Informatika eta Internet munduan termino berri bat azaldu da indar bereziarekin azkenaldian. Cloud computing edo hodei-konputazioa izeneko terminoak, aplikazio informatikoak garatzeko paradigma berri bat proposatzen du. Gaur egun, horren erabilera asko ari da handitzen. Askotan, erabiltzaile arruntak ere baliatzen ditu era horretara garatutako aplikazio edota web guneak.
Zer da?
Cloud computing-aren edo hodei-konputazioaren definizio argi bat ematea ez da erraza. Teknologia berrietan munduko adituenak direnak, bakoitzak bere ukitua ematen dio definizioari. Dena dela, ideia nagusia ondorengoa da: konputazio zerbitzuak Internet bidez eskaintzea. Hodeiarena, Interneten metafora bat besterik ez da. Garapen tradizionaletan, aplikazio osoa ordenagailu batean exekutatzen da eta asko jota sare lokalean konektatuta dauden hainbat ordenagailutan. Hodei-konputazioan, aplikazioaren osagaiak Internet bidez atzi daitezke.
Aktore nagusiak
Joera honek teknologia berrietako enpresa handiak ere erakarri ditu. Izan ere, mundu berri hau menperatu eta aurkariei aurrea hartzen dienak etorkizunean abantaila handia izango baitu. Beraz, ezinbestekoa dute beraien indarrak hodei-konputazioan kontzentratzea, etorkizunean ere bertan jarraitu nahi badute.

Badira hodei-konputazioan erabat sinesten dutenak eta apustu sendoa egin dutenak. Mota horretako enpresak dira Google, Amazon, Yahoo! esaterako. Horiek guztiek hodei-konputazioa osatzen duten aplikazio ezagunak eskaintzen dituzte. Nahiz eta Amazonen jarduera nagusia merkataritza elektronikoa izan, Internet bidezko konputazio zerbitzu interesgarriak eskaintzen ditu.
Enpresa handi horiek hodei-konputazioan esperantza handia daukate jarrita. Hori dela eta, terminoa patentatzen saiatu denik ere bada. Hain zuzen, Dell etxea saiatu zen cloud computing terminoa patentatzen, baina ez zuen lortu.
Aplikazioak

Hodei-konputazioan oinarritzen diren aplikazio asko ezagunak dira. Nork ez ditu ezagutzen Facebook bezalako plataformak edota Google Apps aplikazio sorta. Bertako aplikazioak inongo softwarerik instalatu gabe erabil daitezke, horrela mantentze lan gutxiago egiten da. Faktore hori oso garrantzitsua da enpresa baten ikuspuntutik
Zerbitzuak

Nahiz eta hasiera arraroa gerta daitekeen, zerbitzuak ere eskaintzen dira. Normalean webgune batentzat kostu handia duten zerbitzuak eskaintzen dituzte, askotan doan. Bilatzaile handiek norbere webgunean bilatzeko ematen duen aukera da adibide bat. Bertan, bilaketa egiteko funtzionalitatea gehitzen zaio webguneari inongo aplikazio konplexurik instalatu gabe. Nortasuna kautotzeko eskaintzen den zerbitzua da beste adibide bat, OpenID bezalako plataformek eskaintzen dutena.
Biltegiratzea

Baina hodei-konputazioaren paradigmak aukera berri asko zabaltzen ditu. Indar handia hartzen ari diren horietako bat biltegiratzearena da, hau da, informazioa biltegiratzeko zerbitzuak eskaintzea. Informazio hori, fitxategiak (irudiak, dokumentuak eta abar…) ez ezik, datuak ere izan daitezke, urruneko datu-base bidez. Arlo horretan ere Amazon eta Google daude puntan, beraien SimpleDB eta App Engine zerbitzuekin hurrenez hurren. Eskaintzen duten biltegiratzeko aukerarekin, web aplikazio baten beharrak handitzea ez da arazoa, Amazonek eta Googlek dituzten zerbitzari ahaltsuak erabiltzen baitira.
Nahiz eta erabiltzailearen ikuspegitik askotan ez konturatu, cloud computing edo hodei-konputazioan oinarritzen diren aplikazioak gero eta gehiago dira. Internet webgunez osatutako sarea izatetik konputazio-zerbitzuak eskaintzen dituen hodei bat izatera pasatzen ari da. Hori da paradigma berria.