Interneten zerbitzu asko aurki daitezke, imajina ezin daitezken zerbitzu motak topatzen dira bertan. Agian hainbesterainokoa ez da izango, baina berezia da ondorengo hau ere. Norberak diseinatutako letra motak sortzeko balio duen zerbitzua. YourFonts.com izeneko webguneak eskaintzen du zerbitzu hori. Bertan, pauso jakin batzuk jarraituta edozein ordenagailutan instala daitekeen letra mota sortzeko aukera ematen dute. Lehenengo, webgunetik letra mota sortzeko txantiloia hartu behar da. Sortu nahi den letra diseinuarekin idatziko da letra bakoitza, eta orria eskanerretik pasatu behar da. Ondoren, zerbitzarira igo eta errepasatu egingo da igotakoa, beharrezkoak diren probak eginez. Guztia egiaztatu ondoren, letra mota sortzen du zerbitzuak, eta ordenagailuan instalatzea soilik geratzen da. Eman beharreko pausoak oso argi adierazita daude, eta zerbitzua erabiltzeko ez da erregistratu behar.
Ingurumena babestea azken boladan puri-purian dagoen joera bat da. Batzuek marketin estrategia gisa erabiltzen duten arren, ideia originalak eta praktikoak ere badaude. Horietako bat Ecofont letra-tipo ekologikoa da. Sortzaileek diotenez, normalean inprimatzeko erabiltzen den tintaren %20a aurreztu omen daiteke. Horretarako, letra bakoitza zulotxoz betetzen da, eta zulo horiek hutsune gisa erakusten dira. Horrela, zulo horiek inprimatzen erabiliko litzatekeen tinta aurreztu egiten da.
Ecofont-en erabilera nagusia dokumentuen zirriborroak eta barne erabilerarako dokumentuak inprimatzea da. Hala ere, 10-12 puntuko letra erabiltzen bada, batere arazorik gabe erabil daiteke letra-tipo hori edozer inprimatzeko.


Entries (RSS)