Ordenagailuan ezer instalatu gabe guztia sarean eduki nahi duenarentzat aukera interesgarria da Zoho. On-line dagoen bulegotika suite moduan definitu daiteke, baina hori baino gehiago da. Adituen ustez, hori da alternatiba sendoena Googleren atzaparretatik alde egin nahi dutenentzat. Posta, dokumentuak, kalkulu-orriak, wikia, atazen kudeaketa eta abar. Sarean dabilen erabiltzailearentzat pentsatutako tresna.

Zoho aplikazioaren garatzailea AdventNet enpresa estatubatuarra da. Duela urte batzuk, Interneteko erabileraren eztanda gertatu zenean, enpresa hori hasia zen web bidezko aplikazioen garapenekin. Denboran aurrera joan ahala, gero eta tresna gehiago joan dira eransten. Gaur egun lortu duen aplikazio-sorta osoa izan arte.
Zohok erabilera pertsonala eta enpresa erabilera bereizten ditu. Badira bi erabileretarako dauden aplikazioak; posta edo dokumentuak sortzeko tresna, esaterako. Aldiz, beste aplikazio batzuk enpresei begira edo erabilera komertzialari begira garatutakoak dira.
Zoho Mail
Web bidezko beste posta zerbitzuekin parekatzen bada, ezaugarri berak ditu. Karpetak kudeatu daitezke, berriak sortu, ezabatu eta abar. Postak idazteko tresna-barra hornitua eskaintzen du. Baina ezaugarri horiez gain, berriena Internet konexiorik ez dagoenean erabiltzeko aukera da. Ezaugarri horrekin, saretik deskonektatuta lan egiteko aukera ematen du, eta konektatzean, bidalketak egitekoa.
Zoho Docs
Dokumentuak kudeatzeko tresna da, eta testu-dokumentuak, kalkulu-orriak eta aurkezpenak egin daitezke. Sortutako dokumentu horiek kudeatu ahal izateko, karpeta-sistema bat ere badu. Google Docs tresnaren parekoa dela esan daiteke, ezaugarri bertsuak baitituzte. Dokumentuak pertsona gehiagorekin lankidetzan osatzeko aukera ere ematen du.
Zoho Wiki
Wikiak sortzeko tresna asko daude, eta Zohok badu berea. Edukiak sortzeko interfaze erabilerraza du, eta wikia publikoa edo pribatua egin daiteke. Edozein wiki sistemak bezala, aldaketak kudeatzeko aukera ematen du. Erabiltzaile izenarekin lortutako helbide bat sortzen da wikiarentzat.
Zoho Planner
Erabiltzailearen atazak kudeatzeko tresna da; agenda pertsonala, azken finean. Bertan, eguneko egitekoak kudeatu daitezke, gogorazpenak jarri, atazak partekatu beste erabiltzaileekin eta abar.
Enpresarako tresnak
Hasieran esan bezala, Zoho ez da erabiltzaile partikularrentzako pentsatutako tresna soilik. Enpresentzat pentsatuta dagoen aplikazio multzo polita du. Bertan, bezeroekin izandako harremanak eta haien inguruko informazioa kudeatzeko CRMa aurkitu daiteke. Proiektuak kudeatzeko tresna da, giza-baliabideak antolatzeko, fakturazioa egiteko, datu baseak kudeatzeko eta abar.
Tresna horietako batzuen lizentzia guztiz doakoa da; beste batzuena, aldiz, mugatua da. Esate baterako, proiektuak kudeatzeko tresna doakoa da proiektu batentzat; aldiz, bat baino gehiago kudeatu nahi badira, ordaindu egin behar da.
Ikusten den bezala, tresna-multzo oso aberatsa eskaintzen du Zohok. Guztiak azken belaunaldiko teknologiaz garatuak eta elkarren artean erlazionatuak. Erabiltzaileak behin kontuan sartzea nahikoa du aplikazio guztiak atzitu ahal izateko. Sareko bulegotika eta bestelako tresnen eskaintzan gailurrean dagoela esan daiteke; Google bera ere gainditu egiten du funtzionalitate batzuekin. Sarean dauden tresnak gero eta gehiago erabiltzen diren garai hauetan, Zoho protagonista nagusietakoa izateko prest dago.






Entries (RSS)