martxoa 27th, 2006 : txinparta
Euskal antzerkigintzak edo teatroak lan mardula egin du euskararen normalkuntzari dagokionez. Gero eta antzerki gehiago egiten dira euskaraz, eta kalitatearen bermea izaten dute. Zumaiara ekartzen diren antzerki gehienak euskaraz ematen dira, eta zinema bete egiten da. Jendea normaltasunez joatean da antzerkia euskaraz ikustera. Euskal Antzerkigileen Elkarteak aldarrikapen bat egiteko erabiliko du nazioarteko eguna; hau da, arte eszenikoen goi mailako eskolaren eta zentro dramatiko nazional baten beharra aldarrikatzeko. Hona hemen Antzerkiaren nazioarteko egunaren karira ateratako testua.
‘Itxaropen zirrikitu bat’
Egun guztiek izan beharko lukete Teatroaren Nazioarteko Eguna, gure Lur planeta honetan beti egon baita piztuta, txoko batean edo bestean, antzerkiaren sugarra.Teatroa hilda omen dago, hala diote askok aspalditik. Zinea eta telebista sortu zirenetik bereziki, eta are gehiago digitalizazioaren garai honetan. Sasoi batean, aurrerapenekin bat egon nahiean edo, eskenatokia teknologizatu egin zen, gizatasun sotilaren arrastorik ia batere utzi gabe. Irudia nagusitu zen hitzaren kaltetan, estetika mezuen gainetik. Hitzik gabeko antzezlanak ugaldu ziren, are antzezlerik gabe ere, nahikoa eta aski baitzen argi joku ikusgarriek apaindutako maniki batzuekin osaturiko instalazioa. Teknologiak, su artifizialak bezalako ikuskizun huts bihurtu nahi zuen antzerkia.Egun aktoreak bere lekua berreskuratu du ikuslearen aurrean. Egun hitza ezkenatokira bueltatu da.Teatroak honezkero bere mugak ezagutu eta onartu ditu. Bere mugak, bai, teatroa hain esperientzi berezi, eta ordezkaezin egiten duten mugak. Teatroa ez baita inoiz helduko mass media zabaletara, baina beste edozein komunikabidek baino hobeto transmitituko ditu sentimentuak, emozioak, ametsak eta itxaropenak, ikuslea eta aktorea aurrez aurre daudelako, une eta toki batean. Arte eszenikoetan ez dira istorioak kontatzen soilik. Iritziak plazaratu eta elkartrukatu egiten dira. Teatroak hunkitu, argitu, asaldatu, aztoratu, eszitatu, azaldu, probokatu eta hautsi egiten du. Gizataldeari eskeintzen zaion elkarrizketa bat da. Teatroa arteetan lehena izan zen isiltasunetik hitza, itzaletik argia eta ezerezetik bizia sortzen. Izaki bizia da teatroa, eskeintzen den momentuan bere burua kontsumitzen duena, hurrengo batean bere errautsetatik berriro sortzeko. Komunikatzeko modu honek badu magikortasun ukitu bat, halako moldez non pertsona bakoitzak eman eta jaso egiten du, eta trukatze honi esker aberastu. Teatroak gizakiaren larritasun existentziala islatzen du, eta giza-izaera argitu. Garaian garaiko gizarteak hitz egiten du teatroaren bidez, sortzailea bitartekari bat baino ez da. Etsai ikustezinak ditu teatroak: umezaroan arte-hezkuntzarik eza batetik; munduaz jabetzen ari den pobrezia bestetik; eta azkenik, teatroa sustatu beharko luketen gobernuen mesprezua edota axolagabekeria. Aspaldiko teatroan jainkoek eta gizakiek hitz egin zuten; gaurkoan gizasemea beste gizasemeei zuzentzen zaie. Horrexegatik izan behar luke teatroak bizitza bera baino oparo eta zabalagoa. Mundu erotu honetan, zentzuzko hitzetan sinistearen ospakizuna da teatroa. Teatrotik edan behar dugu gertatzen ari zaiguna ulertzeko, inguruan dabilen oinazea adierazteko, baina baita egunerokotasunaren kaos eta ameskaiztoan halako esperantza zirrikutu bat sumatzeko. Gora erritu teatralaren eragileak!! Gora teatroa!!
Victor Hugo Rasconek idatzi du aurtengo mezua, eta Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek euskaratu dute
Kategoria: Orokorra | |