Nahiz eta udara joan den, inoiz ez da
garai txarra bidaia bat egiteko hara edo hona; arropak aukeratu, autoa
ere bai eta bidaia hasteko prest. Autoan sartu orduko, ordea, lehenengo
zalantza: orain dela urte batzuk bazen errepide bat ibilbidea asko laburtzen
zuena, nola egongo ote da? Eta saihesbideren bat egin badute hiri korapilatsu
hura saihesteko asmoz?

Ibilbidea prestatzea ezinbestekoa da
bidaia bat egin aurretik. Nork ez ditu ezagutzen uztai-koaderno formatuko
errepide mapak? Nor ez da ibili mapa horietako bat eskuetan hartu eta
bide egokiena aukeratu ezinean? Nahiz eta gaur egun ere errepide mapa
horiek maiz erabiltzen diren, sarean ibilbidea prestatzeko dauden guneek
elkarrekintza handiagoa eskaintzen dute bidaiariaren eta errepide maparen
artean.

Via Michelin
2000. urtearen amaieran sortu zuen Michelin
enpresak, eta gaur egun ibilbideak prestatzeko gehien erabiltzen den
tresna da. Hasieratik eduki izan du etengabe berritzeko grina, sorreratik
pixkanaka joan da zerbitzu eta funtzionaltasun gehiago eskaintzen eta
gaur egun ere horrela jarraitzen du.

Webgunean sartuz gero, bi atal nagusi
bereiz daitezke; herri bat edo helbide bat mapan bilatzeko aukera ematen
duena da bat, eta bestea, berriz, jarritako abiapuntu eta helburuaren
arteko ibilbidea sortzen duen atala. Hemen, bigarren aukeraren erabilera
azalduko dugu. Bertan emaitza gisa ematen den informazioa oso mamitsua
da. Alde batetik, ibilbidearen informazio orokorra ematen du: distantzia,
behar den denbora eta ibilbidearen kostua (bidesariak eta erregaiaren
gutxi gorabeherakoa banatua).

Horrekin batera, ibilbidea azaltzen den
mapa txiki bat erakusten da eskuinetara. Mapa hori - bertan klik eginez-
handitu egin daiteke, eta zoom bidez hurbildu edo urrundu, zalantzaren
bat izanez gero. Ibilbideak erakusteko orduan, malgua da; berak ibilbide
bat gomendatzen du, baina gero erabiltzaileak beste hainbat ibilbide
ditu aukeran: azkarrena, laburrena eta merkeena, esate baterako.

Informazio orokorraren azpian ibilbidearen
xehetasunak erakusten dira. Bertan bidegurutzeak, errepide aldaketak
eta ibilbideko beste puntu garrantzitsuak azaltzen dira, eta bakoitzean
zein norabide hartu behar den azal-tzen du. Puntu horien azalpenean
ere mapa txiki bat dago erakus-gai.

Guia Campsa
Via Michelin aurkari nagusia baino geroago
hasi zen Guia Campsa sareko zerbitzu hau eskaintzen. Eskaintzen dituen
mapak oso argiak dira. Ibilbidea aurrekoaren antzera ematen du, gutxi
gorabehera. Baina, hala ere, aukera batzuen falta sumatzen da; ibilbidearen
ezaugarriaren araberako bistaratzea ez du ematen, esaterako. Nahiz eta
hain garrantzitsua ez iruditu une batzuetan, aukera hori oso baliagarria
da.

Google Maps
Nola ez, Interneteko erraldoiak hemen
ere bere presentzia behar zuen. Mapan bilatzeko aukeraren ondoan, ibilbidea
bistaratzeko aukera du. Beti bezain diseinu sinplea eta argia erabiltzen
du hemen ere. Zerbitzu hori eskaintzen azkena izan den arren, pauso
handiak ematen ari da, sarean duen indarraz baliatuz. Gainera, informazioa
euskaraz eskaintzen duen bakarra bera da.

Zerbitzu osagarriak

Webgune hauek, ibilbideak eskaintzeaz
gain, bidaia egiteko baliagarria izan daitekeen informazio osagarri
asko eskaintzen dute. Gehienbat aisia eta turismora zuzendutako informazioa
da, hau da, hotelak, jatetxeak eta museoen kokapena aurki daiteke, esate
baterako. Kale izendegiak ere eskaintzen dituzte, hiri bar-nean helbide
jakin bat kokatu ahal izateko. Horrez gain, Via Michelinek ibilbidea
bere GPS gailuetan gordetzeko aukera ere ematen du.

Paperezko errepide maparekin alderatuz,
erabiltzailearekiko elkarrekintza handia eskaintzen dute tresna horiek.
Horrekin eta eskaintzen dituzten funtzionaltasun guztiak kontuan hartuz,
hurrengo bidaia egin aurretik webgune hauetako bat bisitatzea oso gomendagarria
da.

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 61 access attempts in the last 7 days.