The Pirate Bay webguneari egindako epaiketan, zigorra jartzearen arrazoietako bat zalantzan jarri du ikerketa batek. Epaiketan erabili zen arrazoi nagusia izan zen webgune horren jardueraren ondorioz, diskoetxeek sekulako dirutzak galdu zituztela. Orain, berriz, ikerketa baten emaitzek diotenez, P2P, BitTorrent eta halako sareek musika gehiago erosten laguntzen dute. Norvegiako negozio-eskola entzutetsu batek egin du ikerketa. Horretarako, 1.900 internautak hartu dute parte, guztiak 15 urtetik gorakoak. 15 eta 20 urte tarteko erabiltzaileek erosten dute musika sarean, CDan erosi beharrean. Horrez gain, P2Pren edo BitTorrenten moduko sareak gehien erabiltzen dituzte iTunesen, Amazonen eta halako denda birtualetan gehien erosten dutenak ere.
Fitxategiak partekatzeko erabiltzen diren P2P edo puntutik punturako aplikazioak oso erabiliak dira. Nork ez ditu ezagutzen Napster, eMule edo Kazaa aplikazioak? Jakina da izen horiek aipatzean, polemika ere beraiekin doala. Dena dela, ezin da ukatu etxeko ordenagailu askotan lan gehien egiten duen programa mandoa dela.
Azkenaldian, hasieran aipatu diren aplikazioak izan dituzten lege arazoak edo funtzionamendu arazoak direla eta, antzeko beste software batzuk azaldu dira. Nahiz eta sarean daudela urte batzuk izan, orain ari dira arrakasta lortzen. Beren aurrekoak izan dituzten arazoak sahiestu, beste ezaugarri batzuk hobetu eta gaur egun indarra hartu dute. Horren adibide garbia dira azalduko diren bi aplikazioak.
P2P
Toki askotan ikusten diren siglak dira P2P, sarritan, gainera, lege arazoekin erlazionatuta zoritxarrez. Informatika munduko izen gehienak bezala, P2P ere ingelesetik dator; peer to peer, alegia puntutik punturako konexioa. Aplikazio mota horiek ez dira zerbitzari jakin batetara konektatzen, baizik eta ordenagailu bakoitzak egiten du bezero eta zerbitzari lana. Informazioa ez da zentralizatuta biltegiratzen, baizik erabiltzaile bakoitzak berea partekatzen du. Horrela, erabiltzeak dira sarea osatzen dutenak, P2P sarea, hain zuzen.
P2P aplikazioak hainbat erabilera dituzte, nahiz eta askotan mota guztietako fitxategiak (audioa, bideoa, eta abar) partekatzeko erabiltzen diren. Beste erabilera ezagun bat Internet bidezko telefonia da; hor ahotsa da punturik puntura garraiatzen den informazioa.
Ares Galaxy
Orokorrean, Ares bezala ezagutzen da P2P aplikazio hau. 2002an sortu zen arren, ez da ezaguna egin duela gutxi arte. Hasieran erabiltzaile gutxi zituen Aresek, denborarekin eta Kazaa moduko aplikazioak jasandako onarpen jaitsiera zela medio, ezagunagoa egiten hasi zen. 2005ean, bere sortzaileak ezin zioten eutsi Aresek hartu zuen abiadari. Bertsio berriak kaleratzera ez ziren iristen eta erabiltzaileen eskaerak gero eta gehiago ziren. Hori ikusita, kodea aske jarri zuten Sourceforge zerbitzarian, eta ordutik aurrera, garaitzaile gehiago sartu ziren proiektuan. 2007an 2.0.9 bertsioa kaleratu zuten, eta berrikuntza handiak ekarri zituen. Horrekin batera, erabiltzaile sarea jadanik oso handia zenez, bere ospeak gora handia izan zuen.
Bere erabilera, antzeko aplikazioak bezalakoa da. Abantailarik handiena, sarera konektatzeko eta fitxategiak hartzeko abiaduran nabaritzen da. Beste aplikaziotan ilara baldin badago, itxoin egin behar izaten da jaisten hasi aurretik. Aresen berehala hasten da. Abiadura handiagoa lortzeko beste arrazoi bat da bere sare propioa izatea. Emule bezalako aplikazioek sarea partekatu egiten dute beste aplikazio batzuekin. Horrek bere abantaila eta desabantaila du, fitxategien katalogoa handiagoa da, baina aldi berean abiadura txikiagoa. Aldiz, Aresen sarea beretzat soilik da, horrela, lortzen diren abiadurak oso onak dira. Aldiz, katalogoa ez da besteak bezain zabala, baina abantaila hori gero eta murritzagoa da.
LimeWire
Antzeko funtzionamendua duen aplikazioa da LimeWire. Horrek ez du sare propiorik, eta Gnutella sarea erabiltzen du fitxategiak partekatzeko. Hala ere, jaitsierako abiadura ona lortzen du. Java hizkuntzan garatuta dago LimeWire, ondorioz, funtzionatu ahal izateko JRE (Java Runtime Enviroment) instalatua izan behar da. Kode irekikoa da, eta Windows, MAC OSX eta Linux plataformatarako bertsioak daude.
LimeWire eskuratzeko bi aukera daude: bata, doako bertsioa hartzea, eta, bestea, ordaintzea. Azken horrek, hainbat balio eta zerbitzu erantsi dakartza: iturri gehiagotara konexioa, abiadura azkarragoa, bilaketa hobeak eta laguntza teknikoa.


Entries (RSS)