Orain arte telebista enpresa handien eremua izan da, baina Interneten erabilera zabaltzen ari den neurrian, hori aldatzen ari da. Ezaguna da YouTubek Internet bidezko bideoari eman dion bultzada, bada, orain grabatutako bideoak ez ezik, zuzeneko emanaldiak ere eskain daitezke. Hori da Interneteko telebista, edozeinek izan dezake kanal propio bat eta bere emanaldiak eskaini.
Tresna asko Beta moduan egon arren, funtzionalitate asko dituzte. Gaur egun Beta egoeran egoteak ez du esan nahi probatarako soilik denik, Google da horren adibide garbiena, argitaratzen dituen ia tresna guztiak era horretara jartzen baititu. Ohiko eran bideoak igotzeaz gain, sakelakoarekin grabatu eta igotzeko aukera ematen dutenak, funtzionalitate sozialak eskaintzen dituztenak aurki daitezke. Azaleratzen ari den eremu bat izanik, bakoitza bere txokoa bilatzen ari da.
Vpod.tv
Europan sortutako proiektu hau indarra hartzen ari da pixkanaka YouTuberen aurrean. Gainera, Vpod proiektuak baditu ezaugarri batzuk besteetatik bereizten dutenak. Ohiko erreproduzigailuaz gain, norbere telebista kanala sortzeko aukera ematen du. Horretarako, Studio izeneko web aplikazio bat erabili behar da. Aplikazio horrek, bideoak sortu, partekatu, editatu eta argitaratzeko balio du, besteak beste.

Vpoden beste ezaugarri garrantzitsu bat sakelakoetatik atzitzeko aukera da. Aplikazioen ezaugarriek uzten duten neurrian, ordenagailutik erabil daitezken tresna guztiak erabil daitezke sakelakotik ere. Eremu honetan, YouTuberi aurre hartu diola iritzi diote adituek.
BoxTV aplikazioarekin etxeko egongelatara iritsi nahi du. Aplikazioa telebista, DVD eta bestelako gailutan integratzeko lanean ari dira. Horrela, IPTV teknologia bitartez sareko eduki guztiak ikusi ahal izango dira etxeko egongelatik mugitu gabe.
Ezaugarri horiez gain, komunitatea sortzeko aukera eta garatzaileentzako API bat ere eskaintzen du. Lehen aipatu bezala, YouTubetik bereizteko ahalegin berezia egiten ari dira, eta lortzen ari direla dirudi.

Labetik atera berria (Alpha egoeran dago) den tresna honek, eskuko telefonoaren ezaugarriei zuku asko ateratzeko aukera ematen du. Oraindik funtzionamenduak akats batzuk dituen arren, oso interesgarria da egiten duten proposamena. Laburbilduz, sakelakoaren kamera aprobetxatuz, Interneten zuzenean emititzeko aukera ematen du Bambuserek. Horretarako, telefonoak Internetera konektatzeko duen GPRS, 3G edo Wi-Fi sarea erabiltzen du, eta lortzen ari den irudiak Bambuseren zerbitzarira bidaltzen ditu.
Ikusleen artean eragiteko aukera ere ematen du, izan ere, emanaldia dagoen bitartean, txat sistema bat erabil dezakete ikusleek irudiak emititzen ari denarekin komunikatzeko. Gainera, grabatzen ari dena ez da sakelakoan gordetzen, haien zerbitzarietan baizik, horrela gailuarekin izan daitezkeen memoria arazoak saihesten dira.
Hemen aurkeztu diren bi aukerez gain, askoz gehiago aurki daitezke sarean. YouTube bera ere hor dago, norbere kanal propioa sortzeko aukera ematen du. Gainera, telebista batzuk bere plataformaz baliatu dira Interneteko telebistara jauzi egiteko. Sortzen ari diren aukera berrien artean, Hago TV eta Woho daude, besteak beste. Kanala erabiltzaile batena izan beharrean, egilea komunitatea bera izateko aukera ematen du HagoTVk. Horretarako, zenbait kategoria sortu dituzte, eta erabiltzaileak aukeratzen du bere bideoa zein kategoriatakoa den.
Aplikazio berri asko daude, eta normala izango litzateke batzuk bidean geratzea. Hala ere, guztiek merezi dute probatzea, bakoitzak bere nortasun ikutua ematen baitio aplikazioari.


Entries (RSS)