Gero eta ohikoago bihurtzen ari da posta elektronikoa Interneten gordetzea. Gero eta gutxiago egiten da posta kudeatzeko software baten bidez posta ordenagailura deskargatzea. Hala ere, oraindik jende askok erabiltzen ditu mota horretako aplikazioak. Lan munduan, esaterako, oso ohikoa da posta elektronikoa ordenagailura deskargatzea.
Posta elektronikoa kudeatzeko aplikazioen artean, Microsoft etxeko Outlook da ezagunena, hori erabiltzen baita gehien. Baina norbait aplikazio hori utzi eta beste bat jartzekotan baldin badabil, badu aukerarik. Kode irekikoak diren bi aplikazio dira alternatiba nagusiak: Mozilla Thunderbird eta Novell Evolution. Gainera, biak erabil daitezke euskaraz.
Thunderbird
Mozilla proiektuaren posta-bezeroa da Thunderbird. Firefox nabigatzailea bezala, oso aplikazio egonkorra da. Posta-bezero batek dituen edozein ezaugarri ditu: karpetak kudeatzeko sistema, posta helbideen atala eta posta-kontu bat baino gehiago kudeatzeko aukera. Spam-a diren mezuak iragazteko ere oso motor eraginkorra du. Gainera, Windows, Mac OS X eta Linux plataformetan erabiltzeko prestatuta dago.
Ohiko ezaugarriez gain, baditu beste ezaugarri batzuk ere, eta horiek oraindik gehiago errazten dute aplikazioaren erabilera. Esate baterako, RSS jarioak Thunderbidetik bertatik irakurtzeko konfiguratu daiteke. Horrela, horiek irakurtzeko ez da beste aplikaziorik behar.
Mezuak karpetetan sailkatzeaz gain, etiketak jartzeko aukera ematen du. Etiketa horiekin, mezuak gaika sailka daitezke, eta berdin dio mezuak karpeta desberdinetan baldin badaude ere. Hau da, karpeta desberdinetako mezuak etiketen bidez erlaziona daitezke.
Firefox nabigatzaileak bezala, Thunderbirdek ere gehigarriak onartzen ditu. Aukera horrekin, aplikazioa ezaugarri berriekin aberastu egin daiteke, gehigarrien bilduma oso zabala baita. Denetik aurki daiteke: kontaktuen zerrenda Gmail-ekin sinkronizatuta izateko aukera, deskargak azkartzeko modua, segurtasun gehigarriak eta abar.
Evolution
Duela urte batzuk Ximian Evolution zuen izena, baina, Novell enpresak erosi zuenetik, Evolution esaten zaio. Kode irekiko posta-bezero horrek, posta elektronikoa kudeatzeaz gain, beste hainbat funtzio ere betetzen ditu. Eguneko agenda, egin beharreko atazak, bilerak eta mota guztietako zereginak kudea daitezke Evolutionekin.
Jatorrizko aplikazioa Linux plataformakoa da; Ubuntu bezalako banaketa ezagunetan instalatzen da, besterik agintzen ez bada. Dena dela, Windows plataformarako bertsio bat ere mantentzen da. Horrela, Microsoft Outlooken alternatiba sendo moduan aurkezten da; izan ere, ezaugarri antzekoak baitituzte. Evolutionek duen bilaketa-sistema oso azkarra da. Eremu askotan egin daitezke bilaketak; mezuen gorputzea egiten bada ere, emaitzak oso azkar bueltatzen ditu.
Gnome proiektuaren barnean dagoenez, hori euskaratzeko proiektuaren barnean sartu da Evolution euskaratzea ere. Beraz, norbere sistema eragilea euskaraz izanez gero, aplikazioaren interfazea euskaraz izango da. Bestela, eskuz konfiguratu beharko da.
Outlook
Microsoften posta-bezeroa da hiruren artean ezagunena. Sistema eragilearekin eta bulegotika-suitearekin duen nagusitasunaz baliatu da posta-aplikazioa ezartzeko. Euskaraz ere badago Outlook; nahikoa da Office bulegotika-suiteari euskarazko interfaze paketea instalatzea. Hori egin ondoren, aplikazioa euskaraz erabili ahal izango da.
Artikulu honetan posta elektronikoa norbere ordenagailuan kudeatu ahal izateko aplikazioak aurkeztu dira. Hirurak dira baliozkoak, lehenengo biak kode irekikoak, eta hirugarrena ez. Baina hirurak erabil daitezke euskaraz. Gehien erabiltzen den aplikazioa euskaraz erabil daiteke.


Izenak dioen bezala, 

Netscape Communicator nabigatzailearen ondorengoa dela esan daiteke
Oraindik ere gehien erabiltzen den nabigatzailea da 




Entries (RSS)