Archive for abendua, 2008

2008a ere bere azken egunera iritsi da, eta egun hauetan ohikoa izaten da urtearen laburpena egitea. Zibergelan ere, amaitzear dagoen urteak teknologia berrien munduan zer eman duen azalduko dute aren laburpena egingo da. Ezinezkoa da gertakari guztiak kontuan hartzea; beraz, ale batzuk soilik bilduko dira. Ohikoa da, era berean, laburpen horietan urteko irabazleak eta galtzaileak aipatzea. Hemen irabazleak edo gehien nabarmendu direnak aipatuko dira.

Firefox 3 eta Chrome

Kode irekiko nabigatzaile ezagunenak hirugarren bertsioa kaleratu du aurten. Firefox 3-k hobekuntza nabariak ekarri ditu: helbidea idazteko sistema adimentsua, segurtasuneko hobekuntzak, abiadura eta abar. Pixka- naka bada ere, Internet Explorer-i distantzia laburtzen ari zaio. Gaur egun, Firefox nabigatzailearen erabilera %20 inguruan dago, eta egunez egun handitzen ari da.

Nabigatzaileen inguruan, urteko notizia Googlek kaleratu duen nabigatzailea izan da, dudarik gabe: Chrome izenekoa, hain zuzen ere. Bere funtzionalitateak oraingoz lehiakideenak baino kaskarragoak izan arren, berrikuntza interesgarriak proposatu ditu. Batez ere, nabigatzailearen sinpletasuna eta abiadura nabarmentzen dira. Funtzionalitate horiez gain, nabarmentzekoa izan da Googlek nabigatzailea kaleratzea. Jakina da Googlek begiz zerbait jotzen badu lortu arte ez duela etsitzen, eta orain web nabigatzaileen mundua jo duela dirudi.

Gailu arinak

2007an hasitako joera indartu egin da 2008an: gailu arinak indarra hartzen ari dira merkatuan. Gailu arinak aipatzen direnean, ordenagailu ultraeramangarriak edo netbook esaten zaien gailuak adierazi nahi da. Erabiltzaile askok ordenagailuan egiten dituzten eragiketa gehienak egin daitezke: Interneten nabigatu, dokumentuak sortu eta posta kudeatu. Hori guztia 300 euro inguru balio duten gailuekin; hau da, ordenagailu arruntak baino merkeagoak dira. Hasieran eskaintza murritza bazen ere, gaur egun ia fabrikatzaile guztiek dute beren netbook-a.

iPhone

Urteko garaileetako bat izan da Appleren azken aurreko harribitxia. Telefonoa eta PDA uztartu dira iPhone-ean eta sekulako arrakasta izan du, eta gero eta jende gehiagoren eskutan ikusten da. Berrikuntza nabariak ekarri ditu: Applek berea duen diseinu finaz gain, gailuaren ukimen-pantaila izan da benetako iraultza. Orain arte sakelakoen merkatuan erregeak izan direnek ez dute denbora asko pasa erantzuten. Gaur egun, Nokia, Samsung eta LG etxeek kalean dute beren proposamena.

‘On line’ bulegotika

Testu prozesatzaileak, kalkulu-orriak eta abar egiteko aukera eskaintzen duten webguneak egon arren, haien erabilera orain oso txikia da. AEBetan egindako azterketa batean, %1 inguruko erabilera dute. Dena dela, etorkizuneko joera ordengailuan gero eta software gutxiago instalatzea izango da. Hori kontuan hartuta, gero eta zerbitzu gehiago eta aurreratuagoak eskainiko dira. Zoho eta Google Docs dira on line bulegotikaren bi adibide. Oraingoz erabilera handirik ez badute ere, dokumentuak elkarlanean egiteko tresna aproposak dira.

Google ona da?

Galdera hori 2008an gero eta erabiltze gehiagok egin diote beren buruari. Orain arte Microsoft gaizto paperean jarri izan da, eta Google onarenean. Baina azken urteotan Googleren erroak asko zabaldu dira; gero eta informazio gehiago du bere esku, eta horrek mesfidantza sortu du. Kontuak kontu, ukatu ezinezkoa da kaleratu dituen ia tresna eta zerbitzu guztiak oso onak direla eta horregatik lortu dutela hain erabilera zabala.

Kontu asko geratu dira idazteko, tresna, joera eta berrikuntza asko. Lerro hauetan urtearen laburpen bat soilik egin nahi izan da, urte berrian sartu aurretik begirada bat egin atzera. Tresna batzuk beren tokia aurkitzen ari dira, eta joera batzuk indarra hartzen. Urte berriak bakoitza bere tokian jarriko du.

Nork ez ditu etxean aspaldi ukitu ere egin gabeko liburuak? Edo nor ez da joan liburu bat erostera eta erosi gabe irten prezioagatik? Egoera horiei aurre egiteko, liburuen trukea izan daiteke irtenbideetako bat. Hain zuzen ere, zerbitzu hori ematen du BookMooch webguneak. Haren funtzionamendua puntu bidez erregulatzen da. Liburu bat eskatu ahal izateko, puntu bat eduki behar du erabiltzaileak. Hori lortzeko, hamar liburu jarri behar dira eskaintzen, liburu bakoitzeko 0,1 puntu lortzen baita. Ondoren, bidalketa egiteagatik ere lortzen dira puntuak. Aldiz, liburu bat jasoz gero, puntuak kendu egiten dira. BookMoochek kudeatzen duen datu basean munduko liburuak azaltzen dira; erabiltzaileak bertan bilatzen du eskuratu nahi duen liburua, eta gero eskaera egiten du. Hori guztia, jakina, erregistratu ondoren.

2008ko hirugarren lauhilabeteko datuek diotenez, munduan lehen aldiz gehiago saldu dira eramangarriak, mahai gaineko konputagailuak baino. Eramangarrien salmenta %38 handitu da, eta mahai gainekoena %1,3 jaitsi da. Orain arte, ordenagailu eramangarria lanerako tresna moduan erabiltzen zen: lan mundua zen haren esparrua. Baina, gaur egun, gero eta gehiago erabiltzen da etxean. Askoz toki gutxiago behar du, eta funtzio bertsuak eskaintzen ditu. Adituen esanetan, garai berri baten hasiera da hau, ordenagailu eramangarriaren garaiaren hasiera.

Gabonen inguruko egunak iristen direnean, sarean ere igarri egiten da hori. Batzuek beren diseinuak zertxobait aldatu egiten dituzte, beste batzuek postal elektronikoak bidaltzen dituzte e-postaz, etabar. Gabon inguruan baita ere, etengabe aipatzen diren pertsonaiek beren txokoa hartzen dute sarean. Euskaldunen kasuan, Olentzero da lehenengo pertsonaia.

Ikazkin ezagun horrek webgune bat baino gehiago ditu berari buruzkoak. Informazio orokorra emateaz gain, haurrentzako beste hainbat tresna ere eskaintzen dituzte.

Artikulu honetan, Olentzerori buruz sarean dagoen informazioaren bilduma bat egin da. Nahiz eta hiruzpalau gune erakutsi, euskaraz Olentzeroren inguruan sarean zer dagoen jakiteko balio du.

Wikipedian

Munduko entziklopedia libre handienean egon beharra zeukan Olentzerok, eta baita egon ere. Norbaitek bere borondatez sartu duen informazioa da, Wikipediako sarrera guztiak bezala. Bertan, Olentzero izenaren nondik norakoak, izenak Euskal Herriko txokoetan dituen aldaerak eta abar azaltzen dira. Euskal kondairan Olentzero non kokatzen den ere azaltzen da. Eta azkenik, Olentzero kanta ezagunaren letra azaltzen da. Pertsonaia hau ezaguten ez dutenentzat oinarrizko informazioa jasotzeko artikulu interesgarria.

Olentzerozaleen elkartea

Euskal Herrian gauza eta ekintza guztietarako elkarteak daudenez, Olentzerozaleek ere badute beren elkartea. Eta, nola ez, beraien jarduna sarean zabaltzeko webgunea ere bai. Bertan, blogen formatuaz baliatuz, elkartea osatzen duten herrietako ekitaldien berri ematen da. Agenda bat ere badago, hurrengo ekitaldiak zein izango diren azaltzen duena. Hori guztia osatzeko, Olentzeroren inguruko kantuen hitzak dauden atala ere badago. Eta, azkenik, elkartekideen ekitaldietan ateratako argazkien bilduma ere badago.

Haurrentzat

Gaztetxoagoengan pentsatuta egindako webguneak ere badira. Osatuenetakoak Olentzeroren borda eta Olentzaroren txokoa izenekoak dira. Bertan, erabiltzailaileari hainbat jolas proposatzen zaizkio. Lehenengo webgunean, esaterako, Flash teknologia erabiltzen duten hiru joko eskaintzen dira. Guztiak Gabon kutsukoak dira, eta etxeko txikienentzako denbora-pasa entretenigarriak dira. Webgune horretan bertan, Olentzeroren irudia inprimatu eta margotzeko aukera ematen da. Horrez gain, postal batzuk ere jartzen dira erabiltzailearen eskura.

Olentzaroren txokoa ere etxeko txikienentzat edukiz betea dago. Flash teknologian oinarritzen den bertsioa edo bertsio sinplea ikusteko aukera eskaintzen du. Lehenengoa da, noski, elkarrekintza gehien ematen duena. Hamar atalez osatua dago webgunea; batzuetan erabiltzailearen parte-hartzea derrigorrezkoa da. Hala, bakoitzak bere postala marrazteko aukera du, Olentzerori gutuna idaztekoa eta jolas bilduma zabala. Bertan, hamabi aukera eskaintzen dira jolasteko, gehienak, nola ez, Olentzerorekin lotuak. Baliabideak deskargatzeko aukera ere badu, denbora-pasak, margotzeko marrazkiak eta abar daude aukeran.

Eguberrietako egunetan, etxeko txikiak sarera hurbiltzeko beste aukera bat izan daiteke hemen aurkeztu dena. Informazio orokorraz gain, elkarrekintza eskatzen duten proposamenak ere badaude, eta horrek balio erantsia ematen die webguneei. Gainera, Flash teknologiaz baliatzen direnez, ikusgarritasuna areagotu egiten da, eta kasu honetan hori oso garrantzitsua da.

Ordenagailu pertsonaletarako software librea gero eta ezagunagoa da erabiltzaileen artean. Baina enpresetako ohiko kudeaketa-lanetarako dagoen software librea ez da hain ezaguna. Ildo horretan aurrerapauso handienak ematen ari dena LinEx banaketa da, Extremadurako Juntak (Espainia) bultzatua. Proiektu horren barruan, LinExPYME banaketa kaleratu da, aurrekoaren antzekoa, baina enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) pentsatua.

Banaketa horren berezitasun handiena ETE baten kudeaketarako aplikazioak dira: fakturaziorako (FacturLinEx), kontabilitaterako (ContaLinEx) eta nominak egiteko (NominaLinEx) aplikazioak eskaintzen dira. Debian banaketa ezagunean oinarrituta dago, beraz, sistemaren egonkortasuna bermatzen da. Gainera, software librea izanik, bakoitzaren beharretara egokitu daiteke. Iturburu kodea jaitsi, bertan murgildu eta egin beharreko aldaketak soilik egin behar dira.

Munduko nabigatzaile erabilienean, alegia Microsoft Internet Explorer-en, segurtasun zulo garrantzitsua aurkitu dute. Ez da arraroa web nabigatzailea bezalako softwareetan akatsak aurkitzea. Baina aurreko astean aurkitutakoak ezohiko oihartzuna izan du. Izan ere, mundu osoko hedabideek eman dute albistearen berri. Zulo hori crackerrek aurkitu omen dute, ez Microsofteko jendeak edo segurtasun enpresak.

Egun batzuk geroago, Microsoftek zulo hori estaltzeko adabakia kaleratu du. Dena dela, askok kasurik ez diete egiten halako eguneraketei, eta ez dira konturatzen beraien ordenagailua arriskuan jartzen dutela. Horrelako egoeren aurrean bi aukera ditu erabiltzaileak; bata, segurua ez den nabigatzaile batekin jarraitu Microsoften morrontzan; eta bestea, beste nabigatzaile seguruago bat erabili. Azken hautu hori eginez gero, Mozilla Firefox edo Opera izan daizteke alternatibetako bi.

Fitxategiak partekatzeko erabiltzen diren P2P edo puntutik punturako aplikazioak oso erabiliak dira. Nork ez ditu ezagutzen Napster, eMule edo Kazaa aplikazioak? Jakina da izen horiek aipatzean, polemika ere beraiekin doala. Dena dela, ezin da ukatu etxeko ordenagailu askotan lan gehien egiten duen programa mandoa dela.

Azkenaldian, hasieran aipatu diren aplikazioak izan dituzten lege arazoak edo funtzionamendu arazoak direla eta, antzeko beste software batzuk azaldu dira. Nahiz eta sarean daudela urte batzuk izan, orain ari dira arrakasta lortzen. Beren aurrekoak izan dituzten arazoak sahiestu, beste ezaugarri batzuk hobetu eta gaur egun indarra hartu dute. Horren adibide garbia dira azalduko diren bi aplikazioak.

P2P

Toki askotan ikusten diren siglak dira P2P, sarritan, gainera, lege arazoekin erlazionatuta zoritxarrez. Informatika munduko izen gehienak bezala, P2P ere ingelesetik dator; peer to peer, alegia puntutik punturako konexioa. Aplikazio mota horiek ez dira zerbitzari jakin batetara konektatzen, baizik eta ordenagailu bakoitzak egiten du bezero eta zerbitzari lana. Informazioa ez da zentralizatuta biltegiratzen, baizik erabiltzaile bakoitzak berea partekatzen du. Horrela, erabiltzeak dira sarea osatzen dutenak, P2P sarea, hain zuzen.

P2P aplikazioak hainbat erabilera dituzte, nahiz eta askotan mota guztietako fitxategiak (audioa, bideoa, eta abar) partekatzeko erabiltzen diren. Beste erabilera ezagun bat Internet bidezko telefonia da; hor ahotsa da punturik puntura garraiatzen den informazioa.

Ares Galaxy

Orokorrean, Ares bezala ezagutzen da P2P aplikazio hau. 2002an sortu zen arren, ez da ezaguna egin duela gutxi arte. Hasieran erabiltzaile gutxi zituen Aresek, denborarekin eta Kazaa moduko aplikazioak jasandako onarpen jaitsiera zela medio, ezagunagoa egiten hasi zen. 2005ean, bere sortzaileak ezin zioten eutsi Aresek hartu zuen abiadari. Bertsio berriak kaleratzera ez ziren iristen eta erabiltzaileen eskaerak gero eta gehiago ziren. Hori ikusita, kodea aske jarri zuten Sourceforge zerbitzarian, eta ordutik aurrera, garaitzaile gehiago sartu ziren proiektuan. 2007an 2.0.9 bertsioa kaleratu zuten, eta berrikuntza handiak ekarri zituen. Horrekin batera, erabiltzaile sarea jadanik oso handia zenez, bere ospeak gora handia izan zuen.

Bere erabilera, antzeko aplikazioak bezalakoa da. Abantailarik handiena, sarera konektatzeko eta fitxategiak hartzeko abiaduran nabaritzen da. Beste aplikaziotan ilara baldin badago, itxoin egin behar izaten da jaisten hasi aurretik. Aresen berehala hasten da. Abiadura handiagoa lortzeko beste arrazoi bat da bere sare propioa izatea. Emule bezalako aplikazioek sarea partekatu egiten dute beste aplikazio batzuekin. Horrek bere abantaila eta desabantaila du, fitxategien katalogoa handiagoa da, baina aldi berean abiadura txikiagoa. Aldiz, Aresen sarea beretzat soilik da, horrela, lortzen diren abiadurak oso onak dira. Aldiz, katalogoa ez da besteak bezain zabala, baina abantaila hori gero eta murritzagoa da.

LimeWire

Antzeko funtzionamendua duen aplikazioa da LimeWire. Horrek ez du sare propiorik, eta Gnutella sarea erabiltzen du fitxategiak partekatzeko. Hala ere, jaitsierako abiadura ona lortzen du. Java hizkuntzan garatuta dago LimeWire, ondorioz, funtzionatu ahal izateko JRE (Java Runtime Enviroment) instalatua izan behar da. Kode irekikoa da, eta Windows, MAC OSX eta Linux plataformatarako bertsioak daude.

LimeWire eskuratzeko bi aukera daude: bata, doako bertsioa hartzea, eta, bestea, ordaintzea. Azken horrek, hainbat balio eta zerbitzu erantsi dakartza: iturri gehiagotara konexioa, abiadura azkarragoa, bilaketa hobeak eta laguntza teknikoa.

Nork ez ditu izan arazoak audio edo bideo fitxategi batekin erreproduzitzerako garaian? Okerreko formatuan dagoela, ordenagailuak ez duela ongi irakutzen fitxategi mota hori. FormatFactory da arazo horientzako soluzioa, multimedia fitxategiak formatuz aldatzeko tresna. Audio edo bideo fitxategiak formatu batetik bestera alda daitezke, bideoak sakelakoen pantailara egokitu. Hori guztia egin daiteke FormatFactory aplikazioarekin horretan aditua izan gabe.

Baina FormatFactoryk ez du soilik balio formatu bihurketak egiteko, akatsdun fitxategiak konpontzeko ere balio du, eta baita beraien tamaina txikitzeko ere. DVDtik informazioa erauzteko aukera ematen du, eta baita irudiekin oinarrizko eragiketa batzuk egiteko ere. Arazo asko konpondu ditzakeen tresna da.

Alemaniako Artxibo Nazionalak bere bilduman dituen 100.000 argazki Wikipediari uztea erabaki du. Argazki horiek 1860. urtetik gaur egun artekoak dira, haietan Alemaniako zenbait momentu historiko islatzen dira. Proiektuaren helburuak harago doaz eta orain egindako donazioaren ondoren beste batzuk etorriko dira. Guztira hamaika milioi argazki utziko omen dizkio Wikipediari. Diotenez, Wikipediak duen arrakastak bultzatu ditu elkarlan hori egitera. Hala, argazkiak jende gehiagorengana iritsiko dira, nahiz eta normalean ez diren argazkiak bilatzen Wikipedian. Argazkien artean, holokaustoko dokumentazioa eta Alemaniako historia garaikidean izandako gertakari askotako irudiak daude.

Askok ohituragatik, beste batzuk alferkeriagatik, beste batzuk baimenik ez dutelako lantokian eta baita ezjakintasunagatik ere, ordenagailua ez dute euskaraz erabiltzen. Hau da, ezin dute ordenagailuan egunero egiten dituzten lanak euskaraz burutu.

Azken asteotan artikulu bat batzuk idatzi ditut ordenagailua euskaraz funtzionatzen jartzeko kontuarekin. Bertan, ordenagailuaren oinarrizko elementuak, sistema eragilea eta gehien erabiltzen diren aplikazioak, euskaraz nola jarri azaltzen saiatu naiz.

Gaiaz interesa duenari lana errazte aldera, hemen jartzen ditut artikuluen estekak.

Bad Behavior has blocked 66 access attempts in the last 7 days.