Azken sarrerak
Oxford vs. Alondegia
uztaila 3rd, 2006 : txinparta
Askok jakingo duzuenez, udalak eraikin guztia berritu nahi du; fatxada bere horretan utziko duen arren, barrua bota eta berria egingo du. Dirudienez, proiektua martxan da, jada, eta Zumaiako proiekturik garrantzitsuenetako bat izan daiteke. Hori dela-eta, garrantzitsua iruditzen zaigu guztion artean erabakitzea zer erabilera eman behar zaion lokal horri. Garbi dago kultura-zentroa izan behar duela, eta, hori, noski erronka handia da, orain egingo duten edo egiten ari diren proiektuak berak zehaztuko baitu, nolabait, Zumaian aurrerantzean izango dugun kultura-jarduera eta horren egokitasuna. Beraz, herriarentzat ikaragarrizko garrantzia duen proiektua dugu esku artean.
Jakin ahal izan dugunez, udalak dirua bideratu du proiektua egiteko. Guk, duela zenbait hilabete, gure proposamena aurkeztu genion, erabilerari buruzkoa, garrantzitsua iruditu baitzitzaigun udalak herritarren iritziak, gogoak, nahiak etab. ezagutzea halako erronka baten aurrean. Ez gara proiektua aurkeztu dugun bakarrak izan, zorionez.
Hementxe duzue, bada, gure proiektua. Ez da proiektu itxia, badagoelako zer hobetu eta, horregatik, zuen iritziak, inpresioak, kritikak, nahiak jaso nahi ditugu, hemendik atera daitekeen guztia udalari helarazteko. Bestalde, herriko taldeak animatu nahi ditugu proiektuak aurkeztera, askok leku horri beste erabileraren bat eman nahiko baitio.
Alondegi Zaharra
Egitasmo-proposamena.
Egilea: Txinparta Euskara Taldea.
Lehen-lehenik, gure egitasmo-proposamen hau erabilerari buruzkoa dela adierazi nahi dugu. Proposamen honetan ez da aurreikusten eraikinaren egitura eta kanpoaldea aldatzea, bere horretan mantendu nahi direla entzun baitugu, eta, ildo horretan, eraikinaren egungo sarrera aprobetxatzen dira. Egiturari dagokionez, ez dakigu barruko zutabeak kentzerik egongo den, eta, horregatik, mantendu egin ditugu, badaezpada, planoetan, baina, garbi dago, orain artean ere izan dela arazorik zutabe horiekin eta egokiena, bera, aldatzea litzateke, hala izanez gero.
Beheko solairua:
Orain arte, erabilera anitz eman izan zaizkio beheko solairuari: erakusketak, hitzaldiak, antzerkiak, kontzertuak, ikastaroak, era askotako emanaldiak eta abar egin dira. Gure proposamena solairu horrek erabilera nagusi bat izatea da; hau da, erakusketa-aretoa izatea. Horrek ez du esan nahi, ordea, bertan beste ekintzarik egin ezin daitekeenik, baina erakusketak etengabeak badira, solairuak, eta, halaber, erakusketek indarra hartuko luketela iruditzen zaigu. Erakusketarekin lotura izan dezakeen edozein emanaldi ere bertan egin ahalko da, eta, horrela, espazioak izaera definitua izango du.
Gure ustez, beraz, erakusketei eman behar zaie lehentasuna. Hori dela-eta, Alondegiaren kanpo-itxura mantendu arren, barrualdea erabat berritzea proposatzen dugu: barrutik gela guztia panelez estali beharko litzateke, eta argiak, bai espazioari, bai espazio horren erabilerari egokitu beharko litzaizkieke (indarra erregulatzeko eta mugitzeko aukera ematen dutenak jarri beharko lirateke, besteak beste). Xehetasun horiek guztiak gai horietaz dakien norbaitek zehaztu beharko lituzke.
Beheko solairuan, bi igogailu egongo lirateke: bat, jendearentzakoa; bestea, berriz, zamarentzakoa. Sarrera, berriz, Amaiako plazatik izango luke. Jendearentzako igogailuak solairu guztietara iritsi behar du. Hala ere, eta hori egoeraren eta beharren arabera egokituko bada ere, igogailuari giltza jartzea planteatzen dugu. Beheko solairu honek eta lehen solairuak espazio irekiak badira ere, azken biek mugatuago behar lukete izan, eta, horregatik, giltza jartzea iruditzen zaigu egokiena, beste aukerarik ezean. Zama-igogailua, aldiz, lehen solairuraino soilik iritsiko zen.
1. solairua:
Lehen solairu honi bestelako erabilera ematea proposatzen dugu, eta balio anitzeko gela bihurtzea.
Ezkerrean (Erriberatik begiratuz gero), taula bat egongo litzateke. Altuerari dagokionez, nahikoa izango litzateke 50 zentimetro ingurukoa izatea. Taula horrek aldapa eta eskailerak izango lituzke alboan, igo eta jaitsi ahal izateko. Taula hor kokatuz gero, taularen aurrean zutabe bat geratzen da. Ez dakigu zutabe horiek guztiak mantendu egin beharko diren, baina, hala izanez gero, gomendagarria litzateke hori mugitzea edo kentzea.
Solairu honetan edozein motatako emanaldiak, ekitaldiak eta abar egingo lirateke, eta, beraz, kasu honetan ere, kontuan izan beharko dira argiak, pertsianak eta halako kontuak. Ildo horretan, taularen gainean ezinbestekoa litzakete euskarri mugikor batzuk jartzea, argia eta beharrezkoa den beste edozer zintzilikatu ahal izateko. Horiek mekanikoki mugitzeko aukera ere izan beharko litzateke, ekitaldi edo emanaldi bakoitzaren araberako argiak eta efektuak lortu ahal izateko.
Erribera aldetik begiratuta, taberna izango genuke, eta jatekoa ere ematea proposatzen dugu. Barraren ondoan, tabernaren sukaldea eta biltegia edukiko genituzke. Ondoan, berriz, biltegi nagusia, eta, jarraian, zama-igogailua. Igogailu hori ekitaldietarako materialak igo eta jaisteko erabiliko litzateke, baita tabernara gauzentzat ere.
Mari kaletik sarrera izango genuke. Sarreraren eskuinaldean (Erriberatik begiratuta), jendearentzako igogailua; sarreraren ezkerraldean, berriz, komunak.
Gure proposamenaren arabera, beraz, solairu hori herriko kultura-ekitaldiak egiteko espazioa izango litzakete. Edozein motatako ekitaldik eskatzen dituen elementuak izan beharko ditu, beraz: taula bat, jendearentzako espazioa (bai zutik, bai eserita egoteko), argi egokiak, edo iluntasuna, behar izanez gero. Horrek guztiak herriko kultura-ekitaldien gune bihurtuko luke solairu hori, eta, guneari dinamikotasun handia emanez gero, gune bizia izango litzakete.
Ekitaldiak, esan bezala, edozelakoak izango lirateke: formatu txikiko antzerkiak (edo formatu handikoak), bideo-emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, etab. Gune bizia izan dadin, eta herritarrek hala hauteman dezaten, taberna izango genuke bertan, aurrerago aipatu dugunez. Taberna izanik, lekua irekita egongo litzateke beti eta, solairu horren espazioa aprobetxatuz, jaten ere eman ahal izango litzateke. Horrek irabaziak eragingo lituzke; etekin horiek, batetik, taberna mantentzeko erabiliko lirateke eta, bestetik, bertan antolatuko diren ekitaldietarako. Horrela askoz errazagoa izango litzateke ekitaldiak etengabe antolatzea.
2. solairua:
Bigarren solairu hori gelaka banatuko litzateke, eta herriko taldeek erabiliko lituzkete gela horiek. Solairuak, beraz, taldeentzako gelak, bilera gela nagusi bat (herritarrek era guztietako bilerak egiteko izango litzateke, eta, beraz, gela hori nola kudeatu erabaki beharko da), herrian egingo diren ikastaroentzako gela handi bat, hosgabetua, eta komunak. Solairu horretara igo ahal izateko, bi aukera izango genituzke: igogailua (proposatu dugun giltza-sistema duela) edo atzealdeko eskailerak. Horrela eginez gero, gela horiek ez lukete ordutegi mugatua izango, eta ez genuke Foronda Kultur Etxearen arazorik izango.
3. solairua:
Hirugarren solairuan, plastika-tailerra izango genuke, eta halako gela batek eskatzen dituen elementu guztiak izan beharko lituzke; adibidez, beharrezkoa da gela hori argitsua izatea eta, horretarako, argizuloak jar daitezke, argi asko eta naturala izateko. Horretaz gain, solairu horretan herriko taldeek erabiltzeko hiru gela, komunak eta biltegi txiki bat izango genituzke. Solairu honetara igo ahal izateko, bi modu izango genituzke: igogailua (giltza-sistemarekin), eta barren aldetik egindako eskailerak.
Kontuan izan beharko da ea altuera egokia ote duen solairu horrek.
Kategoria: Orokorra | |
Leave a reply
Kategoriak
- Irakurri matte (6)
- Orokorra (28)
- Salaketak (4)
Aurrekoak
- maiatza 2009
- azaroa 2008
- iraila 2008
- uztaila 2008
- ekaina 2008
- uztaila 2006
- ekaina 2006
- maiatza 2006
- martxoa 2006
- otsaila 2006
Blogroll-a

