2008a ere bere azken egunera iritsi da, eta egun hauetan ohikoa izaten da urtearen laburpena egitea. Zibergelan ere, amaitzear dagoen urteak teknologia berrien munduan zer eman duen azalduko dute aren laburpena egingo da. Ezinezkoa da gertakari guztiak kontuan hartzea; beraz, ale batzuk soilik bilduko dira. Ohikoa da, era berean, laburpen horietan urteko irabazleak eta galtzaileak aipatzea. Hemen irabazleak edo gehien nabarmendu direnak aipatuko dira.
Firefox 3 eta Chrome
Kode irekiko nabigatzaile ezagunenak hirugarren bertsioa kaleratu du aurten. Firefox 3-k hobekuntza nabariak ekarri ditu: helbidea idazteko sistema adimentsua, segurtasuneko hobekuntzak, abiadura eta abar. Pixka- naka bada ere, Internet Explorer-i distantzia laburtzen ari zaio. Gaur egun, Firefox nabigatzailearen erabilera %20 inguruan dago, eta egunez egun handitzen ari da.
Nabigatzaileen inguruan, urteko notizia Googlek kaleratu duen nabigatzailea izan da, dudarik gabe: Chrome izenekoa, hain zuzen ere. Bere funtzionalitateak oraingoz lehiakideenak baino kaskarragoak izan arren, berrikuntza interesgarriak proposatu ditu. Batez ere, nabigatzailearen sinpletasuna eta abiadura nabarmentzen dira. Funtzionalitate horiez gain, nabarmentzekoa izan da Googlek nabigatzailea kaleratzea. Jakina da Googlek begiz zerbait jotzen badu lortu arte ez duela etsitzen, eta orain web nabigatzaileen mundua jo duela dirudi.
Gailu arinak
2007an hasitako joera indartu egin da 2008an: gailu arinak indarra hartzen ari dira merkatuan. Gailu arinak aipatzen direnean, ordenagailu ultraeramangarriak edo netbook esaten zaien gailuak adierazi nahi da. Erabiltzaile askok ordenagailuan egiten dituzten eragiketa gehienak egin daitezke: Interneten nabigatu, dokumentuak sortu eta posta kudeatu. Hori guztia 300 euro inguru balio duten gailuekin; hau da, ordenagailu arruntak baino merkeagoak dira. Hasieran eskaintza murritza bazen ere, gaur egun ia fabrikatzaile guztiek dute beren netbook-a.
iPhone
Urteko garaileetako bat izan da Appleren azken aurreko harribitxia. Telefonoa eta PDA uztartu dira iPhone-ean eta sekulako arrakasta izan du, eta gero eta jende gehiagoren eskutan ikusten da. Berrikuntza nabariak ekarri ditu: Applek berea duen diseinu finaz gain, gailuaren ukimen-pantaila izan da benetako iraultza. Orain arte sakelakoen merkatuan erregeak izan direnek ez dute denbora asko pasa erantzuten. Gaur egun, Nokia, Samsung eta LG etxeek kalean dute beren proposamena.
‘On line’ bulegotika
Testu prozesatzaileak, kalkulu-orriak eta abar egiteko aukera eskaintzen duten webguneak egon arren, haien erabilera orain oso txikia da. AEBetan egindako azterketa batean, %1 inguruko erabilera dute. Dena dela, etorkizuneko joera ordengailuan gero eta software gutxiago instalatzea izango da. Hori kontuan hartuta, gero eta zerbitzu gehiago eta aurreratuagoak eskainiko dira. Zoho eta Google Docs dira on line bulegotikaren bi adibide. Oraingoz erabilera handirik ez badute ere, dokumentuak elkarlanean egiteko tresna aproposak dira.
Google ona da?
Galdera hori 2008an gero eta erabiltze gehiagok egin diote beren buruari. Orain arte Microsoft gaizto paperean jarri izan da, eta Google onarenean. Baina azken urteotan Googleren erroak asko zabaldu dira; gero eta informazio gehiago du bere esku, eta horrek mesfidantza sortu du. Kontuak kontu, ukatu ezinezkoa da kaleratu dituen ia tresna eta zerbitzu guztiak oso onak direla eta horregatik lortu dutela hain erabilera zabala.
Kontu asko geratu dira idazteko, tresna, joera eta berrikuntza asko. Lerro hauetan urtearen laburpen bat soilik egin nahi izan da, urte berrian sartu aurretik begirada bat egin atzera. Tresna batzuk beren tokia aurkitzen ari dira, eta joera batzuk indarra hartzen. Urte berriak bakoitza bere tokian jarriko du.


2008ko hirugarren lauhilabeteko datuek diotenez, munduan lehen aldiz gehiago saldu dira eramangarriak, mahai gaineko konputagailuak baino. Eramangarrien salmenta %38 handitu da, eta mahai gainekoena %1,3 jaitsi da. Orain arte, ordenagailu eramangarria lanerako tresna moduan erabiltzen zen: lan mundua zen haren esparrua. Baina, gaur egun, gero eta gehiago erabiltzen da etxean. Askoz toki gutxiago behar du, eta funtzio bertsuak eskaintzen ditu. Adituen esanetan, garai berri baten hasiera da hau, ordenagailu eramangarriaren garaiaren hasiera.





Entries (RSS)