Irudien bilaketak egiterako orduan, ohikoena deskribapenean oinarritutako bilaketa egitea izan ohi da. Baina apurka bada ere aukera berriak ari dira azaltzen. Horietako bat da Muticolr, kolore bidezko bilaketak egiteko tresna. Bilaketa horiek egiteko, Flickr-eko irudi biltegian eta bilaketak egiteko duen API-an oinarritzen da. Horretarako, hamar milioi iruditik gora jarri dituzte aurkibidean, guztiak Interesting ataletakoak, beraien kalitatea ziurtatze aldera. Bilaketak egiteko, kolore paleta ageri da. Bertan, erabiltzaileak koloreak aukeratu ditzake eta, modu automatikoan, ondoan aukeratutako koloreak dituzten irudiak azalduko dira. Koloreen konbinazioak ere bilatu daitezke, hamar kolore arte. Emaitzak benetan ikusgarriak dira.
Flickr-eko etiketak eta irudiak bistaratzeko era berritzaile bat proposatzen du Taggalaxy web guneak, galaxia baten eskema erabiltzen du horretarako. Funtzionamendua erraza da, lehenik etiketaren bilaketa egiteko testu kutxa bat erakusten zaio erabiltzaileari. Ondoren, sistemak bilaketa egiten du Flickr-en eta emaitza galaxia baten moduan erakusten du. Erdian, bilatu den etiketa azaltzen da, eta inguruan etiketa horrekin erlazioa duten beste batzuk erakusten dira. Horrela, bilaketaren emaitza oso zabala izan bada, fintzeko aukera ematen du. Bilaketa fintzeko, nahikoa da inguruko etiketaren batean klik egitea, eta berehala emaitza berria aurkezten da. Emaitza horretan etiketarekin erlazioa duten argazki kopurua adierazten da. Argazkiak ikusteko, galaxiaren erdigunean dagoen elementuan klik egin behar da, eta argazki txikiz osatutako esfera bat azaltzen da.


Entries (RSS)