Azken sarrerak
ManiFESTAzioa
maiatza 23rd, 2006 : txinparta
Bai eskolak euskalduntzeari! kanpainak sinadura-bilketaz ekin zion jendaurreko ibilbideari. Oraingoan, berriz, maniFESTAzio batera deia egin digute. Arratsaldeko 17:30ean abiatuko da manisfestazioa Donostiako Bulebarretik, euskaraz ikasteko eta euskara ikasteko eskubideak aldarrikatzeko, oraindik ere lan handia baitago egiteke bide horretan.
Hona hemen deialdia egiteko irakurri den testua:
"Euskara ezagutzeko eskubidearen alde!
Hemen gauden lagunak eta beste ehunka lagun kanpaina honetan lanean murgiltzeko behar nabaria ikusi dugu. Euskararen egoerak, eta bereziki eskolaren bitartez belaunaldi berri guztien euskalduntzea bermatua ez egoteak, kezka berezia eragiten digu eta inoiz baino beharrezkoagoa sentitu dugu gure herrietan Bai Eskolak Euskalduntzeari! leloa hedatu eta horren alde indarrak biltzea. Horregatik gure hondar alea eskaini nahi izan dugu eta azpimarragarria da, gure herri eta auzoetan, bai herritarren aldetik eta baita gure inguruko eragile eta elkarteen aldetik eskakizunak izan duen harrera ona. Ohartu gara, jendeak kezka handia duela euskararen egoerarekin eta protagonista izan nahi duela euskararen normalizazio lanean.
Esan bezala, euskararen egoera eskolan kezkagarria da. Euskal Herrian 3 ikasletik 2ri ez zaio euskararen ezagutza eskola bidez bermatzen. Horixe da errealitate gordina. Eta egoera horrek gure herrietan zuzenean eragiten du. Euskara gure herrietan normalizatua izateko oztopo amaiezinak topatzen ditugu:
- Indarrean dauden politiken ondorioz, gure herrietako haur eta gazte guztiei euskararen ezagutza ez zaie ziurtatzen. Egoerak oso ezberdinak izan arren, leku guztietan euskara berreskuratzeko traba nabaria dela ondorioztatzen dugu. Euskalduntzen ez duten ereduak gure herrietan indarrean egotean, ezinezkoa da euskararen normalizazioa lortzea.
-Herri askotan, euskaraz ikastea bera ere arazo nabarmena da. Gure hainbat herritan, esate baterako, euskarazko irakaskuntza ez da legala. Beste leku batzutan aldiz, euskaraz matrikulatzeko leku falta izugarria da. Sarritan baliabide gutxi daude, irakasle falta handia dagoelarik. Bestalde, egoera hauen ondorioz, jende askok beste herri batzuetara eraman behar ditu bere haurrak, horrek suposatzen dituen kalte guztiekin.
Beraz, argi dugu egun euskalduntzea bermatzen ez duten politiken aldaketa eta gaindipena ezinbestekoa zaigula. Belaunaldi berri guztien euskalduntasuna lortzea izan behar baita helburua. Hau dela eta, garrantzitsua deritzogu herritarren aktibazioa eta presio soziala sortzea aldaketak bultzatzeko. Euskarak ezin baitu itxaron.
Herrietako lanaren bilduma
Esan bezala, gure konpromiso osoa erakutsi nahi izan diogu kanpainari eta horrexegatik aritu gara buru belarri sinadurak biltzen, herritarrengan kontzientzia sortzen eta azken batean, herri eskaera handi bat gorpuzten. Gaur datu guztiak ezingo ditugu eman, baina herriz herri egin den lanaren bilduma prestatu dugu. Izan ere, guretzat, herri lanean oinarrituriko dinamikak ezinbestekoak dira aldaketa bultzatzeko eta erantzukizuna duten horiei behar den presio zabala eragiteko. Instituzio, alderdi eta eragile guztiek herritarron borondatea eta eskakizuna oso kontuan hartu behar dutela adierazi nahi genuke.
Maiatzak 27: herritarrei eta eragile guztiei deia
Hiru hilabetez, milaka eta milaka sinadura bildu ditugu, eskaera gure kaleetara eraman dugu eta herri eskaera sendoa gorpuztu dugu. Orain, eskaera horrek kalean eta modu indartsuan izan behar du bere agerpena. Horrexegatik, herritar guztiei deialdia zabaldu nahi diegu maiatzaren 27an, arratsaldeko 17:30ean, Donostiako Bulebarretik irtenda, antolatu dugun maniFESTAziora parte hartzera. Euskararen aldeko herri borondatea eta gogoa kalean behar dugulako. Beraz, Euskal Herri osotik, antolaturiko autobusetan izena emanez edo bestela, Donostian Bai Eskolak Euskalduntzeari! lelopean ozen biltzera animatu nahi dugu jendarte osoa.
Ez genuke aukera hau galdu nahi, Euskal Herriko eragile ezberdinei ere deialdia luzatzeko. Jaso dugun herri eskaera horrek guztiak eragile guztien aldetik erantzun positiboa eskatzen du. Hau ez da sektore baten edo bestearen arazoa, hau herri honek, bere indar guztiak aktibatuz gainditu behar duen egoera da. Horregatik, euskararen alde diren eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei manifestazioarekin bat egin dezaten deia luzatu nahi diegu. Guztion konpromisoa areagotzeko garaia delako."
Kategoria: Orokorra | |
Leave a reply
Kategoriak
- Irakurri matte (6)
- Orokorra (28)
- Salaketak (4)
Aurrekoak
- maiatza 2009
- azaroa 2008
- iraila 2008
- uztaila 2008
- ekaina 2008
- uztaila 2006
- ekaina 2006
- maiatza 2006
- martxoa 2006
- otsaila 2006
Blogroll-a
