![]()
Ibilbideak egitea gustatzen al zaizu? Bizikletaz, oinez, eskiez edota zaldiz ibiltzen zara, eta datorren asteburuan ez dakizu nora joan? Interneten, mapek ekarri duten iraultzaren ondorio bat, ibilbideak izaten dituzten web guneak izan dira. Bertan, web 2.0 filosofiari jarraituz, erabiltzailea da protagonista, beraiek baitira ibilbide desberdinak kargatuz web gunea aberasten dutenak.
Google Maps eta horiek bezalako aplikazioek beraien funtzionalitateak izateaz gain, bertan oinarrituta, beste zerbitzuak eskaintzeko aukera ematen dute. Hortik abiatuz, norberaren irudimenaren esku dago eskaini nahi duena garatzea. Horrela hasi zen 2006an Jordi L. Ramot Wikiloc proiektuarekin.
Ramot informatikaria da, eta GIS (informazio geografikoko sistemak) ingurunean aritu izan da beti lanean. Bere afizioak kanpoko ekintzak dira, eta egun batean bere ibilbide gogokoenak partekatzeko web gune bat sortzea erabaki zuen. 2006an, Espainiako Googlek antolatutako lehiaketa bat irabazi zuen; eta, hortik aurrera, hazten joan da. 2007an bere diseinua eta funtzionalitateak erabat berritu zituen, eta, horrekin, web guneraren erabilera asko erraztu zen. Horren ondorio nagusia, trafikoaren hazkundea izan zen, 6 hilabetetan bost aldiz handitu zen.
Hasierako orria
Wikilocen sartzean, informazioa erakusteko duen interfazea oso argia dela segituan ikusten da. Nabigatzailea euskaraz nabigatzeko konfiguratua izanez gero, informazioa euskaraz eskaintzen du. Hasierako pantaila hiru ataletan banatzen da, ezker aldean, erabiltzailea konektatzen den tokitik hurbilen dagoen ibilbidea erakusten da. Ibilbidearen maparen azpian berriz, bere profila eta oinarrizko informazioa ageri da, eta horien azpian ibilbideari lotutako argazkiak. Eskuin aldean, erabiltzaileek sartutako azken ibilbideak erakusten dira. Artikulu hau idazterako orduan, 18.000 ibilbidetik gora daude sartuak. Zerrendaren azpian, bilaketak egiteko aukera ematen da, eta horren guztiaren azpian mota desberdinetako eta leku desberdinetako ibilbideak erakusteko aukera.
Ibilbideak bilatu eta deskargatu
Hasierako orrian azaltzen den testu-kutxa erabiltzen da horretarako, bertan, ibilbideak bilatu nahi diren inguruaren izena jartzea nahikoa da. Hori egin ondoren, Wikilocek emaitzak erakusten ditu. Emaitzak erakusten diren orria bi zatitan banatua dago; eskuin aldean, mapa bat ageri da, eta bertan daude inguruan aurkitu diren ibilbideak kokatuta. Ezker aldean berriz, ibilbide horien zerrenda dago.
Ibilbide horietako batean sartuz gero, horren informazio osoa erakusten da. Bertan, ibilbidearen datu guztiez gain (distantzia, altuera, altuera metatua, zailtasuna, egiteko behar den denbora, e.a.), bi elementu bisual azpimarra daitezke: ibilbidearen profila eta mapa. Profilak oso argi adierazten ditu ibilbidearen gorabeherak, eta mapak, berriz, ibilbideko puntu interesgarrienak. Gainera, mapan Panoramio web guneko argazkiak ikusteko aukera dago.
Wikilocek ibilbidea erabiltzeko aukera desberdinak eskaintzen ditu. Norbere web gunean jartzeko HTML kodea ematen da, posta elektronikoz bidaltzeko aukera eta norbere GPS gailura deskargatzeko aukera. Azken aukera hori oso interesgarria da; izan ere, GPS gailuren bat izanez gero, Wikilocetik ibilbideak deskargatu eta egiteko aukera oso baliogarria baita. Horrela, ez da mapa inprimatuta eraman beharrik.
Ibilbideak igo
Erabiltzaile batek bere ibilbidea igotzeko behar dituen bi gauzak erregistratua egotea eta GPS gailu batean gordetako ibilbidea dira. Ondoren, ibilbidea igotzeko formularioan GPX (GPS datuak partekatzeko estandarra) fitxategia sartu behar da. Hori egin ondoren, sistemak ibilbideko gune interesgarriak erakusten ditu, ibilbidean erakutsi nahi ez direnak kendu egingo dira. Eta, azken pausuan, ibilbidea eta gune interesgarriak ibilbide batean sartuko dira.
Aurrez igotako ibilbideak aldatzeko aukera ere ematen du.
Beraz, norabaitera joan eta ibilbideren bat egiteko asmoa izanez gero, Wikiloc bisitatzea guztiz gomendagarria da.


Entries (RSS)