Software librean garatutako bulegotika aplikazio ezagunenak bere hirugarren bertsioa kaleratu du. Aurreko astetik dago hartzeko moduan OpenOffice 3.0. Berrikuntza asko dakartza bertsio berriak; batzuk esanguratsuak, gainera. Mac OSX plataformarako bertsio natiboa dakar, eta mac-zaleek eskertuko dute dudarik gabe. Horrez gain, ODF 1.2 dokumentu formaturako prestatuta dago, eta baita OpenXML dokumenturako ere. Kalkulu-orria, dokumentu bat pertsona batek baino gehiagok erabili ahal izateko prestatu da. Itxura aldetik ere berrikuntzak dakartza, eta interfazean aldaketak gehitu dira. Zuzentzaile ortografikoari dagokionez, orain gehigarri moduan instalatu daiteke, eta Xuxen jadanik instalatu daiteke.

Microsoften Office 2007 bulegotika aplikazioak ODF (Open Document Format) formatu irekia onartuko du. Horrela, aipatutako formatuan dauden dokumentuak ireki eta sortutakoak gorde ahal izango dira. Office-entzat aterako duten hurrengo Service Packak ekarriko du ezaugarri hori, eta ez da aparteko beste pluginik erabiliko horretarako. Microsoftek ISO estandarra lortu zuen formatura egin duen hurbiltze hau esanguratsua da benetan; izan ere, orain arte bere formatu propioa ateratzearen aldeko apustua egin baitu. Orain, badirudi, bide hori alde batera uzten hasi dela.

Horrez gain, PDF formatua ere onartuko duela aipatu dute. Formatu hori merkatuan estandar bihurtua dago, nahiz eta orain horri aurre egiteko Microsoftek XPS formatu berria atera duen, ikusteko dago zenbat hedatuko den azken hori.

Bad Behavior has blocked 174 access attempts in the last 7 days.