Interneten aurki daitekeen informazio-masa oso handia dela ez da nobedadea, eta horietako RSS bidez atzitu daitezkeela ere ez. Adibide garbia, azkenaldian RSS irakurgailuen (Google Reader, Bloglines eta abar) erabilerak izan duen gorakada da. Jarioak sindikatzeko erraztasunak eta ematen duten erosotasuna izan dira arrakastaren giltzarri.

RSS jarioen hazkundearekin batera, informazio erauntsia ere etorri da. Lehen informazioa bilatu egin behar zen, eta orain norbere RSS irakurgailuan dauka. Esate baterako, gaur egun oso arrunta da erabiltzaile bakoitza hogei jariotik gora harpidetuta egotea. Eta nahiko arrunta da berrogei RSS jariotara harpidetuta dagoen jendea aurkitzea ere. Horrek zer ekarri du? Intereseko informazioa aurkitzeko lan handiagoa egin behar dela. Askotan bertan dago, RSS irakugailuak ekarri du, baina hainbestekoa da dagoen informazioa, benetan esanguratsua dena aurkitzea zail egin dela.

Mashup

Ingelesezko termino hau, azken boladan azaltzen ari diren webguneak definitzeko erabiltzen da. Funtsean, bere funtzionamendu independentea duten web zerbitzu bat edo gehiago hartu, nahastu eta sortzen den beste zerbitzu berriari deitzen zaio Mashup. Esate baterako, Googleren mapa zerbitzua erabiliz sortzen diren webguneak (Tagzania, Panoramio eta abar) mashup bezala ezagutzen dira.

RSS jarioekin ere egin daitezke horrelako nahasketak, eta hori egiteko zerbitzua eskaintzen duten webguneak ere badaude. Era horretara, RSS irakurgailuan sortzen den informazio gainezkada iragazi egin daiteke eta beste jario arinagoak sortu, kalitatezko informazioa soilik izango dutenak. Filtro horiek era askotakoak izan daitezke; horrez gain, jario bat baino gehiago bakar batean ere bateratu daitezke. Informazioa kudeatzeko oso praktikoak dira.

Yahoo! Pipes

Unix eta Linux munduan oso ezaguna den hodien kontzeptua hartu du Yahook zerbitzu honetan. Izan ere, informazio hodietatik pasatu eta bertan hainbat eragiketa egiteko aukera ematen du. Egin daitezkeen eragiketa posibleak asko dira; esate baterako, RSS jario bat baino gehiago bakar batean bildu daitezke, ordenatu, irizpide batzuen arabera iragazi eta itzuli egin daiteke. Mapekin eragiketak egiteko ere prestatua dago; horrela, RSS jarioak geokodetu eta mapa batean bisualizatu daitezke.

Yahoo! Pipes zerbitzuarekin, Mashup bat edo informazio nahasketa bat (hodi bat) edozeinek egin dezake. Tresna guztiz era bisualean kudeatu daiteke: saguarekin elementuak aukeratu eta komeni den eran antolatu besterik ez da egin behar. Gainera, erabiltzaile bakoitzak sortzen dituen hodiak ikus daitezke, eta hutsetik abiatu beharrean berrerabili egin daitezke hodiak. Horrela, gero eta ezaugarri aberatsagoak dituzten hodiak sortzen dira.

Microsoft Popfly

Tresna hau ere, programatzaileak ez direnek beraien mashup-ak egiteko da. Oso interfaze bisuala dauka; ez da ezer programatu behar: guztia saguarekin egin daiteke. Mashup-ak sortzeko orduan, Yahoo eta Facebook bezalako webguneekin integratzeko aukera ematen du. Hori bai, Googleren zerbitzuekin ezin da inolako eragiketarik burutu.

Microsoftek, Windows Live plataformako APIetan oinarritutako estrategian, beste pauso bat eman du aurrera Popfly zerbitzuarekin. Gainera, interfaze eta erabilera aldetik Yahoorena baino hobeto dabil. Beraz, lehia gogorra izango dute alor honetan.

Nahiz eta artikulu honetan RSS jarioak kudeatzeari eman zaion garrantzia, aukeztu diren bi tresna hauek funtzio gehiago ere betetzen dituzte. Aipatu den bezala, mapak integratzeko gaitasuna ere badute beste ezaugarri batzuen artean. Beraz, erabiltzaileak jasotzen duen informazioa arindu beharra sentitzen badu, modu erraz eta azkar batean lor dezake bi hauetako edozeinekin.

Baleike.com web guneko blog plataforman egin diren aldaketak direla eta, RSS jarioaren helbidea aldatu egin da. Ondorengo esteka da RSS jario berria:

Bad Behavior has blocked 66 access attempts in the last 7 days.