Disko gogor aurreratuak eta Siemens etxearen Gigaset gailua oso aukera interesgarriak dira.

Etxeko multimediaren inguruko azken artikulua merkatuan azaltzen ari
diren gailu berriei eskainiko diegu. Ohiko DVDaz eta aurreko artikuluan
aipatutako ordenagailu txikiez gain, disko gogor aurreratuak eta
Siemens etxearen Gigaset gailua oso aukera interesgarriak dira.
Informazioa gorde eta erreproduzitzeko eta LTD ikusteko balio dute,
besteak beste, gailu hauek.

DISKO GOGOR AURRERATUAK.

Azkenaldian disko gogor mugikorrak
asko zabaldu dira, USB bidez konektatzen dira normalean eta beraien
edukiera etengabe ari da handitzen. Gaur egun normala da 320 GB-tik
gorako edukiera duten diskoak prezio onean topatzea. Orain disko
gogorrak beste eboluzio bat izaten ari direla esan daiteke, irudiak
ikusteko eta audioa eta bideoa erreproduzitzeko gaitasunak txertatu
dizkiete eta telebistara ere konekta daitezke. Ordenagailuari konektatu
gabe funtzionatu dezakete eta horrek egongelan jartzeko aukera ematen
du.

Woxter i-Cube X-Div

Woxter etxeak disko gogorrak egiten esperientzia zabala du,
dudarik gabe, eta orain i-Cube X-Div saileko multimedia
erreproduzitzaileekin etxeetako egongeletan izatea lortu nahi du. Sail
horretan bost gailu ditu merkatuan gaur egunean, eta bideo formatu
ezagunenak (MPEG 4/2/1, AVI, e.a.), JPG formatuko irudiak, MP3 eta AC3
formatuko audio fitxategiak erreproduzitzen dituzte. Horrez gain,
modelo batzuek memoria txartelak (CF I/II, MMC, SD, MS, XD) irakurtzeko
gailua dute, VGA, S-Video, AV, irteera digital optiko eta ardazkidea
eta USB 2.0 konexioak dituzte, hau da, ordenagailura eta telebistara
konektatzeko ez daukate inolako arazorik. Eta, sofatik mugitu gabe
egoteko, urruneko agintea ere badute gailu hauek.

Iomega Screenplay pro

Iomega etxea ere oso ezaguna da disko gogor garatzaileen
munduan. Horrek ere ez du atzera geratu izan nahi multimedia
erreproduzitzaileen merkatuan. Oraingoz modelo bakarra du, baina
Woxter-en gailuek adinako ezaugarriak ditu. Gainera, audioari
dagokionez, formaturen bat gehiago erreproduzitzen du. Telebistara eta
ordenagailura konektatzeko ere konexio estandar guztiak dakartza.

Siemens Gigaset M750

Gailu honek ez du aurrekoekin zerikusirik. LTD seinalearentzako
bi sintonizadore ditu. Horrela, aurreko gailuek ez bezala, telebista
ikusteko balio dezake. Edukia gordetzeko, ez dakar disko gogorrik.
Horren ordez, bi USB konexio ditu. Horrela, disko gogor eramangarria
konekta daiteke grabazioak egin ahal izateko. Eta, horrez gain, sareko
konexioa ere badakar. Horrek beste ordenagailuekin konektatzeko aukera
eta bertako edukiak erreproduzitzeko aukera ematen dio. Ordenagailu
txiki bat dela esan daiteke.

Gigaset M750 gailuak dituen funtzionalitateak zabalak dira.
Esate baterako, dituen bi sintonizadoreak erabiliz bi kate ikus
daitezke aldi berean. Lehen esan bezala, disko gogorra konektatzeko
aukera dago eta, hori eginda, gailu honen aukerak asko zabaltzen dira:
zuzenean ari den saio bat geratu eta ondoren ikus daiteke, saio bat
grabatzen ari dela grabatutako beste bat ikus daiteke, e.a. LTD
sistemak kate bakoitzeko programazioak ikusteko aukera ematen du, hori
edukita gailu honekin programazioko edozein saio jar daiteke grabatzen.
Funtzionalitate hauek eta askoz gehiago ditu gailu honek. Gainera,
disko gogorrean bestelako edukiak izanez gero ere, erreproduzitzeko
arazorik ez du.

Gailu honek funtzionatzeko erabiltzen duen softwarea kode
irekikoa da. Horretaz baliatuz, gailu honen inguruan komunitate bat
etengabe ari da lanean funtzionalitate berriak garatzen; esate
baterako, telebistatik e-posta irakurri ahal izatea (sareko konexioa
behar da). Horrez gain, interfazearen itxura aldatzeko aukera,
hizkuntza berriak sartzeko aukera (katalana badago, esaterako) eta
beste hainbat software dago eskura. Siemens gailu hauek hemen Carrefour
etxeak bakarrik banatzen ditu. Beraz, horrelako bat eskuratzeko,
bertara joan beharra dago.

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 48 access attempts in the last 7 days.