Microsoft Windows sistema eragilea utzi eta beste bat erabili nahi dutenek bi aukera nagusi dituzte: Mac edo Linux. Mac beti izan da oso sistema eragile ikusgarria, Windows baino lehenago hasi zen ingurune grafikoa erabiltzen. Baina Apple ordenagailuek dituzten prezioen eraginez, batez ere, oso zaleak direnak bakarrik biltzen dira bere inguruan. Linux sistema eragilearen inguruan, berriz, jakina da banaketa edo distribuzio asko daudela. Hala ere, erabiltzeko erraztasuna dela eta, bat nabarmendu da azken urteotan: Ubuntu. Joan den apirilean ikusi zuen argia 9.04 bertsio berriak.
Ubuntu plataformaren arduradun nagusia Mark Shuttleworth da. Bera da Ubuntu kudeatzen duen Canonical enpresaren nagusia. Lehenengo bertsioa 2004ko urrian kaleratu zuten, eta, harrez gero, urtean bi banaketa berri kaleratzen dituzte, bata urrian eta bestea apirilean (.04 eta .10). Beraz, ordenagailua azken berrikuntzekin eguneratua izateko aukera aparta da. Banaketa horiez gain, kontuan hartu behar da egunero egiten direla sistemako hainbat elementuren eguneraketak. Horiek aurkitutako akatsen zuzenketekin lotuta egon ohi dira normalean.
Sei hilabetetik behin kaleratzen dituzten banaketak hamazortzi hilabetean eguneratzen dituzte. Hilabete horietan, segurtasun arazoak eta akats kritikoak konpontzeko eguneraketak egiten dituzte; baita bestelako eguneraketa txikiak ere. Behin epe hori pasata, Canonicalek ez du ofizialki banaketa eguneratzen jarraitzen. Banaketa arrunt horiez gain, bi urtetik behin LTS (Long Term Support) motako banaketa bat kaleratzen dute. Izenak berak dioen bezala, banaketa horiek epe luzeagoan dituzte bermatuta eguneraketak, hiru urtean mahai gaineko bertsioak eta bost zerbitzaritarako bertsioak.
9.04 bertsio berria
Joan den apirilean kaleratu zuten azken bertsioa, 9.04 bertsioa eta Jaunty Jackalope izenarekin bataiatu dena. Bertsio berri horrek dakartzan berrikuntzak zerrendatzen hasita, mezuak jakinarazteko sistema berria nabarmentzekoa da. Erabiltzailearentzat atseginagoa da oraingo metodoa. Fitxategi-sistema ere aldatu da, ext4 sistema darama. Horrekin, ordenagailuaren abio-denbora azkartzeaz gain, 16 Terabyte arteko fitxategiak kudeatu ahal izango dira. Horrez gain, sistemaren ingurune grafikoan ere egin dira diseinu aldaketak, hasierako pantailan eta mahai gaineko kudeaketan. Bestetik, Linux plataformako aplikazioen bertsio berriak ere badatoz, OpenOffice 3 da horietan garrantzitsuena.
Instalazioa eta eguneraketak
Duela urte batzuetatik gaur egunera, asko sinplifikatu da Ubunturen instalazioa. CDa sartzen den momentutik ingurune grafiko eta atsegin batez baliatuz, instalazioa erraz egiten da. Ekintza asko automatizatuta daude, eta erabiltzailearen parte-hartzea oso une jakinetan soilik egiten da.
Banaketa berrira eguneratzeko prozesuari dagokionez, oso sinplea eta intuitiboa dela esan behar da. Ordenagailuan instalatuta duen jatorrizko banaketaren arabera, prozesua zerbait aldatzen da. 8.10 banaketa izanez gero, lehenik eguneraketa guztiak egitea gomendatzen da. Horretarako, «Sistema > Administrazioa > Eguneraketa-Kudeatzailea» atalera jo eta «Egiaztatu» botoia sakatu behar da. Eguneratzeko paketerik aurkitu bada, eguneraketa horiek instalatu. Hori egin ondoren, eguneraketa-kudeatzailearen goialdean, banaketa berri bat eskuragarri dagoela esaten duen mezua azalduko da. Bertan, eguneratzeko botoia sakatu eta handik aurrera prozesua jarraitzearekin nahikoa da.
8.04 banaketan antzeko prozesua jarraitu behar da, baina pauso pare bat egin behar dira aurretik. Lehenengo, «Sistema > Administrazioa > Software-Jatorriak» atalera jo eta bertan eguneraketa erlaitzean, «Bertsio-eguneraketa» eremuan «Bertsio-normalak» aukeratu behar da. Izan ere, 8.04 banaketa LTS motakoa denez, besterik adierazi ezean mota horretako banaketa berriak soilik detektatzen ditu. Behin aldaketa hori egin ondoren, lehenengo 8.10 banaketara eguneratu behar da sistema, eta gero, lehenago aipatu den bezala 9.04 banaketara.
Ingurune grafikoek izan duten garapenaren eta eguneroko jardunerako beharrezkoa den softwarea izatearen ondorioz, Linux plataforma gero eta jende gehiagok erabiltzen du. Ubuntu banaketak ere lan handia egin du erabiltzaile aurreratuak ez direnentzat plataforma erabilterraza eta intuitiboa izateko. Ildo berean atera da azken banaketa ere, Windowsen aurrean alternatiba sendoa dudarik gabe.


Entries (RSS)