Kantatzeko ohitura handia dago Errenterian eta Gabon Abestien Leihaketa honen adierazgarri da, sei taldeetatik bost Errenteriko abeslariez osatuta zeuden, beste bat Oiartzungo eta Errenderiako jendearekin eta azkenik Usurbilgo Zumarte Musika Eskolako Zumarte Gazte Abesbatza. Estilo ezberdineko piezak eskaini zizkiguten, orohar maila altuarekin: abesti zailak, koreografiak… Aipatzekoa da gizonez osatutako Pakezaleak taldeak Angel Embil musika-egile zumiarraren abesti bat eskaini zigula. Eta ezin dezakagu Zumartekoen emanaldia aipatu gabe utzi, beraien zuzendaria Amaia Aldalur baitzen. Abestu zuten lehenengo kanta A. Adams-en Oh gau santu izan zen, pianoaren laguntzaz, nesken ahotsen garbitasuna eta enpastea izugarria izan zen eta nahiz eta gizon gutxi izan ondo bete zuten beraien lana. Bigarren abesti bezala H. Bittrich-en Festejo de Navidad abestiaren euskarazko moldaketa eskaini ziguten, koreografia alai eta koloretsuarekin. Ondo merezitako txalo zaparrada jaso zuten.

Sari banaketako ordua iritxi zenean, aurretik aipatutakoa baieztatu egin zen, eta sariak eman aurretik Eresargi abesbatzakoei 20%ko penalizazioa ezarri zioten beraien partehartzea araututako 7 minututik gora joan baitzen. Ez dakigu bestela zer gertatuko zen, baina Talde Federatuen artean zegoen Saria guretzat izan zen. Honen aurretik pozik bageunden, sariaren ondoren zer esanik ez. Baina hau ez zen poz bakarra izan, talde herrikoietan Usurbilgo Zumarte Gazte abesbatzak irabazi baitzuen. Zorionak Amaia!, bitik bi ez da marka makala…

Errenteria (Sari banaketa ondoren)

Ekitaldiari amaiera emateko partehartzaile guztien artean Ator, ator abestu genuen Amaiaren zuzendaritzapean. Eta hortik autobusera. Itzulerako bidaia, nola ez, kantuz kantu egin genuen eta hortik, txarangarik gabe bada ere, ospatzera joan ginen.

Mila esker etorri zineten guztioi, zuen animoengatik. Hemen dituzue komunikabideetan agertu diren berriak: Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa. Ea egun gutxitan han ateratako irudi gehiago eta bideoren bat jartzeko  aukera dugun…

Errenteriako Gabon abestien lehiaketa…

Lehenik eta behin, igandean Itziarko parrokian emandako Gabon Kontzertuari buruz bi hitz idatzi nahi genituzke.

Jende gutxi izan arren, gustora egon ginen kantatzen. Momentu unkigarria izan zen gure korukide Maite Irigoien gogoratu genuenean, berari eskeinia izan zen gure kontzertua eta propina gisa abestu genuen Egin Maite kantatzean, bat baino gehiagok negar zotinean ezin izan zuen kanta bukatu.

Hemen duzue, Mari Carmen Azpeitia pianoan lagun zutela koruko emakumeek kantatutako Non degu non abestiaren grabaketa:

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Eguraldi kaxkarra izan arren, hurbildu zen guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Hemen duzue, eskaini genuen emanaldiari buruz Mikel Emazabalek bere blogean idatzi duen kritika.

Itziar 2009

Gabon Kontzertua atzean utzi dugu eta Errenteriako Gabon abestien lehiaketa dugu orain buruan. Datorren larunbatean, abenduak 26, Errenteriako Gabon Kanten lehiaketan hartuko dugu parte. Bi gabon abesti kantatuko ditugu bertan: J. Ezkurraren Aritz adarrean-Kattalin eta Javi Bustoren Olentzero.

Emanaldi honekin bukatzen dugu urtea. Mila esker gure emanaldietan izan zareten guztioi.

San Pedro Abesbatzako kideok, Egu Berri zoriontsu eta Urte Berri on bat opa dizuegu.

Itziarren, Gabon Kontzertua (Abenduak 20, igandea)

Eibarko Coliseo antzokiko emanaldia atzean utzi dugu, gustura kantatutako kontzertua izan zen. Bertan Zumaian uda pasatzen duten jende ugari bildu zen. Hemen duzue han eginiko grabaketa bat:

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Aste honetan buru belarri sartu gara Itziarko Gabon Kontzertua prestatzera.

Entsaioa II

12etan izango den mezan parte hartuko dugu, lehenengo zatian agertzen diren bi abestiak Komunio garaian Jainkoak Gizondu eta bukaeran Suite de Navidad abestuko ditugularik.

Bigarren zatian berriz, mota eta erritmo desberdinetako gabon kantak izango dira: zortzikoa, Olentzero-ren bertsio berri bat, ahots zuriek abesturiko Non degun non, Zumaiako Musika Eskolako Helduen Dantza Taldea eta Maria Zubimendi eskuko soinu jolearen laguntzarekin Ator, ator famatua.

 Itziarko kontzertuko kartela

Aipamen berezi bat egin nahi dugu: igandeko meza eta kontzertua, urte honetan utzi digun gure korukide Maite Irigoieni eskeini nahi diogu. 

Gogoratu, abenduak 20, eguerdiko 12etan Itziarko parrokian. Zuen gustokoa izango delakoan, iganderarte agurtzen gara.

GABON KANTUZ, Eibarrera kantatzera goaz

25 urte igaro dira San Pedro Abesbatza Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan sartu zela. Hau ospatzeko asmoz aurtengo GABON KANTUZ jaialdian parte hartzera gonbidatu gaituzte. Ekitaldia datorren igandean izango da (Abenduak 13) Eibarko Coliseo Antzokian eguardiko 12:30etan.

Coliseo (Eibar)

Gutaz gain, Azpeitiko Antxieta, Trintxerpeko Ilunbe  eta Eibarko Sostoa Abesbatzek parte hartuko dute jaialdian. Azpimarratzekoa da ekitaldi honetan jasotako diru-sarrera, autismoaren munduan dabilen GAUTENA elkartearentzat izango dela. Sarrerak salgai daude Kutxanet-en 3€-ko salneurrian.

 Guk eskainiko ditugun abestiak, hauek izango dira:

 Kantua Egilea 
 Belenen  Harm: V. Manterola
 Aritz adarrean - Kattalin  Harm: J. Ezkurra
 Olentzero  Harm: J. Busto
 Jaun handiak  Harm: A. Mitxelena
 Festejo de Navidad  H. Bittrich

Gabon kantekin murgildurik…

Xexili eguna atzean utzi ondoren, gabon munduan murgildu gara kanta berriak ikasten.

Sartu berri garen hilabete honetan, emanaldi ugari ditugu:

  •  Abenduak 13, 12:30etan: Gabon Kantuz, Eibarko Coliseo Antzokian
  • Abenduak 20, 12:30etan:Gabon Kontzertua, Itziarko Parrokian
  • Abenduak 26, 18:30etan: Gabon Abestien Lehiaketa, Errenteriako Polikiroldegian

Ea hiru emanaldi hauetan elkar ikusten dugun.

Xexili Eguna: Kantua, jalgi hadi kalera….

Badator gure eguna, Xixili eguna. Eta nola ospatu abesten ez bada? Azaroaren 21ean, arratsaldeko 6 t´erdietatik aurrera Erribera kalean zehar kalejira bat egingo dugu. Bertan estilo eta jatorri desberdinetako abestiak entzun ahal izango dituzue: euskal musikaz gain, afrikako eta hego-ameriketako erritmoetan murgilduko gara….

Santza Xixili

Ezustekoren bat edo beste ere izan daiteke. Ea herriko kaleetan ikusten garen…

 

Gabon Korua

Urtea aurrera doa, eta aurki iritxiko dira Gabonak. Ohitura zaharrez betetako aroa, Zumaiak badu musika eta gabonak lotzen dituen usadio eder bat, Gabon Korua. 1945. urtean hasi zen Andazarrateko erietxean ziren zumaiarrei opariak egiteko asmoz, ordutik hona herriko kaleak musikaz betetzen ditu Gabon arratsean behartsuen alde diru eskean.

Gabon Korua 1948

Parte hartzea guztiz irekia da, bakarrik entsaiotara joatea eskatzen da, abenduaren 24an kantatuko diren 15 abestiak prestatzeko. Betikoak gogoratzeko eta berria ikasteko, aurten Satrus Balzaren “Noel-Noel” kantua izango delarik. Hau egiteko lehenengo hiru enseguak banatuta egingo ditugu:

Emakumezkoak:

Azaroak 16-23-30

Gizonak:

Azaroak 18-25 eta Abenduak 2

Eta hauen ondoren jakina, ensegu orokorrak:

Abenduak 9-11-14-16-18-23

Enseguak Jubilatuen egoitzako 2. solairuan egingo dira, gaueko 9tan.

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Animatu zaitez!

Tolosako 41. Abesbatza Lehiaketa

cartelcoros2009web.jpg

Udazkenean zehar, abesbatzen munduan, hainbat ekitaldi antolatzen dira. Gure artean, guztien gainetik oihartzun handiena duena Tolosan ospatzen den Abesbatzen Lehiaketa da. Urriaren 28-tik Azaroaren 1-arte mundu guztiko abesbatzak parte hartuko dute bertan. Aurten, adibidez, Australiako, Txinako, Japongo edo Europako hainbat herrialdeetako  taldeak izango ditugu kategori ezberdinetan banatuta (umeen koruak, koru mistoak eta ahots taldeak).

Hemen duzue aurtengo txapelketaren aurrerapen bat:

Tolosako 41. Abesbatza Lehiaketa (Egitaraua)

Baina abesbatza hauen musikaz gozatzeko aukera ez da Tolosara murrizten. Hainbat herri ezberdinetan kontzertuak ematen dituzte beraien ekitaldiak prestatzeko asmotan. Iaz, Zumaian txapelketako irabazle suertatu zen “Prague Philharmonic Children’s Choir” entzuteko aukera izan genuen. Aurten berriz Letoniako “Swedbank Chamber choir”. Bitxikeri bezala esan banketxe bateko koru bat dela (partehartzaile guztiak banku horretan lan egiten dute). Gure inguruan ez dira ohikoak horrelako koroak, baina Europan zehar nahiko hedatuta daude.

mus-swedbankkoris.jpg

Hemen, abesbatza honen informazio gehiago aurkitzeaz gain, beraien grabaketak entzuteko aukera izango duzue:


Musika koralaz gozatzeko aukera paregabea.

Alegiara kantatzera goaz….

Joan zen Apirilaren 4ean Zumaian izan genituen Alegiako Txintxarri abesbatzako kideak. Blogean aurkituko dituzue egun hartako argazkia, baita kantatu genuen X. Sarasolaren “Neskatx ederra”-ren grabaketa ere. Urriaren 17an berriz gu joango gara Alegiara, kontzertu bat eskaintzera.

alefzubi.jpg

Arratsaldeko zortzietan izango da, Alegiako parrokian. Kontzertuari hasiera Alegiako koruak emango dio. Guk era askotako abestiak aukeratu ditugu: sakroak, Joanes de Antxieta edo Luis Urteagaren lanekin, herrikoiak, Aritz adarrean-Kattalin, Maiteak galde egin zautan, Neskatx ederra… edo azken hamarkadetako doinuak (Gaztelugatxe, Cantares).

 

alegigle.JPG

Kontzertuari amaiera emateko, nola ez, bi abesbatzak batera arituko gara. Mikel Laboa gogoratuko dugu hain famatuko egin den “Txoriak Txori” abestuz eta kontzertua erritmoz bukatzeko jazz eta gospel erritmoak jarriko ditugu “This little light of mine” kantuarekin.

 

Gonbidatuta zaudete

Angel Embil: zumaiar bat Asturias aldean…

Asteburuan zehar Pola de Sieroko kantoreak gure artean izango direnez, une egokia da Angel Embilen bizitzari begirada bat botatzeko.

1897. urtean jaio zen Zumaian, txikitan San Telmo kalean bizi izan zen eta bere musika ikasketak, orduan parrokiko organo-jole eta musika bandako zuzendari zen, Luis Urteagarekin hasi zituen. 10 urte zituenean ordea, bere ama hil egin zen eta bere anaiarekin batera Gijonera joan zen, jesuiten “Colegio de la Inmaculada” barnetegian ikastera, bera aita  marina merkanteko kapitaina baitzen.

Asturiasen jarraitu zituen musika ikasketak, hala ere azpimarragarria da harmoniako ikasketak, postaren bidez, Luis Urteagarekin burutu zituela, Donostiako Kontserbatorioko irakaslea baitzen orduan. Lan handia egin zuen Asturiasen, hainbat talderen sorkuntzan parte hartu zuen,  Asturiasko Orkestra Sinfonikoarena adibidez.

1946. urtean, bere emaztearen heriotzaren ondoren, bere seme alabekin Pola de Sierora joan zen bizitzera . Urteetan zehar lan handia egin zuen Polako bandarekin  eta bertako hainbat korurekin. Irakasle bezala ere lanitzela egin zuen eta bere ikasle izandako askok hainbat koruen zuzendaritza hartu zuten.

 angel-embil.jpg

Musika idazle bezala katalogo luzea utzi zigun, kasu gehienetan asturiasko musikan errotatuko kantuak. Horietako batzuk Asturiasen sona handia lortu dute, “No me quiso una polesa” honen adibide delarik.

1980. urtean Pola de Sieron zendu zen.

Hemen duzue bere musikaren adibideetako bat: Bajo un cielo de tormenta

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

« Previous PageNext Page »


Egutegia

abuztua 2010
Asl Ast Ask Ost Osl Lar Iga
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031EC

Upcoming Events

  • No events.

Argazkiak

Get the Flash Player to see the slideshow.

Bad Behavior has blocked 1 access attempts in the last 7 days.