Archive for urtarrila, 2009

Urte askoan, maketazio programa nagusia Quark Xpress izan da, eta erabili den plataforma, Mac. Euskal Herrian, eta baita mundu osoan ere, gehien erabili den bikotea izan da. Hala ere, azken urteetan lehiakide batzuk atera zaizkio, eta, horien nagusitza oraingoz kolokan jarri ez arren, kilima batzuk egiten hasi zaizkie. Adobe etxearen InDesign programa da horietako bat; horren abantailak prezio baxuagoa eta software garatzaileentzako erraztasunak dira. Adobek, Quark-i lekua jateko asmoz, software garatzaileei doan eskaintzen die InDesign-erako aplikazioak garatzeko ingurunea.

Bada software libreko aukerarik ere, horien artean sona handiena Scribus izeneko aplikazioa hartzen ari da. Hasieran, Franz Schmid izeneko batek proiektu pertsonal gisa abiatu zuen, inprimatzeko testuen diseinua egiteko hain zuzen ere. Ondoren, kodea beste batzuekin partekatzea erabaki zuen, eta, azkenik, software libre gisa jartzea. Gaur egun Franz bera buru duen garatzaile komunitatea arduratzen da Scribus garatzeaz.

Scribrus-ek, maketaziorako behar diren funtzionalitate guztiak eskaintzen ditu. Testu kutxak, irudiak eta beste hainbat osagai txertatu eta konbinatzeko aukera ematen du. Beste aplikazioek bezala, RGB eta CMYK koloreak onartzen ditu, PDFak sortzen ere uzten du eta kuatrikomian inprimatzeko funtzionalitatea du. Opentype letra motak erabiltzeko aukera ere badakar.

Hedabideetan ohikoa izaten da txantiloiak erabiltzea, hau da, hezurdura behin diseinatzen da eta ondoren bete egiten da. Horretarako ere eskaintzen ditu erraztasunak Scribus-ek, txantiloiak eta testu estiloak definitzeko aukera baitu.

Interfazea hainbat hizkuntzatan dago, baita euskaraz ere. Gainera, Linux, Mac eta Windows-erako bertsioak daude. Beraz, ez dago ordenagailu berria eskuratzeko inbertsiorik egin beharrik.

Kode irekiko aplikazioa izaki, aplikazioaren iturburu kodea edozeinen eskura dago. Baina, horrez gain, estandar irekietan oinarritzen diren formatuak erabiltzen ditu. Formatu horietako gehienak XML-n oinarritzen dira. Hala, dokumentuen gainean bestelako tratamenduren bat egin nahi bada, bere egitura aztertzeko eta ulertzeko aukera ematen du.

Scribus-ek berak ekartzen dituen funtzionalitate eta ezaugarriez gain bestelako garapenak egin nahi badira, horretarako aukera ere ematen du. Scripter izeneko paketearekin eta bere API-rekin, edonoren beharrak beteko dituen garapenak egin daitezke. Aukera horiekin, erabat egokitutako edizio gunea presta daiteke.

Kode irekiko aplikazioekin askotan pasatzen den bezala, Scribus-ekin ere zalantzak sortzen dira profesionalen artean. Batzuk erabilera pertsonalerako soilik balio duten aplikazioak direla uste dute, denbora-pasarako alegia. Baina hori ez da horrela, Scribus erabiltzen duten hedabideak gero eta gehiago dira, «Made with Scribus» marka erabiltzen dute Scribus erabiliz egindako lanak zerrendatzeko.

Maketazioa bezalako mundu itxi batean sartzea zaila dela esan gabe doa; hala ere, azkenaldian jendea Quark alde batera uzteko saioak egiten ari da. Aukeretako bat Scribus da, dudarik gabe, software librea, doakoa eta garapen propioak egiteko aukera ematen duena.

ComScore aholkulari etxeak pasa den abenduan egin zuen kontaketaren arabera, mila milioi internauta daude munduan. Erabiltzaile gehien duen kontinentea Asia da, eta horren barnean Txina, 179 milioirekin munduko internauta guztien %18 baitaude han. Zifra hori, hala ere, Txinak esaten duen 300 milioi erabiltzailetik urrun dago. Baina esan behar da ComScore-ek egindako kontaketan ez direla ordenagailu publikoak sartu; beraz, ziberkafeak ere kanpoan utzi dira, eta horietan ibiltzen dira Txinako internauta asko. Haren atzetik, AEB eta Japonia daude.

Bisitatutako orrialdeei dagokienez, Googlek jaso du bisita gehien. Pasa den abenduan, internauten %77k Google-ko orriren bat bisitatu zuten. Horren atzetik Microsoft ageri da -erabiltzaileen %64k bisitatu zuten horko orriren bat-, eta ondoren, Yahoo, %55ekin.

Pasa den astean, Obamaren izendapena izan albiste nagusia, hedabideetan ez zen besterik izan. Munduko telebista guztiak izan ziren bertan, eta askok Internet bidez ere eskaini zuten. Emanaldian berrikuntzaren bat gehitu zuen hedabideak ere izan ziren; CNN telebista katea izan horietako bat. Facebook sare soziala integratu zuen bere emanaldian. Hala, izendapena ari zen bitartean hura jarraitzen ari ziren Facebook-ko erabiltzaileek elkarrekin komentatzeko aukera izan zuten. Telebistaren esperientzia soziala probatu ahal izan zen.

Sare sozialak ematen duen aukera erabili gabe ere egin zezakeen CNN-k, solasgune bat jarrita esate baterako. Baina Facebook-en eskaintzen duen Facebook Connect tresna erabiltzea aurrerapauso garrantzitsua izan zen. Izan ere, sare sozialeko erabiltzaileen %99 benetako nortasunarekin aritzen dira hor, eta, gainera, bakoitza bere kontaktuekin sartzen da.

Horrekin guztiarekin, izandako esperientzia askoz hobea izan zen, troll gutxiago, zarata gutxiago eta erabiltzaile interesgarri gehiago bildu baitziren.

Informatikaren munduan, denbora hain azkar pasatzen den alor bat izaki, 25 urtek askotarako ematen dute. Zaila izan arren, komeni da urte horiek atzera egitea eta garai hartako argazkia ikustea. Pentsa dezagun nolakoak ziren garai hartako ordenagailuak; letra eta kurtsore berdeak, atzealde beltzarekin. Ordenagailuaren erabilera guztiz traketsa egiten zen.

Lehenengo Maca kaleratu zenean itzelezko iraultza izan zen, ordura arte sekula ikusi gabea. Ordenagailuaren erabilera kontzeptua erabat aldatu zuen Applek. Pantaila kolorez eta ikonoz bete zen, eta sagua ere azaldu zen - orain ezinbestekoa zaigu-. Interfaze bisuala izateak, ordenagailu pertsonalaren paradigma berria ezarri zuen. Sagarraren lehenengo sorginkeria izan zen.

Merkatua berea izango zela uste zenean, arerio gogor bat atera zitzaion bidera, Microsoft. Bill Gatesen enpresak, ordura arte MS-DOS izeneko sistema eragilea garatzen zuen. Baina Steve Jobsen enpresak izan zuen arrakasta ikusita, Mac sistema kopiatzea beste aukerarik ez zitzaion geratu, horrela sortu zen Windows sistema eragilea. Biak merkatuen zeudela, Macak hobeagoak izan arren, ez zuen jakin izan merkatua bereganatzen eta Microsoft gailendu zen lehia horretan.

Hala eta guztiz, Applek beti izan du jarraitzaile fidelen komunitatea. Sagarrak, sorginkeria moduan lotzen ditu bere erabiltzaileak eta defendatzaile sutsu bihurtzen ditu. Garai zailenetan, merkatu kuota oso murritza zuenean, macero horiek izan ziren sagarrari bizirik eutsi ziotenak.

1998an, Steve Jobs itzuli zenean, Appleren berpiztea etorri zen. Diseinu iraultzailea zuen iMac ordenagailua kaleratu zuen. Horrek Appleren diru-emaitzak alde positibora eraman zituen eta ondoren etorriko ziren produktuen oinarria jarri zuen. Guztiek, erabiltzailearen esperientzia azken muturreraino zaintzen dutelarik.

Baina Steve Jobsek argi zeukan ordenagailuez gain zerbait berritzaileagoa sortu behar zuela. Appleren betiko diseinua mantenduz, i letraz hasten diren hainbat produktu arrakastatsu merkaturatu ditu. Nork ez ditu ezagutzen iPod eta iPhone esaterako?

Musika digitalaren erreproduzitzaileak asko dira baina iPod zerbait gehiago da. Badu zerbait berezia, erabiltzeko modua, diseinua, marka, sagarraren sorginkeria. Horrela bakarrik uler daiteke izan zuen arrakasta. Kasu horretan, Microsoftek ere ezin izan du parean jarri, bere Zune erreproduzitzailearekin.

Azkena iPhone sakelakoa izan da, baina inork ez du sakelako gisa ezagutzen, iPhone gisa baizik, zerk egiten du hori? Applek, sakelako bat garatu behar zuela erabaki zuen, eta garbi zeukan berritzailea izan behar zuela. Baita lortu ere: ukipen-pantaila, teklaturik ez, Interneten nabigatzeko aukera eta nola ez , diseinua, marka eta sagarraren sorginkeria. Gaur egun sakelakoen fabrikatzaileak iPhone-aren ezaugarriak bere produktuetan txertatzen ari dira.

Gaur egun, Applek inoiz izan duen jarraitzaile kopuru handiena du. Mac ordenagailuak ez badira, iPod edo iPhone gailuak dituzten erabiltzaile asko daude. Baina zer gertatuko da hemendik aurrera? Kapaz izango al da Apple azken urteetako emanari eusteko? Galdera horiei erantzutea ez da lan kamutsa. Batetik, zurrumurru asko zabaldu dira Steve Jobsen osasunaren inguruan. Applek urtero egiten duen erakusketan, aurten ez da izan. Oraingoz, sei hilabeterako atseden hartzea erabaki du. Ea sagarraren sorginkeriak laguntzen dion eta orain arte bezain emankor izaten jarraitzen duen.

Duela urte batzuetatik gaur egunera, Interneten nabigatzeko abiadura asko hazi da. Lehen kilobyte gutxi batzuk zirenak orain mega bihurtu dira. Horrek, Interneten dagoen informazioan ere aldaketa ekarri du, konexioa zabalagoa izatean informazio gehiago jaits baitaiteke.

Banda zabaleraren hazkundeaz baliatu den arloetako bat bideoa izan da. Bideoak, irudia eta soinua uztartzen dituenez, informazio asko sortzen du, eta ondorio tamaina handiko fitxategiak sortzen dira. Baina gaur eguneko Internet-konexioarekin asko ari da hobetzen kontua. Orain arazoa ez da bideoak ez egotea, baizik nola bilatu intereseko edukia hainbeste informazio artean. Hortik dator Internet bidezko telebista, erabiltzaile bakoitzak bere kanal propioa egin baitezake interesatzen zaion informazioarekin.

Internet bidezko telebista ikusteko aukera desberdinak daude, aplikazio bakoitzak bere ezaugarriak dituelarik. Ordenagailu bat eskaera bidezko telebista bihurtzeko aukera ematen dute guztiek. Ezagunenak Joost eta Miro dira, nahiz eta gehiago badauden. Hemen Miro aplikazioa azalduko da.

Miro

Participatory Culture Foundation erakundeak kudeatzen duen aplikazio hau azken aldian sona handia hartzen ari da. Bere garapena kode irekian egiten da, eta hiru plataforma ezagunenetarako dago eskuragarri, Windows, Mac eta Linux, alegia. Miro-k bideo iturri edo kanal ugari ikusteko aukera eskaintzen du, baita definizio handikoak ere. YouTube, DailyMotion eta BitTorrent bezalako kanalez baliatzen da.

Erabilera

Miro-ren erabilera oso sinplea da, behin instalatu ondoren, hasierako orri bat azaltzen da defektuzko proposamenekin, eta bilaketa kutxa bat ere ageri da. Kutxa horretaz baliaturik, interesekoa bilatu besterik ez da egin behar, eta berehala erakusten ditu aurkitutako bideoak. Ondoren, ordenagailuko disko gogorrera jaisten dira, eta ikusteko prest dago. Bilaketaren emaitza kanal berri bat bezala gordetzeko aukera ematen du. Ikusterako garaian, ordenagailuaren pantaila osoan ikusteko aukera ematen du.

miro_tv.pngBehin bideo batzuk ikusi ondoren, guztiak zerrenda bakar batean edukitzea oso txukuna ez dela ikusten da. Hori ez gertatzeko, Miro-k karpetak sortzeko aukera ematen du, eta horrela bakoitzak bere modura ordenatu ditzake bideoak. Kanalak esportatzeko eta inportatzeko aukera ere eskaintzen du, horretarako OPML formatua erabiltzen duelarik.

Kanal berriak gehitzeko Video RSS izeneko sistema erabiltzen da. Bideoak argitaratzen dituenak RSS jario moduan jartzen baditu eta kanal hori Miro-n ikusi nahi bada, jarioaren URL gehitu besterik ez da egin behar. Hori egitean, hurrengo Miro martxan jartzean eduki berririk badagoen begiratuko du, eta hala bada jaitsi egingo du, ikusteko prest utziz.

Euskaraz ere bai

Miro kode irekiko proiektua izanik, boluntario komunitatea da bere garapenaz arduratzen dena. Horietako atal bat interfazearen lokalizazioarena da. Gaur egun 40 hizkuntza baino gehiagotara dago lokalizatua, tartean euskarara ere bai.

YouTube bezalako bideo-zerbitzuak bere garaian iraultza ekarri zuten eta Miro bezalako aplikazioek, hori aprobetxatuz balio handiagoko zerbitzua eskaintzen dute. Etorkizunean ez dira gaur egun ezagutzen diren telebistak izango, Miro bezalako aplikazioekin bakoitzak bere telebista propioa, bere gustu eta interesetara egokitua sortuko baitu. Horretarako, interesatzen zaizkion edukiak aukeratuko ditu, eta dagozkion kanalak sortu. Miro-k horretarako balio du: itzali betiko telebista eta sortu zeurea.

Adituek diotenez, lau urte dira birus batek hainbeste ordenagailu kutsatzen ez dituela. Conficker birusak, Downup izenarekin ere ezagutzen denak, 10 milioi ordenagailutan sartzea lortu du. Birus horrek hiru bide erabiltzen ditu zabaltzeko. Lehenengoa Windows-ek duen segurtasun-zulo bat; hala ere, Microsoftek 2008ko urrian kaleratu zuen akats hori konpontzen duen adabakia. Bigarrena, USB memoriak dira, garai batean disketeez baliatzen ziren bezala, Conficker-ek memoria mota horiek erabiltzen ditu zabaltzeko. Kutsatuta dagoen ordenagailu batean USB memoria bat sartuz gero, automatikoki memoria horretara jauzi egiten du. Horrela, memoria konektatzen den hurrengo ordenagailua kutsatu ahal izango du. Hirugarren aukera, sare lokal batean egoten diren partekatutako karpetak dira. Birusa karpeta horiek atzemateko gai da, hori egin ondoren karpeta horietan sartzen da bertako dokumentuak irekitzen dituzten ordenagailuak kutsatzeko.

Joan den astean ezohiko albiste bat gertatu zen Facebook sare sozialean. Horren arrazoia, hanburger-kate ezagun batek aplikazio bat sortu zuen aplikazioa izan zen. Bertan, erabiltzaile batek bere kontaktuetatik hamar ezabatzen bazituen, hanburger bat oparitzen zioten. Aste batean 200.000 kontaktutik gora eten ziren. Logikoa den bezala, Facebookek kargu hartu dio hanburger etxe horri, harreman-sarea haustera bultzatzen baitzuen aplikazio horrek.

Hala ere, albiste horrek ekarri du bestelako hausnarketarik ere. Aditu batzuk zalantzan jarri dute sare sozialetan sortzen diren kontaktu askoren benetako indarra. Izan ere, hanburger baten truke norbere kontaktua eteteko gai baldin bada, bien arteko harremanaren sendotasuna zalantzazkoa da.

Guzti horrekin, hanburger etxeak lortu du bere helburua. Facebook erabiliz sekulako marketin kanpaina osatzea eta mundu guztia hortaz hitz egiten jardutea.

Informatika eta Internet munduan termino berri bat azaldu da indar bereziarekin azkenaldian. Cloud computing edo hodei-konputazioa izeneko terminoak, aplikazio informatikoak garatzeko paradigma berri bat proposatzen du. Gaur egun, horren erabilera asko ari da handitzen. Askotan, erabiltzaile arruntak ere baliatzen ditu era horretara garatutako aplikazio edota web guneak.

Zer da?

Cloud computing-aren edo hodei-konputazioaren definizio argi bat ematea ez da erraza. Teknologia berrietan munduko adituenak direnak, bakoitzak bere ukitua ematen dio definizioari. Dena dela, ideia nagusia ondorengoa da: konputazio zerbitzuak Internet bidez eskaintzea. Hodeiarena, Interneten metafora bat besterik ez da. Garapen tradizionaletan, aplikazio osoa ordenagailu batean exekutatzen da eta asko jota sare lokalean konektatuta dauden hainbat ordenagailutan. Hodei-konputazioan, aplikazioaren osagaiak Internet bidez atzi daitezke.

Aktore nagusiak

Joera honek teknologia berrietako enpresa handiak ere erakarri ditu. Izan ere, mundu berri hau menperatu eta aurkariei aurrea hartzen dienak etorkizunean abantaila handia izango baitu. Beraz, ezinbestekoa dute beraien indarrak hodei-konputazioan kontzentratzea, etorkizunean ere bertan jarraitu nahi badute.

Badira hodei-konputazioan erabat sinesten dutenak eta apustu sendoa egin dutenak. Mota horretako enpresak dira Google, Amazon, Yahoo! esaterako. Horiek guztiek hodei-konputazioa osatzen duten aplikazio ezagunak eskaintzen dituzte. Nahiz eta Amazonen jarduera nagusia merkataritza elektronikoa izan, Internet bidezko konputazio zerbitzu interesgarriak eskaintzen ditu.

Enpresa handi horiek hodei-konputazioan esperantza handia daukate jarrita. Hori dela eta, terminoa patentatzen saiatu denik ere bada. Hain zuzen, Dell etxea saiatu zen cloud computing terminoa patentatzen, baina ez zuen lortu.

Aplikazioak

Hodei-konputazioan oinarritzen diren aplikazio asko ezagunak dira. Nork ez ditu ezagutzen Facebook bezalako plataformak edota Google Apps aplikazio sorta. Bertako aplikazioak inongo softwarerik instalatu gabe erabil daitezke, horrela mantentze lan gutxiago egiten da. Faktore hori oso garrantzitsua da enpresa baten ikuspuntutik

Zerbitzuak

Nahiz eta hasiera arraroa gerta daitekeen, zerbitzuak ere eskaintzen dira. Normalean webgune batentzat kostu handia duten zerbitzuak eskaintzen dituzte, askotan doan. Bilatzaile handiek norbere webgunean bilatzeko ematen duen aukera da adibide bat. Bertan, bilaketa egiteko funtzionalitatea gehitzen zaio webguneari inongo aplikazio konplexurik instalatu gabe. Nortasuna kautotzeko eskaintzen den zerbitzua da beste adibide bat, OpenID bezalako plataformek eskaintzen dutena.

Biltegiratzea

Baina hodei-konputazioaren paradigmak aukera berri asko zabaltzen ditu. Indar handia hartzen ari diren horietako bat biltegiratzearena da, hau da, informazioa biltegiratzeko zerbitzuak eskaintzea. Informazio hori, fitxategiak (irudiak, dokumentuak eta abar…) ez ezik, datuak ere izan daitezke, urruneko datu-base bidez. Arlo horretan ere Amazon eta Google daude puntan, beraien SimpleDB eta App Engine zerbitzuekin hurrenez hurren. Eskaintzen duten biltegiratzeko aukerarekin, web aplikazio baten beharrak handitzea ez da arazoa, Amazonek eta Googlek dituzten zerbitzari ahaltsuak erabiltzen baitira.

Nahiz eta erabiltzailearen ikuspegitik askotan ez konturatu, cloud computing edo hodei-konputazioan oinarritzen diren aplikazioak gero eta gehiago dira. Internet webgunez osatutako sarea izatetik konputazio-zerbitzuak eskaintzen dituen hodei bat izatera pasatzen ari da. Hori da paradigma berria.

Skype aplikazioak, zein IP bidezko telefonian nagusi den, orain sakelako telefonoetako bertsioa ere badu. Java daukan edozein sakelakotarako balio du, baita Android plataformarako ere. Aplikazio berri horren helburua sakelakotik egindako deien faktura murriztea da. Horretarako, 3G edo wifi konexioaz baliatuz Skype sistema erabiltzea ahalbidetzen du. Ordaindu beharreko faktura bakarra 3G konexioko tarifa izango da, wifi konexioa izanez gero, doan erabili ahal izango baita.

Skype Lite izeneko aplikazioa Las Vegasko CES teknologia berrien ferian aurkeztu dute. Bertan aurkeztu ondoren, orain Skype-ren webgunetik har daiteke aplikazioa. Sakelakora zuzenean edo ordenagailu batera ekar daiteke. Hartzeko pantailan bateragarri diren sakelakoen zerrenda ere agertzen da.

Aurrerago beste administrazio publiko batzuek egin zuten bezala, kasu honetan Vietnamgo gobernuak software librea estandar modura hartu du. Vietnamgo Informazio eta Komunikazio Ministerioak software librearen erabilera areagotzeko araua onartu du. Berehalako helburuen artean, aurtengo ekainerako zerbitzari guzti-guztiak Linux plataformakoak izatea da aipagarriena. Beste helburu garrantzitsu bat erabiltzaileei dagokie. Bertan, urte amaierarako estatu agentzien %70ek OpenOffice eta Mozilla Firefox eta Thunderbird erabili beharko dituztela aipatzen da. Migrazioan laguntzeko, Gobernuko langileei trebakuntza sakona emango zaie. Proiektu osoa, 2010. urtearen amaierarako burutua izatea espero dute. Bestalde, Vietnamgo Gobernuak bere hardware hornitzaileei software librea sartzeko eskatu die ordenagailuetan, software jabedunaren ordez.

Bad Behavior has blocked 66 access attempts in the last 7 days.