Euskaraz bideo joko gutxi dago merkatuan, baina aste berean bi joko argitaratu dituzte euskaraz, eta biak doan, gainera.
Glest da joko horietako bat. Glest denbora errealeko 3Dko estrategia joko bat da; Galiziako joko diseinatzaile talde batek garatutako kode irekiko jokoa da, eta 3arrano elkarteak euskaratu du. Joko horretan, ordenagailuak kudeatzen dituen beste hiru talderen aurka joka dezake erabiltzaileak. Herrixkak eraikitzea, babesteko edo lehengaiak biltzeko unitateak sortzea eta aurkariei erasotzea da jokoaren funtsa. Horretarako, bi talderen artean aukeratu beharko da: teknologikoak eta magikoak. Bi taldeek alde onak eta txarrak dituzte: alde onak erabiliz lortu behar da garaipena. Glesten webgunea www.glest.org helbidean dago; euskarazko bertsioa, berriz, http://www.3arrano.com/jokoak/glest.php helbidean.
Beste jokoa Hattrick da, gaur egun hain modan dauden on line jokoetako bat da. Hattrick erabiltzaile gehien dituen futbol manager simulatzailea da. Joko hori, jatorriz Suediakoa da, eta urteetan munduan zabalduz joan da, gaur egun dituen ia milioi bat erabiltzailetara iritsi arte. Jokoaren euskal erabiltzaileek egin dute itzulpena, eta webgunean jartzen duenez, inoiz egin den itzulpenik azkarrena izan da. Hattrickeko hizkuntzen artean, berrogeigarrena da euskara.
Archive for martxoa, 2007
Erabiltzaile gehienei gertatzen zaie lehenago edo beranduago: lan handia eman dion dokumentu bat bat-batean galtzea, edo, okerragoa izan daitekeena, ordenagailua guztiz hondatu dela jakin eta han zegoen informazio guztia galtzea. Guztiok dakigu informazioaren segurtasun-kopiak izatea ezinbestekoa dela hori ez gertatzeko. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Oso jende gutxi arduratzen da informazioaren babeskopia egiteaz, edo, egiten badu ere, oso noizean behin egiten du; eta, beraz, gordetako segurtasun-kopia zaharkituta egoten da. Baina oinarrizko neurri batzuk hartuz gero, badago segurtasun-kopiak erraz antolatzeko modu bat, lan handirik egin gabe.
(more…)
Duela urte batzuk, atariek izan zuten arrakasta; egun, atari pertsonalizatuak dira nagusi.
Badira urte batzuk eduki orokorrak dituzten atariek web arakatzailea
lehenengo orria izateari utzi diotela; gaur egun, ia-ia guztiek
bilatzaileren bat dute hasierako orri modura. Atari orokor horien
gainbehera nabaria izan zen: erabiltzaileak informazioa behar duenean
nahiago du bilatzaile bidez aurkitu, eta ez atari horiek erabili.
Orain, ordea, bilatzaileak dira, besteak beste, lehenengo orri
hori aldatzeko beste saio bat egiten ari direnak; horretarako,
erabiltzaileari orria pertsonalizatzeko aukera ematen diote.
Erabiltzaileak intereseko albiste iturriez, eguraldiaren informazioaz
eta beretzat beharrezkoak diren beste hainbat aplikazioz horni dezake
lehen orria; horrela, atariek eskaintzen zuten informazio orokorraren
ordez, norberaren intereseko informazioa soilik dago orri
pertsonalizatu horietan.
Azkenaldian ateratzen ari diren aplikazioekin arrunta da mundua
zerutik ikustea; horietako asko Googlek, Yahook eta Microsoftek
eskaintzen duten APIetan oinarritzen dira. Bada mundua gauez nolakoa
den ikusteko aukera ematen duen aplikazioak ere sarean: NightEarth.com
izena du horietako batek eta Googleen APIa hartzen du oinarritzat.
Bertan, hirien inguruan sortzen den argiztapena erraz nabari daiteke,
eta errepide nagusien ingurukoa ere. Mapen definizioa oso ona ez den
arren, gauean ematen den argiztapena nabaritzeko nahikoa da.
Irudiak NASAk hartu ditu DSMP programaren bidez, eta gero, Google Mapseko irudiekin bateratu dira emaitza hori lortzeko.
Azken datuek diotenez, Wii kontsola PlayStation 3aren bikoitza baino
gehiago saltzen ari da AEBetan: Wiiak 335.000 ale saldu ditu, eta PS3ak
127.000 ale, hain zuzen ere. Bitxia da Sonyren kasua, PS2a oraindik oso
ongi saltzen ari baita, 297.000 ale denbora berean. Wiiren eta PS3ren
aurkaria Microsoften XBox da, eta urtebete lehenago merkaturatu zen,
eta bien artean dago salmentei dagokienez: 228.000 ale saldu ditu.
Japonian ere Nintendoren harribitxi berria emaitza hobeak lortzen ari
da Sonyren bideokontsola baino. Agian, gakoa salmenta prezioan egon
daiteke: Wiia 250 dolarretan saltzen da, eta PS3a 600 dolarretan. (more…)
Internet bidez ordaintzean norbaitek kreditu-txartelaren zenbakia harrapatu eta horren kontura gastuak egiteak beldur handia sortzen du. Horrek asko mugatzen ditu erabiltzaileak Interneten erosteko garaian, nahiz eta gaur egun oso modu seguruak dauden Internet bidez egindako erosketak ordaintzeko, kreditu-txartelaren zenbakia ondo gordeta izateko aukera eskaintzen dutenak, gainera.
Windows eta Macintosh sistemetarako tresna interesgarria da Yahoo Widget Engine izenekoa. Sisteman instalatzen den gailu txiki horrek era guztietako tresna, baliabide, joko eta gailuak gehitzeko aukera ematen du, lanerako eta aisialdirako baliagarriak diren gehigarri ugarirekin. Yahook berak garatutako widget-ak edo erabiltzaileek sortutakoak gehitu daitezke, norberaren sistemaren neurri eta gustuen arabera egokituz. Helbide honetan jaits daiteke motorra: http://widgets.yahoo.com/ eta baita, ondoren, sistema pertsonalizatzeko aukera ematen duten widget-ak ere. Une honetan, 4.000 baino gehiago daude; non aukeratu badago, beraz.
Internet bidezko mezularitza oso modan dagoen kontua da, gazteen artean bereziki. IRC (Internet Relay Content) izenez ezagutzen diren sistema horiek aldi bereko solasaldia eskaintzen dute, hau da, txat moduan aritzeko bat-bateko mezularitza-sistemak dira. Baina hemen ere aukera ugari daude mezularitza egiteko -Yahoo, MSN, GoogleTalk,…- eta bakoitzak bere aplikazio eta protokoloak dituenez, arazoak sortzen dira.
Hori konpontzeko helburua du Meebo web guneak. Web gune horretatik, mezularitza-sistema horietara guztietara konekta daiteke, eta, gainera, ez dago ordenagailuan aplikazio guztiak instalatu beharrik. Horren bidez, munduko edozein tokitan eta edozein ordenagailutatik norberaren mezularitzako kontuetara konekta daiteke; hala, kontaktuko datu guztiak berreskura daitezke, eta ohiko solasaldiak arazorik gabe egin daitezke.
Produktu bat erosi aurretik, prezioak konparatzen dituzten webguneak bisita daitezke.
Aurreko astean Internet bidez erosketak nola egin azaldu zen; gaiari
jarraituz, gaur, erosketak egin aurretik produktu horri buruz
informazio gehiago nola lortu azalduko da. Edozein motatako produktuei
buruzko informazioa aurki daiteke webgune horietan; ohikoenak produktu
elektronikoak dira, baina beste hainbat motatako produktuei buruzko
iritziak ere aurki daitezke: elikagaiak, liburuak, diskoak, filmak eta
abar. Ongi informatutakoan, erosketa Internet bidez edo denda fisikotan
egin daiteke.
Dell ordenagailu fabrikatzailearen nagusi Michael Dell enpresara itzuli
zenetik eta hilabete batzuk soilik pasa direnetik, lehenengo aldaketak
egiten hasi da: Linux instalatuta izango duten ordenagailuak
merkaturatuko dituzte.
Otsailaren erdi aldean Dell etxeak webgune bat
jarri zuen erabiltzaileen iritziak biltzeko, eta eskaintzen duten
zerbitzuan zer hobetuko luketen jakiteko. Erantzuna garbia izan zen:
Linux instalatuta duten ordenagailuak nahi zituzen. Dell berehala jarri
da hori lortzeko lan egiten, ordenagailutan Linux ongi dabilela
ziurtatzeko Dell Novell-ekin eta beste banatzaile batzuekin ari da
lanean. Erabiltzaileek egindako bigarren eskaera OpenOffice instalatzea
zen. Beraz, garbi ikusten da erabiltzaileek kode irekiaren aldeko
apustua egiteko eskatu diotela Delli.


Entries (RSS)