Etxeko igogailuan hizpide nagusia, harategian bere txandaren zain
dagoen jendearen artean ere bai. Egunean zehar zenbat hitz egiten den
eguraldiari buruz ez dago kalkulatzerik. Ohikoena, iragarpenak
albistegiaren ondoren ikustea izaten da, baina Interneten ere badira
horretarako baliabideak. Gainera, askotan, informazio sakonagoa ematen
dute.

Beraz, opor egun hauetan etxetik irten baino lehen, ez duzu
telebistako edo irratiko albistegien zain egon beharrik. Nahikoa duzu
ordenagailua piztu eta webgune pare bat begiratzearekin. Eguneko
iragarpenak, datozen egunetakoak, itsasoaren egoera, klimaren nondik
norakoak, e.a. Hori eta askoz informazio gehiago aurkitu dezakezu
eguraldiari buruzko webguneetan.
Duela urte batzuk Euskal Herriko Meteorologoen Elkarteak (EHKME)
bazuen webgune bat, baina artikulu hau idazterako orduan ez dabil. Han,
Euskal Herri osoko metereologia informazioa eskaintzen zen. Gaur egun,
mota horretako informazio aberatsena Euskalmet Euskal Meteorologia
Agentziak eskaintzen du. Horrez gain, Iparraldeko informazioa Meteo
France Frantziako meteorologia agentziaren webgunean topatu daiteke eta
EAE eta Nafarroakoa Espainiako Meteorologia Agentzian.
Euskalmet
Erabiltzaile arruntek gehien bilatzen duten informazioa
iragarpena da, eta horixe eskaintzen da webgunearen hasierako orrian.
Horrez gain, ondorengo orduetarako iragarpena eta itsasoaren egoera ere
eskaintzen dira. Ondorengo egunetako iragarpena ikusi nahi duenak ere
badu aukera. Sei egun hartzen dituen taula batean erakusten dira
iragarpen-irudia, tenperaturaren joera eta haizearen norantza eta
indarra.

Iragarpenetan gehiago sakondu daiteke, esate baterako,
eskualdekako informazioa ere eskaintzen du. Kasu honetan eskualdeak
geografikoak dira, eta banaketa ere desberdina da: kostaldea,
Kantauriko mendiak, Ebro arroa, e.a.
Meteorologiari buruz jakintza handirik izan gabe, edonork uler
dezakeen informazioaz gain, beste baliabide ugari ere eskaintzen ditu;
horietako bat mapak dira. Mapetan, batzuetan Euskal Herri oso ageri da
eta beste batzuetan EAE soilik. Besteak beste, tenperatura, hezetasuna
eta haizeari buruzko informazioa topatu daiteke. Itsasoari buruzko
informazioak ere atal berezi bat badu: olatuen iragarpena egiten da;
surflarientzako-eta interesgarria oso.
Meteorologia inguruko oinarrizko ezagutza lortzeko informazioa
eskaintzen dute, hiztegi terminologiko eta guzti. Eta 2001 urtetik
aurrera, urteko klimatologiari buruzko txosten bat ere argitaratzen
dute.
Espainiako Meteorologia Agentzia
Duela gutxi berritu duten webgunean, Euskalmet-ek egiten duen
antzeko banaketa egiten dute. Alde batetik eguraldiari buruzko atala
dago, bertan, hainbat motatako iragarpenak eskaintzen dira. Bestalde,
klimaren inguruko informazioa ematen da, datu klimatologikoak eta
aldaketa klimatologikoari buruzkoak gehienbat. Dibulgaziorako
materialak eskaintzen dituen atala ere badago.

Webgune berriak duen nobedadetako bat, albiste edo berrikuntzen
atala da. Egunerokoarekin lotutako informazioa eskaintzen dute: pasa
den hilabetean egin duen eguraldiaren laburpena, Aste Santurako eta
zubietarako iragarpen berezia, e.a. Beste berrikuntza bat alerta mapa
da; hiru egunetako eguraldi alertak iragartzen dira, kolore bidez
adieraziak.
Meteo France
Frantziako Meteorologia Agentziaren webgunea da osatuena,
aurreko biek eskaintzen dituzten zerbitzuez gain, beste zerbitzu batzuk
eskaintzen ditu. Esate baterako, mendirako eguraldi iragarpen zehatzak
eskaintzen ditu, elur-maila, haizea, e.a. Erregistratzeko aukera ere
ematen du; hori eginez gero, norbere posta elektronikoan jaso dezake
eguneko iragarpena.

Ikusten den bezala, Interneten bada non begiratua eguraldiari
buruzko informazioa eskura izateko. Euskaraz dagoen bakarra Euskalmet
da, jakina; baina besteek ere, beharren arabera, informazio
interesgarria eskain dezakete.
Entries (RSS)