Aurreko astean hasitako gairekin jarraituz, artikulu honetan euskaraz erabil daitezken bulegotika-suiteak azalduko dira. Microsoft Office eta OpenOffice dira ezagunenak, eta biak erabil daitezke euskaraz.

Bulegotika aplikazioak, ordenagailua erabilera pertsonala erabiltzen hasi zenean sortutakoak dira. Lehenengo suiteak IBM eta antzeko etxe handiek kaleratu zituzten. Berez, barnean duten aplikazio-multzoa ez dago zehaztuta, baina ohikoenak hiru aplikazioak biltzen dituzte: testu prozesatzailea, kalkulu-orriak eta aurkezpenak egitekoa. Batzuek marrazketarako tresna ekartzen dute edota datu-basea kudeatzeko aplikazioa.

OpenOffice

Kode irekian dagoen bulegotika-suite ezagunena da gaur egun. Duela aste batzuk kaleratu zen Openoffice 3.0 bertsioa, eta handik gutxira euskarazko bertsioa ere eskuragarri jarri zen. Kode irekiko aplikazio gehienek bezala, garatzaile eta erabiltzaile komunitate zabala du atzean. Horrek, etengabe zuzenketak eta hobekuntzak egitea ekartzen du. Ez da ahaztu behar bulegotika-suite oso hau doakoa dela.

Euskarazko bertsioa garatzen ere ari da talde bat, eta Zundan enpresa da koordinazio orokorraz arduratzen dena. 2.2.1 bertsioa arteko lokalizazioak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak diruz lagundu zituen. Baina ordutik aurrera Zundan enpresak egin ditu lokalizazio-lanak, eta bertsio berri honetarakoak musu-truk gainera.

Openoffice euskaraz jartzeko, lehen aplikazio osoa deskargatu behar zen, ez zegoen beste modurik. Baina azken bertsioetan hori aldatu egin da, eta orain hizkuntza-pakete egokia hartuta ere egin daiteke. Horrela, OpenOffice bertsio berria euskaraz har daiteke oso-osorik, eta, erdarazko bertsio berria izanez gero, hizkuntza paketea hartzearekin aski da. Instalatzerako orduan ez du inongo misteriorik, erraz burutzen den prozesua jarraitu besterik ez da egin behar. Behin hizkuntza-paketea instalatu ondoren, interfaze osoa euskaraz erakusten da, eta erabiltzen hastea besterik ez da geratzen.

Microsoft Office

Azken hamar urtean gehien erabili izan den bulegotika-suitea izan da dudarik gabe. Bere testu prozesatzailea (Word) eta kalkulu-orria (Excel) oso ezagunak eta erabiliak izan dira. Gaur egun ere gehien bera erabiltzen da, baina OpenOffice hortzak erakusten ari zaio azken aldian.

Euskarazko lokalizazioak Office 2000 bertsioarekin hasi ziren. Garai hartan aplikazio osoa erosi behar zen euskaraz erabili ahal izateko, ez zegoen hizkuntza paketerik. Baina Office 2003 bertsioaz geroztik, euskarazko hizkuntza paketea eskaintzen da. Gaur egun, Office 2003 eta 2007 bertsioak jar daitezke euskaraz. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren webgunera jo behar da, euskarazko bulegotika atalera. Han daude hizkuntza paketeen estekak, eta osos erraz hartu eta instalatu daitezke.

Zuzentzaile ortografikoa
Bulegotika aplikazioetan erabiltzen den osagai garrantzitsuenetakoa da zuzentzaile ortografikoa. Nahiz eta normalean testu-prozesatzailean erabili, beste aplikazioetan ere erabil daiteke. Euskarak ere badu berea, XUXEN izenekoa, eta artikulu honetan aipatu diren bi suitetarako bertsioak daude.

OpenOffice-en instalatzeko, orain arte nahiko korapilatsua bazen ere, bertsio berrian asko erraztu dute. Gehigarri bezala instalatzen da, horretarako nahikoa da XUXEN deskargatu eta gehigarriak kudeatzen diren menuan berri bat bezala sartzea. Behin hori egin ondoren, defektuzko hizkuntza euskara aukeratu eta handik aurrera euskaraz zuzenduko dira testuak.

Office-erako prestatutako XUXEN instalatzeko, aski da fitxategia jaistea eta klik bikoitza eginaz instalatzea. Gero, OpenOffice-en bezala, euskara hautatu behar da hizkuntza lehenetsi gisa.

Bulegotika-suitea erabiltzaile gehienen ohiko tresna dela esan daiteke, bai dokumentuak idazteko, kalkulu-orriak egiteko eta abarretarako. Beraz, sistema eragilearekin batera hori euskaraz jarriz gero, ordenagailuan erabiltzen diren osagaiak neurri handi batean euskaraz izango dira. Pixkanaka-pixkanaka, ari da ordenagailua euskaraz ikasten.

Ordenagailuan ezer instalatu gabe guztia sarean eduki nahi duenarentzat aukera interesgarria da Zoho. On-line dagoen bulegotika suite moduan definitu daiteke, baina hori baino gehiago da. Adituen ustez, hori da alternatiba sendoena Googleren atzaparretatik alde egin nahi dutenentzat. Posta, dokumentuak, kalkulu-orriak, wikia, atazen kudeaketa eta abar. Sarean dabilen erabiltzailearentzat pentsatutako tresna.

Zoho aplikazioaren garatzailea AdventNet enpresa estatubatuarra da. Duela urte batzuk, Interneteko erabileraren eztanda gertatu zenean, enpresa hori hasia zen web bidezko aplikazioen garapenekin. Denboran aurrera joan ahala, gero eta tresna gehiago joan dira eransten. Gaur egun lortu duen aplikazio-sorta osoa izan arte.

Zohok erabilera pertsonala eta enpresa erabilera bereizten ditu. Badira bi erabileretarako dauden aplikazioak; posta edo dokumentuak sortzeko tresna, esaterako. Aldiz, beste aplikazio batzuk enpresei begira edo erabilera komertzialari begira garatutakoak dira.

Zoho Mail

Web bidezko beste posta zerbitzuekin parekatzen bada, ezaugarri berak ditu. Karpetak kudeatu daitezke, berriak sortu, ezabatu eta abar. Postak idazteko tresna-barra hornitua eskaintzen du. Baina ezaugarri horiez gain, berriena Internet konexiorik ez dagoenean erabiltzeko aukera da. Ezaugarri horrekin, saretik deskonektatuta lan egiteko aukera ematen du, eta konektatzean, bidalketak egitekoa.

Zoho Docs

Dokumentuak kudeatzeko tresna da, eta testu-dokumentuak, kalkulu-orriak eta aurkezpenak egin daitezke. Sortutako dokumentu horiek kudeatu ahal izateko, karpeta-sistema bat ere badu. Google Docs tresnaren parekoa dela esan daiteke, ezaugarri bertsuak baitituzte. Dokumentuak pertsona gehiagorekin lankidetzan osatzeko aukera ere ematen du.

Zoho Wiki

Wikiak sortzeko tresna asko daude, eta Zohok badu berea. Edukiak sortzeko interfaze erabilerraza du, eta wikia publikoa edo pribatua egin daiteke. Edozein wiki sistemak bezala, aldaketak kudeatzeko aukera ematen du. Erabiltzaile izenarekin lortutako helbide bat sortzen da wikiarentzat.

Zoho Planner

Erabiltzailearen atazak kudeatzeko tresna da; agenda pertsonala, azken finean. Bertan, eguneko egitekoak kudeatu daitezke, gogorazpenak jarri, atazak partekatu beste erabiltzaileekin eta abar.

Enpresarako tresnak

Hasieran esan bezala, Zoho ez da erabiltzaile partikularrentzako pentsatutako tresna soilik. Enpresentzat pentsatuta dagoen aplikazio multzo polita du. Bertan, bezeroekin izandako harremanak eta haien inguruko informazioa kudeatzeko CRMa aurkitu daiteke. Proiektuak kudeatzeko tresna da, giza-baliabideak antolatzeko, fakturazioa egiteko, datu baseak kudeatzeko eta abar.

Tresna horietako batzuen lizentzia guztiz doakoa da; beste batzuena, aldiz, mugatua da. Esate baterako, proiektuak kudeatzeko tresna doakoa da proiektu batentzat; aldiz, bat baino gehiago kudeatu nahi badira, ordaindu egin behar da.

Ikusten den bezala, tresna-multzo oso aberatsa eskaintzen du Zohok. Guztiak azken belaunaldiko teknologiaz garatuak eta elkarren artean erlazionatuak. Erabiltzaileak behin kontuan sartzea nahikoa du aplikazio guztiak atzitu ahal izateko. Sareko bulegotika eta bestelako tresnen eskaintzan gailurrean dagoela esan daiteke; Google bera ere gainditu egiten du funtzionalitate batzuekin. Sarean dauden tresnak gero eta gehiago erabiltzen diren garai hauetan, Zoho protagonista nagusietakoa izateko prest dago.

Bad Behavior has blocked 60 access attempts in the last 7 days.