Aurreko astean argitaratu zen albiste batek hautsak harrotu zituen Internet bidez musika entzuten duten erabiltzaileen artean. Izan ere, Last.fm musika zerbitzua ordainpeko bihurtuko zela esan baitzuten arduradunek. AEB, Erresuma Batua eta Alemania izango ziren zerbitzua doan jasoko zuten bakarrak. Albistea ziztu bizian zabaldu zen sarean, baita horri buruzko ondorioak eta erreakzioak ere. Berez, martxoaren 30ean jartzekoa zen indarrean erabakia, baina ez da hala izan. Arduradunek jaso duten erreakzio eta feedback kopurua dela eta, erabakia atzeratzea erabaki dute. Hala ere, Last.fm-ko blogean zerbitzua ordainpeko bihurtzearen arrazoiak azaltzen dituzte. Bertan aipatzen dutenez, Last.fm publizitate salmentarekin finantzatzen dute, baina ezin dute mundu guztiko herrialdeetan saldu publizitatea. Ondorioz, publizitatea saltzen ez duten herrialdeetan harpidetza bidez jarriko dutela esan dute.

Musika entzuteko ohiturak aldatzen ari dira, eta horretan, dudarik gabe, eraginik handiena Internetek izan du. Hasieran P2P aplikazioak izan baziren ere, Last.fm eta antzeko zerbitzuek aldatu zuten entzuteko modua. Bertan, jendeak, musika entzuteaz gain, gustuko duen edo ez esaten du, antzeko taldeak bilatzen joaten da, eta abar. Hori guztia Last.fm-k gorde egiten du, eta beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera eman.

Kasu honetan, Last.fm-ko informazio biltegi erraldoitik abiatuta, munduko musikaren egoera irudikatu nahi izan da. Horretarako, musika taldeak edo artistak puntu gisa irudikatu dira, eta, antzekoak izanez gero, marra batez lotu. Puntuaren tamaina Last.fm-n entzundako kopuruaren araberakoa da, hau da, zenbat eta gehiagotan entzuna izan, puntu gehiago. Azkenik, musika mota bakoitzari kolore bat eman zaio. Emaitza mapa koloretsu bat da, non erabiltzaile bakoitzak entzundako taldeak mapan non kokatzen diren ikus daitekeen, eta baita artista bakoitza non kokatzen den ere. Ikusgarria.

Bad Behavior has blocked 19 access attempts in the last 7 days.