Nork esan zuen bideo jokoen kontsolen munduan guztia asmatuta zegoela? 2006an indarra galduta zegoen Nintendo etxeak Wii kontsola merkaturatu zuen. Ordura arte kontsolen merkatuan jaun eta jabe ziren PlayStation (Sony) eta XBox (Microsoft) zur eta lur utzi zituen. Gainera, urte gutxiren buruan sekulako arrakasta izan du, eta ez hain justu gaztetxoen artean. Wii-k irekitako bideari helduz, beste kontsola bat ateratzear dago, Zeebo izenekoa, kontsolen jokoan laugarren partaidea izan duena.
Bideo jokoen kontsolen inguruan beti egon izan da beraien prezio altuaren inguruko eztabaida. Orain artekoak 300-500 euro bitartean dabiltza, horietan Wii delarik merkeena. Prezio hobea duen arren, dauzkan ezaugarriak beste bienak baino xumeagoak dira. Hala ere, beraietan jokatzeko jokoen prezioa benetan garestia izan ohi da, eta horretaz kexatzen dira erabiltzaileak. Hori dela eta, jokoen kopiak egitea praktika ohikoa da.
Garatzeko bidean dauden herrialdetarako
Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, garapenean dauden herrialdetan harrera ona izan dezakeen kontsola berria da Zeebo. Herrialde horietarako ordenagailu eramangarriak merkaturatu diren bezala, oraingoan kontsola bat izango da. Hasiera batean BRIC bezala ezagutzen den herrialde multzoan merkaturatuko da, alegia, Brasil, Errusia, India eta Txinan. Bertan, beste kontsolek eta jokoek duten prezioa ordaindu ezin duten pertsona asko baitaude. Hori dela eta, negozioa egiteko aukera ikusi dute Qualcomm eta Manos Tectoy enpresek bertan. Izan ere, herrialde horietan teknologia berrien erabileran hazkunde handia aurreikusten da.
Ezaugarriak
Zeebo kontsolak ez du CD/DVD irakurgailurik izango, eta jokoak sarearen bitartez soilik erosi ahal izango dira. Horretarako, 3G motako konexio bat dakar, eta doakoa izango dena gainera. Brasilen Claro telekomunikazio enpresak emango du konexio hori. USB motako lau konexio izango ditu, eta SD memoria-txartelarentzako erretena. Disko gogorraren ezaugarriei buruz gauza gutxi esan da oraingoz. RAM memoria berria, 1GB tamainakoa izango du.
Jokoak, merkeago
Aurrez aipatu bezala, jokoak sare bidez bakarrik deskargatu ahal izango dira. Horrela, dendetara iristeko egin behar diren paketatze eta banaketa lanak saihestu egiten dira. Bitartekaritza hauek kentzean, jokoen prezioa askoz merkeagoa izango da, hamabi dolar ingurukoa izango dela kalkulatzen da. Gainera, hasiera batean jokoak ezingo dira ez grabatu ez eta inori utzi ere. Zeebo-ren arduradunek diotenez, prezio baxuekin eta horrelako ezaugarriekin, Brasilen dagoen pirateriari aurre egin nahi diote. Azken helburu hau lortuko den ikusteke dago.
Jokoen ordainketa egiteko Z-Credits deituriko txanpona erabiliko da. Joko bakoitzak hainbat Z-Credits balioko ditu. Horiek gastatu ahala, kontsolatik bertatik Zeebonet sarearen bitartez edo Zeebo-ren webgunean lortu ahal izango dira. Z-Credits hauek kontsolan gordeko dira, eta ezin izango dira beste batekin elkarbanatu. Jokoen erosketan arazorik egon ez dadin, joko osoa jaitsi dela ziurtatu arte ez da kobratzerik egingo.
Jokoak garatzeko hitzarmena
Kontsola izateak ez du ezer askotarako balio ondoren jokorik ez baldin badago bertan jolastu ahal izateko. Hori dela eta, Zeebok hitzarmen bat sinatu du EA, Namco, Sega eta gisako joko-garatzaile garrantzitsuekin. Horrela, 2009. urtearen amaierarako 50 joko eskuragarri izatea espero dute.
Brasilen ekaina hasieran merkaturatzeko iragarrita dago. Oraindik ikusteko dago zer-nolako erantzuna izango duen, baina hasiera batean interes handia piztu du gailu berri honek. Horrelakoetan esan ohi den bezala, denborak jarriko du bere lekuan.





Entries (RSS)