Informatika ez da mugatzen norberaren ordenagailuan lan egitera. Gero eta ohikoagoa da dokumentuak toki batetik bestera mugitzea, eta hemen hasitako lana beste nonbait amaitzea. Web 2.0 famatuaren iraultzak asko lagundu du egoera horretan; bereziki Google Docs-i eta haren antzeko Internet bidezko aplikazioei esker, errazagoa da zerbitzari batean gordetako dokumentuetan lan egin ahal izatea edozein tokitatik. Baina Interneten esku egon nahi ez duenarentzat badago beste aukera bat ere: ordenagailua patrikan eramatea.

Azken urteotan zabalkunde izugarria izan dute pendrive moduko memoriek, eta, lehen tamaina txikikoak ziren arren, euro gutxigatik eros daitezke gaur egun bat, bi edo lau gigako memoriak edozein dendatan. Normalean, dokumentuak, musika, argazkiak eta antzekoak gordetzeko erabiltzen dira, baina oso erraz erabil daitezke ordenagailu eramangarri txiki moduan, informazioaz gain lanerako beharrezkoak diren aplikazio guztiak instalatuta.

Aplikazio eramangarriak

PortableApps web gunea 2005. urtean sortu zen, USB giltza txiki batean instalatu daitezkeen aplikazioak bildu nahian. Gisa horretan garatu ziren aplikazioetan lehenengoetakoa Firefox Portable izan zen, nabigatzaile ezaguna edozein pendrivetan instalatzeko aukera ematen duena. Horren jarraian, aplikazio ugari sortu dira, eta guztiak daude PortableApps web gunean bilduta. Handik, aplikazioak deskargatu eta pendrive batean instalatu daitezke, beste edozein ordenagailutan erabili ahal izateko.

Erabilera-modu askotako aplikazioak daude web gune honetan: Internet, ofimatika, jokoak, bideoa, musika, irudien tratamendukoak, eta abar. Pendrive batean instalatuz gero, edozein ordenagailutan egin daiteke lan aplikazio horiekin, ordenagailuan ezer instalatu beharrik gabe.

PortableApps-ek, ordea, beste aukera bat ere eskaintzen du: USB giltzan instalatzeko menu bat eskaintzen du doan. USB giltza ordenagailu batean konektatzean aktibatzen da menu hori, eta Windowseko sistema-barran agertzen da; hala, USBan dauden aplikazio eta dokumentuak erraz kudeatzeko aukera ematen du. Aplikazio hori hutsik eskaintzen du, eta erabiltzailearen esku uzten du zer programa instalatu nahi dituen aukeratzea, edo, nahi izanez gero, pakete moduan ere eskaintzen du, gehien erabiltzen diren programak barneratuta. Hori guztia doan, programa gehienak software librekoak baitira. Oso erabilgarria da ordenagailu batean baino gehiagotan lan egin behar denerako.

U3: giltza aurrez prestatuak

USB giltzen fabrikatzaileak ere ohartu dira, nonbait, erabiltzaileek behar dituzten mugikortasun-aukerez, eta, horregatik, U3 izeneko elkartea sortu zuten duela urte gutxi. Elkarte horrek Flash USB giltza adimendunak garatzea du helburu, eta pendrive horiek aukera ematen diete erabiltzaileei edozein PCtan modu independentean lan egiteko, lehen ikusitako PortableApps-ek egiten duen moduan. Desberdintasun nagusia da kasu honetan U3 formatuarekin merkaturatu diren USB giltzak aurrez prestatuta datozela behar den software guztiarekin, erabiltzaileari lana errazteko. Gainera, helburu komertziala izanik, erabilgarri dagoen software-zerrenda oso handia da, eta egunetik egunera handitzen doa.

Sistema eragilea patrikan

Ez dira, ordea, aplikazioak patrikan eraman daitezkeen bakarrak. Sistema eragile osoa ere eramangarria da, bereziki Linuxekin lan eginez gero. Kasu horretan, nahikoa da ordenagailua USB memoria erabiliz abiaraztea, eta, hala, PCan dagoen sistema kargatu beharrean, USB memorian dagoena kargatuko da, erabiltzailearen informazio guztiarekin.

Linuxen kasuan badira hainbat bertsio txiki, USB memoria batean lan egin dezaketenak. Bat aipatzeagatik, Mandriva aipatuko dugu; izan ere, USB diskoetan banatzen duen bertsio bat kaleratu berri du. Mandriva Flash izeneko Linux banaketa hau zuzenean Flash memoria batean banatzen dute, eta Internet bidez eros daiteke 4 Gb-eko flash-memoria eta guzti. Dena den, pendrivetan lan egiten duten Linux bertsioen inguruan gehiago jakiteko, Pendrive Linux.com izeneko web gunea bisitatzea da egokiena. Linuxekin lanean hasteko modu erraz bat izan daiteke, ez baitu behartzen ordenagailuan ezer instalatzera.

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 48 access attempts in the last 7 days.