Toki bat mapan kokatzea bezalako lanak ez dira hain zailak gaur egun. Horretan asko laguntzen dute azken urteetan ezagun egin diren mapa zerbitzuek. Beste alor askotan bezala, Google-ren zerbitzua izan zen ezaguna egiten aurrenekoa. Bere erabiltzeko erraztasunak eta emaitzak ematerako orduan zuen azkartasunak berehala liluratu zituen erabiltzaileak.

Hasierako funtziorik erabiliena, helbide bat bilatzea izan arren, pixkanaka bestelako erabilerek ere indarra hartu dute. Horretarako, oso garrantzitsuak izan dira satelite eta hegazkin bidez ateratako argazkiez osatzen diren mapak. Bidai bat egiterako orduan, gaur egun zehatz-mehatz jakin daiteke tokiaren kokapena, inguruan zer duen eta abar. Erabiltzaileari duela ez urte asko bertaratu gabe jakitea ezinezkoa zitzaion informazioa eskura jartzen diote mapa-sistemek.

Google Maps

Mapa-sistemen artean ezagunena da Google Maps. Zerbitzu hau 2005eko udazkenean sortu zuten, eta etxe horren beste hainbat zerbitzuk bezala berehala lortu zuen erabiltzaile multzo garrantzitsu bat. Ondoren, denborarekin ezaugarri gehiago eransten joan zaizkio. Horien artean, mapa, satelitea eta biak nahasian ikusteko aukera edota ibilbideak osatzeko aukera aipa daitezke. Azken aukera honekin, ViaMichelin eta gisako zerbitzuei lehia zuzena egiten hasi zen Google. Duela gutxi, hiriburu garrantzitsuenetako kaleak ere atzigarri jartzen hasi da: StreetView izena du zerbitzu horrek.

Googleren lehiakideak diren Yahook eta Microsoftek ere badute beren mapa-zerbitzua. Geroago kaleratu zituzten, eta gaur egun galdutakoa berreskuratzeko lasterketan murgilduak daude.

OpenStreetMap

Mapa libre eta editagarriak sortzeko lankidetza-proiektu bat da OpenStreetMap izenekoa. Lan horretan, GPS bidez atzitutako informazio geografikoa, ortofotoak eta bestelako baliabide libreak erabiltzen dira. Komunitate ireki bat denez, edozein erabiltzailek egin ditzake ekarpenak behin erregistratu ondoren. Martxoan ehun mila erabiltzaile izatera iritsi da komunitatea, eta horietan 7.500 erabiltzailek egin dute ekarpenen bat.

B5m

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da 1:5000 edo B5m izenekoa, eta bertan Gipuzkoako plano eta ortofotoak ageri dira. Horrez gain, kale izendegi osoa, eraikin eta baserrien izenak eta beste hainbat informazio ematen du. Zati batzuetan, txoribista izeneko irudia ikusteko aukera ematen du. Irudi horiek hegazkin bidez hartutakoak dira.

Mashup aplikazioak

Horrela deitzen zaie web zerbitzu desberdinez baliatuz balio erantsia ematen dioten aplikazio edo webguneei. Web zerbitzu horiek mota askotakoak izan daitezke, eta mapa-zerbitzuaz baliatzen direnak ere bai. Aplikazio hauek sortzeko, zerbitzua eskaintzen dutenek API edo komunikazio interfaze bat eskaintzen dute. Hori ustiatuz, norbere neurrira egokitutako beste aplikazio bat sor dezake. Horrelako bi adibide dira Tagzania eta SIGPAC izenekoak.

Tagzania aplikazioa ezaguna egin da Euskal Herrian; izan ere, bertan garatutakoa baita, CodeSyntax enpresak hain zuzen ere. Bertan, erabiltzaileak interesgarriak iruditzen zaizkion lekuak markatu edo etiketatu ditzake. Hasiera batean etiketa guztiak berdinak baziren ere, azken bertsioan bereiztu egiten dira, eta, horrela, lekuak, jatetxeak, eraikinak eta abar etiketatu daitezke.

SIGPAC izeneko aplikazioa, berriz, Espainiako Ingurumen Ministerioak garatutako aplikazioa da. Landa eremuetako distantziak eta terrenoen azalerak neurtzeko balio du. Aplikazio honekin, ordenagailutik mugitu ere egin gabe, terrenoaren azaleraren kalkulu oso zehatza atera daiteke.

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 65 access attempts in the last 7 days.