Adituek diotenez, lau urte dira birus batek hainbeste ordenagailu kutsatzen ez dituela. Conficker birusak, Downup izenarekin ere ezagutzen denak, 10 milioi ordenagailutan sartzea lortu du. Birus horrek hiru bide erabiltzen ditu zabaltzeko. Lehenengoa Windows-ek duen segurtasun-zulo bat; hala ere, Microsoftek 2008ko urrian kaleratu zuen akats hori konpontzen duen adabakia. Bigarrena, USB memoriak dira, garai batean disketeez baliatzen ziren bezala, Conficker-ek memoria mota horiek erabiltzen ditu zabaltzeko. Kutsatuta dagoen ordenagailu batean USB memoria bat sartuz gero, automatikoki memoria horretara jauzi egiten du. Horrela, memoria konektatzen den hurrengo ordenagailua kutsatu ahal izango du. Hirugarren aukera, sare lokal batean egoten diren partekatutako karpetak dira. Birusa karpeta horiek atzemateko gai da, hori egin ondoren karpeta horietan sartzen da bertako dokumentuak irekitzen dituzten ordenagailuak kutsatzeko.

Horixe dio Espainiako Teknologien Institutuak egin duen lehenengo txostenean. Gainera, joera hori goranzkoa omen da, hau da, gero eta ordenagailu gehiago daude kutsatuta. Txostenak dioenez, malware (software maltzurra) bidezko kutsadurak areagotzen ari dira. Mota horretako kutsadura urrunetik ordenagailuaren kontrola hartzeko izan ohi da. Hala, pasahitzak eta halako informazioa lor ditzakete.
Ordenagailuen kutsadurei aurre egiteko, antibirusak eta suhesiak (firewall) izeneko aplikazioa erabiltzen dira. Lehenengoak oso hedatuak daude. Oraingoek ez dute zerikusirik duela urte batzuetako antibirusekin. Gaur egun, askoz software maltzur gehiago dago, eta guztietatik babestea erronka handia da. Firewallak, berriz, hain ezagunak izan ez arren, oso funtzioa garrantzitsua betetzen dute. Horiek baimenik ez duen aplikazio baten exekuzioa galaraz dezakete, baita Internetetik ordenagailura sartu nahi duten software maltzurrei bidea itxi ere.


Entries (RSS)