Satelite bidezko argazkiek Internet bidez bidaiatzeko aukera ematen dute.

Internet mundua ezagutzeko erabiltzen dela gauza jakina da. Oso ohikoa da gaur egun bidaiak Internet bidez antolatzea, edo bidaia bati ekin aurretik gutxienez Interneten informazioa bilatzea. Baina, horrez gainera, badago Internet bidez munduan zehar bidaiatzeko aukera ere, satelite bidez bidaiatu, gainera. Hainbat web gune eta tresna daude Interneten satelite bidez hartutako irudiak baliatzen dituztenak. Horiei esker, munduko edozein toki bisitatu daiteke, eta uste baino gertuagoko ikuspegia jaso, baina baita bidaia birtualak antolatu ere; eta ez bakarrik zerutik ikusita, hiru dimentsioko irudiekin baizik.

Google nagusi
Internetek eskaintzen duen aukera iraultzaile bati buruz aritzean, beti egiten da topo Google-rekin. Satelite bidezko irudiekin zerbitzu ugari eskaintzen ditu Google-k, eta hura da nagusi Interneteko alor honetan ere. Ezagunena Google Maps izeneko zerbitzua da. Zerbitzu horren bidez, satelite bidez hartutako mundu osoko irudiak ikus ditzakegu, oso gertutasun handiarekin. Euskal Herriko irudiak ere duela aste gutxi berritu dituzte, eta orain bereizmen handiz ikus daiteke Euskal Herria, kale eta etxeak zehaztasun handiz nabarmenduta. Baina, horretaz gain, Google Maps erabiliz autoz egin beharreko bidaiak antolatzeko aukera dago, denborak eta ibilbideak kalkulatuz, eta argazkiak mapekin konbinatu daitezke.

Hori guztia gutxi dela, Google Earth tresna ere badago. Baliabide hori Windows, Linux zein Macintosh-erako jaits daiteke, eta oinarrizko bertsioa doakoa da. Google Earth erabiliz, munduan zehar nabigatu daiteke, hegan ariko bagina bezala, bidaia birtualak eginez. Gainera, toki garrantzitsuen inguruko informazioa osatzen du, Interneten dauden beste web gune batzuetako informazioarekin lotura eginez. Arrakasta handia ari da izaten Google Earth zerbitzua, horregatik eta hiru dimentsioko simulazioengatik. Horiek erabiliz, hiru dimentsiotan simulatu dira munduko eraikin nagusiak, eta bidaia birtualari bestelako ikuspegi bat emateko aukera eskaini. Google-k Interneten jarritako informazio geografiko horren guztiaren inguruan enpresa asko hasi dira zerbitzuak ematen, eta web gune interesgarri asko aurki daitezke Interneten informazio geografiko horri modu desberdinetan etekina ateratzen diotenak. Baita gune deigarriak ere, esaterako, Google-k berak Ilargiaren eta Marteren mapekin sortutako Google Moon eta Google Mars.

Euskal Herrian nabigatu
Google-k mundu osoan eta Euskal Herrian birtualki nabigatzeko aukera eskaintzen badu ere, badaude beste aukera batzuk Interneten. Kataluniako GeoVirtual enpresak hiru dimentsioko hegaldi birtualak egiteko aukera eskaintzen du bere softwareari esker, eta hegaldi ikusgarriak dira. Horretarako, doako tresna bat eskaintzen du bere web gunean, eta, hori erabiliz, haiek prestatutako hegaldi birtualetan libre bidaiatzeko aukera ematen diote erabiltzaileari. Tresna hori hainbat hizkuntzatan dago, baita euskaraz ere, eta, besteak beste, Euskal Herrian zehar nabigatzeko aukera ematen duen hegaldi bat ere badago haien web gunean, ikuspegi ikusgarriak eskaintzen dituena.

Beste aukera batzuk
Esan bezala, Google da nagusi Interneten satelite bidezko argazkien merkatuan. Baina Microsoft-ek ere berehala ikusi du merkatu-aukera interesgarri bat dagoela alor horretan, eta hainbat enpresa erosi ditu bere tokia egiteko asmoz. Asmo horrekin, Live Search izeneko web gunea jarri du abian, mundu guztiko argazki eta informazioz hornitua. Web gune horrek Google-ren aldean duen abantaila da ez dagoela Google Earth bezalako tresna bat erabili beharrik hiru dimentsioko informazioa ikusteko, web gunean zuzenean egin daitekeelako. Baina arrakasta txikia ari da izaten, eta informazioa ez dago Google-ren kasuan bezain osatua. Satelite bidezko argazkiak, gainera, oso zehatzak dira Estatu Batuetan, baina handik kanpo bereizmena galtzen dute. Euskal Herriaren kasuan, behintzat, ez dute eskaintzen Google-k adinako bereizmena.

Baina, sateliteez ari bagara, ezin ahaztu NASA. Egia esan, agentzia horren irudiak erabiltzen dituzte zerbitzu gehienek, baina Estatu Batuetako agentzia horrek ere badu bere zerbitzu propioa: NASA World Wind izeneko kode irekiko plataforma du Interneten. Tresna hori oso interesgarria da, ematen duen informazioa beste kasuetan baino osatuagoa delako hainbat alderditan. Hainbat satelitetako informazioarekin hornitua dago; besteak beste TERRA-MODIS ingurumen-satelitearen irudiak ere ematen ditu, eta, horrekin, lurrazalaren tenperaturari, suteen eboluzioari, poluzio atmosferikoari, ekaitzei eta abarri buruzko informazioa eskaintzen dute egunero. Hori gutxi dela, beste planeta batzuetako informazioa ere ikusgai dago, ilargiarena eta Marterena, Google-ren kasuan bezala, baina baita Venusena, Jupiterrena, eta gertuko beste hainbat konstelaziorena ere.

Ezin ahaztu, gainera, NASAren tresna hau kode irekikoa dela, eta horrek hobetzeko eta zabaltzeko aukera gehiago ematen dituela.
Esan bezala, bidaiatzeko ez dago Internet baino tresna hoberik gaur egun, baita beste planeta batzuetara bidaiatu nahi izanez gero ere.

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 58 access attempts in the last 7 days.