Sare sozialak oso ohikoak bihurtzen ari dira internauten artean,
jende asko da horietako bateko partaide. Nahiz eta terminoa berria
izan, erabiltzaile multzo bat biltzearen kontzeptua edo lagun-multzo
batek beren afizioak, kezkak, etabar… Interneten helburu baten
inguruan pertsonak biltzea ez da oraingoa, komunitate birtualak
aspaldikoak dira. Hain zuzen, komunitate birtualak sare sozialen
aurrekari gisa har daitezke.
Sare sozialek erabiltzaileei beren edukiak argitaratzeko
erraztasunak ematen dizkiete, irudiak, eduki multimedia edo blogak
kudeatu daitezke esate baterako. Horrela musika talde batek adibidez
bere abestiak igo ditzake, taldearen inguruko berriak eta gora beherak
aipatu blogean eta bideoklipak erakutsi. Horrez gain, beren zaleekin
edo beste talde batzuekin kontaktu zuzena eduki dezakete sare sozial
batean. Baita ere ohikoa da sare sozialen artean erabiltzaileak
baloratzea; horretarako, erabiltze horrek dituen lagun kopurua
hartzen da kontutan, besteak beste.
Helburu desberdina duten sareak aurki daitezke, batzuk aisiarako
lagunak bilatzea dute helburu nagusi, baina badira lan munduarekin
erlazio handiagoa duten sare sozialak. Horietako bat Xing da , hain
zuzen ere, eta bere helburua da mundu guztiko profesionalak elkartzeko
gunea sortzea; kontaktu profesionalen zerrenda batetik haratago doa
Xing. Bertan mota guztietako profesionalak topatu daitezke, norbere
kezka berdinak dituen jendea topatu daiteke eta kezka edo arazo horiei
soluzio bat ematen saiatzen dira guztien artean. Horrez gain,
negozio-aukerak eta lan-aukerak ere aurki daitezke bertan, besteak
beste. Profesionalentzako benetako lan-tresna izan daiteke Xing sare
soziala.
Last.fm
Musikaren inguruan sortu den sare sozial garrantzitsuenetakoa
da. Last.fm sarean, erabiltzaileek beren gustuko musika entzuten dute,
eta, horretarako, norbere aukeraketa pertsonala egiten da. Behin
aukeraketa batzuk egin ondoren, sistema erabiltzailearen gustuak ikasiz
joaten da; pixkanaka, gustu horien araberako beste abesti batzuk
proposatzen dizkio. Gainera, antzeko musika entzuten duten
erabiltzaileak azaltzen ditu eta, horrela, musika gustuen araberako
sare sozialak sustatzen ditu.
Berriki CBS hedabide taldeak erosi du, 280 milioi dolarren
truke, erosketa honekin CBS-ren helburua publiko gaztearengana gehiago
iristea da, gazteek osatzen baitute Last.fm-ko erabiltzaile-kopuru
handiena.
MySpace
Internet-eko sare sozialik ezagunena da zalantzarik gabe;
2005etik hona, sare sozialek hazkunde handia izan dute, sekulako
erabiltzaile pila dute, eta horren adibide garbiena MySpace da.
Erabiltzaile-izena aukeratu eta erregistratze-prozesua amaitu
ondoren, norbere kontuan azalduko zaizkio bakoitzari bere
erabiltzaile-profila, bloga eta multimedia edukia kudeatzeko tresnak.
MySpace sare sozial bat izaki, erabiltzaileek eta beren arteko
harremanek garrantzi handia dute. Hori dela-eta, norbere kontaktuak
kudeatu daitezke; bertan lagunak gehitu edo kendu daitezke. Lagun
horiekin harreman estuagoa lortzeko, haiek argitaratzen duten blogari
kontu egiteko erraztasunak daude; mezuak bidal daitezke, eta txateatu
daiteke. Gutxi gorabehera 100 milioi erabiltzaile daudenez, MySpace
sarean erabiltzaileak bilatu ahal izateko, hainbat aukera eskaintzen
ditu. Argitaratzen diren edukiak –bloga, irudiak, bideoak eta
abestiak– zein erabiltzailek ikus ditzakeen aukeratu egin daiteke;
horrela, norbere lagunek soilik ikusteko argazkiak igo daitezke esate
baterako.
Musika atalak ere garrantzi handia du; izan ere, aurrez aipatu
bezala, musika talde askok erabiltzen baitute plataforma hau beren lana
ezagutarazteko. MySpace bezalako plataformekin, ez daukate hutsetik
hasi beharrik webgune bat garatzeko; tresnak MySpace-ek berak jartzen
ditu, eta erabiltzaileak edukietaz bakarrik arduratzen dira.
Etorkizuna
Sare sozialak arrakasta eta onarpen erabatekoak izaten ari dira,
elkarrekintza soziala aurrera eramateko era bat dira, zeinetan
partaideen arteko harremana dinamikoa baita, uneoro aldatuz doana.
Behar eta arazo berdinak dituzten multzoak elkartzen dituzten sistema
irekiak dira, etengabe eraikitzen ari direnak eta beren baliabideak
hobeto ustiatzeko antolatzen dihardutenak. Sare sozialetan aniztasuna
eta komunitate izpiritua sustatzen dira; hori dela-eta, sare sozialen
etorkizuna biderkatzailea izango da, zalantzarik gabe.
Entries (RSS)