Mankomunitateko estatutu berrien aurrean

Legealdi honen hasieran, 2007ko irailaren 3an, Mankomunitateko lehendakariak proposatu zuen Mankomunitateko Batzorde Exekutiboaren Estatutuak aldatzea, eta horretarako lantalde bat eratu zen. Estatutu “zaharrak” 1992koak dira, eta ordutik hona aldaketa txiki batzuk egin badira ere, aitortu beharra dago zaharkituta geratu direla eta aldatu beharra zegoela.

Estatutu berriak osatzeko orduan, lehendabizi argi eduki behar duguna da zertarako egin nahi diren aldaketak. Gure ustez, zilegi litzateke estatutuak aldatzea herritarren parte-hartzea areagotzeko, gaur egun Mankomunitatea, zoritxarrez, herrietatik urruti sentitzen delako; edo zilegi litzateke aldatzea apartheid politikoa gainditzeko, herritarrek bozkatzen dutena ondoren Mankomunitatean ahalik eta modu zehatzenean ordezkatzeko eta irudikatzeko.

Baina, zoritxarrez, Estatutuak aldatzeko unea iritsitakoan, garbi geratu da horiek ez direla Mankomunitateko lehendakariaren helburuak. PNVren eta Mankomunitateko lehendakariaren helburuak, beti bezala, PNVrentzat botere gehiago lortzea izan da. Alderdiari begira egiten dute eta lan, herriari begira egin beharrean.

Hasieran, Estatutuak aldatzeko eratu zen lantaldeko kideok ados jartzea lortu genuen: 0 eta 5.000 biztanle bitarteko herriek 2 ordezkari izango zituzten Batzorde Exekutiboan; 5.000 eta 10.000 biztanle bitarteko herriek, 3 ordezkari; 10.000 eta 20.000 biztanle bitarteko herriek, 4 ordezkari; eta, azkenik, 20.000tik gorakoek, 5 ordezkari.

Hurrengo bileran, ordea, Mankomunitateko lehendakariak akordio hori aldatu nahi izan zuen, eta horretarako erabili zuen argudioa harrigarria iruditu zitzaigun: “Banaketa horrekin nire alderdiak [PNVk] gehiengo absolutua galduko luke Batzorde Exekutiboan; ez ginen konturatu Orion 5.000 biztanletik gora daudela, eta, beraz, 3 ordezkari tokatzen zaizkiela banaketa¬ eredu horrekin; horregatik, proposamena aldatu egingo dugu: 0 eta 6.000 biztanle bitartean, 2 ordezkari; 6.000 eta 12.000 bitartean, 3 ordezkari; 12.000 eta 18.000 bitartean, 4 ordezkari; eta 18.000tik aurrera, 5 ordezkari. Egingo diren aldaketetan ez da nire alderdia galtzen aterako, noski”. Eta azkenean hori izan da erabili den “formula”. Proposamen berri honekin Zumaia ere galtzen ateratzen da, lau ordezkari izateko gutxieneko kopurua 10.000tik 12.000ra igo baita, laugarren ordezkaria lortzeko aukera nabarmen urrutiratu dutelako. Mankomunitateko lehendakaria zumaiarra izanik, zaila egiten zaigu ulertzea nola egin daitekeen Zumaiaren kontra eta alderdiaren alde, laugarren kide hori EB/Aralarrena izango bailitzateke. Orioko herriari zuzen-zuzenean ordezkari bat kendu diote, eta oraingo proposamenarekin 2 ordezkari izango lituzke (galtzaile: berriro EB/Aralar, horrena izango bailitzateke galdutako ordezkaria). Gure ustez, hasierako proposamenak askoz ere garbiago adierazten zuen eskualdeko herrietan dagoen aniztasun politikoa, baina hori PNVri ez zaio interesatzen.

Gaur egun, formula “berri” hori aplikatuz gero, honela banatuko lirateke ordezkariak: PNVk, 7; EAk, 3; EB-Aralarrek, 1; Ezker Abertzaleak, 2; PSOEk, 1.

Ikusi ondorengo taula, alderatu elkarrekin eta egiaztatu zenbateko gorabeherak dauden.

Alderdia Benetako botoen % (apartheidik gabe)
PNV 28,6
EA 17,7
EB-Aralar 16,5
Ezker Abertzalea 22,4
PSOE 14,7

Alderdia Ordezkaritza “legalaren” % (PNVren proposamenaren arabera)
PNV 50
EA 21,4
EB-Aralar 7,1
Ezker Abertzalea 14,3
PSOE 7,1

Alderdia Ordezkari­-kopuru “legala” (PNVren proposamenaren arabera)
PNV 7*
EA 3
EB-Aralar 1
Ezker Abertzalea 2
PSOE 1

*Oharra: Mankomunitateko lehendakaria Batzorde Exekutiboko lehendakaria ere bada; beraz, PNVk guztira 8 boto izango lituzke, hau da, gehiengo absolutua.

Bistan denez, banaketa ez da batere bidezkoa; hasteko, herri batzuetako (Getaria eta Zarauzko) Ezker Abertzaleko ordezkariak ez direlako inola ere kontuan hartzen, eta horiek ere eskualde honetako biztanleek botatu eta aukeratu dituztelako. Baina boto “legalei” begiratuta, nabarmena da banaketa ez dela batere proportzionala, desoreka nabarmena geratzen delako agerian: PSOEk edo EB-Aralarrek, hurrenez hurren boto legalen % 15,5 eta % 17,4 edukita, ordezkari bana izango lukete; PNVk, berriz, boto legalen % 30,2 lortuta, 8 ordezkari izango lituzke; beste era batera esanda, PSOEren eta EB-Aralarren botoak gehituta, botoen % 33 daukate eta bien artean 2 ordezkari dauzkate; PNVk, botoen % 30,2rekin, 8 ordezkari. Bistan denez, Mankomunitateko lehendakariaren hitzak erabilita, PNV ez da aterako galtzaile.

Gehiago ere badago, ordea. Orain arte, lau lehendakariordeak Batzar Orokorrak aukeratzen zituen. Orain, berriz, PNVk nahi zuen lehendakariorde bakarra izatea eta Batzorde Exekutiboak aukeratzea. A zer pagotxa PNVrentzat: boto legalen %30,2rekin, PNVk lehendakaria, lehendakariordea eta Batzorde Exekutiboan gehiengo absolutua lortzen zituen. Baina gertatu da Diputazioko txosten juridiko batek akordarazi diola PNVri hori oso legala ez dela, eta horregatik ez diote eutsi proposamenari. Beraz, lehendakariordea orain arte bezala Batzorde Exekutiboan aukeratuko da eta seguru asko ez da PNVrena izango.

Gure ustez, Estatutuak aldatzekotan beste helburu batekin egin beharra zegoen eta ez inola ere alderdikeriaz, Urola Kostako PNVk egin duen bezala. Horrela lortu nahi dutena da erabakiguneak herrietatik urrutiratzea, Mankomunitateko Batzar Orokorrari funtzioak eta garrantzia kentzea eta Batzar Exekutiboak (PNVk nahi bezala gobernatuko lukeen horrek) eskumen askozaz handiagoak izatea, PNVk bertan lortzen duen gehiengo absolutu faltsu hori lasai-lasai erabili ahal izateko.

Orain, proposamen berria Urola Kostako bost udaletako plenoetatik pasako da, eta gutxienez hiru udaletan onartu beharko dituzte. Tartean daude Zarautz eta Getaria, apartheid egoeran, Ezker Abertzaleko ordezkari “legalik” gabe. Lehendik erraztasun gutxi ez, eta orain abantaila guztia daukate.

Beraz, orain arte azaldu ditugun arrazoiengatik, Ezker Abertzaleko ordezkariok Estatutuak aldatzeko proposamen honen kontra botatuko dugu.

Zumaiako Ezker Abertzaleko hautetsiak

Zumaia, 2008ko azaroa

Auzoak ere Zumaia

Zumaiak ere baditu auzoak, herrigunetik zertxobait bereizita egoteagatik urte askoan baztertuta edo ahaztuta egon direnak: Estazioa, Jadarre, Narrondo, Oikia…
Horiek ere Zumaia dira, horietan bizi direnak zumaiarrak dira, eta bada ordua horiek ere kontuan hartzeko, horien beharrak eta nahiak asetzeko.
Auzoak zirela eta, Ezker Abertzaleak hauxe zioen hauteskunde- programan:

-Auzoak ere Zumaia dira: udal-zerbitzuek (lorategiak, garbiketa, hornidura…) Zumaiako auzo eta txoko guztietara iritsi behar dute
-Auzoetako herritar eta erakundeekin harremanak sortu edota estutu behar dira: herritarren arretarako bulegoa, bilerak auzoetan auzotarrekin, galdeketak egin aldian behin
-Azpiegiturez hornitu auzoak (bai kanpoaldekoak, bai Zumaia bertakoak): herritarrak biltzeko lokalak…
-Autobus-sare egokia: Zumaiatik auzoetara, industrialdeetara…
-Bidegorriak: azterketa sakonagoa egin behar da, batez ere herriaren eta auzoen lotura izateko

Emandako hitza betetzeko asmotan gara, proiektuak gauzatzen ari gara, eta gaur, urriak 27, Jadarre berriz urbanizatzeko lanak hasi dira. Urte asko zeramatzaten Jadarreko bizilagunek hainbat lan egiteko eskatzen eta azkenean, oraingoan, auzoaren itxura erabat aldatuko da, onerako: hiru igogailu jarriko dira irisgarritasun-arazoak ekiditeko; urak behar bezala jasoko dira (euri-urak eta ur fekalak); plaza berri bat eraikiko da; Narrondorantz joango den bidegorria Bonbillo ingurutik etorriko da eta Jadarretik ere pasako da… Guztira 3 milioi euro pasatxo bideratuko dira lan horiek egiteko, hiru urtetako aurrekontuetatik (2008, 2009 eta 2010ekoetatik).
Ez da izango, ordea, auzoetan egingo den lan bakarra. Jadarreko lanak amaitu aurretik hobekuntzak etorriko dira beste auzo batzuetara. Horrela, Narrondorako oinezkoentzako espaloiak eta bidegorria jarriko ditugu, eta lan horiez baliatuta, beste zerbitzu batzuk ere hobetuko dira: ur-hornidura eta -saneamendua, telefono-zerbitzua…
Horrez gain, herritarren eta Udalaren arteko harremanak estutzeko edo sendotzeko asmotan gara, Udaletxea auzotarrei ere zabaldu, eta horretarako hainbat neurri zehatz hartuko ditugu: informazio-panelak jarriko ditugu auzoetan, bilera bereziak egingo ditugu auzotarrekin…
Etorkizunean, auzoen eta auzotarren bizi-kalitatea handitu eta hobetu egingo da, auzoak ere Zumaia izan daitezen, auzotarrak ere zumaiar izan daitezen.

Urtebete eta etorkizuna

 

Urtebete baino gehiago igaro da Zumaiako Udaleko Gobernu Taldean lanean ari garenetik eta une egokia da egindakoaren balorazioa egiteko. Atzera begiratu, oker egindakoetatik ikasi, ondo egindakoak sendotu eta aurrera egiteko.
Lehenik eta behin, esan beharrean gaude guretzat oso esperientzia aberasgarria izan dela. Zumaiako Ezker Abertzalea orain dela gutxi arte oposizioan egon da eta ezinbestean handik bideratu izan du urteetan bere lana. Orain, berriz, gure proiektuak eta asmoak aurrera ateratzea neurri handi batean gure esku dago, eta horietako asko eta asko EArekin adostutako programan jasota daudenez, proiektu ugari gauzatzen ari gara dagoeneko eta etorkizunean are gehiago egingo ditugu.
EArekin Gobernu Taldea osatu genuenean, asko ziren zalantzak eta galderak, baina horiek ere pixkanaka argitzen joan gara. Bi alderdiok gai guztietan ez daukagu iritzi berbera, baina jakin eta asmatu dugu elkarguneak aurkitzen eta horien alde lan egiten, betiere bakoitzak bereari uko egin gabe.
Askok uste zuten gure akordioak eta sintoniak ez zuela iraungo, egun batzuetako kontua izango zela, eta ez ginela gai izango Zumaiako Udala gestionatzeko. Batzuek hondamendia eta zorigaitza iragarri zituzten, baina, bistan denez, ez da halakorik gertatu, eta egiaztatu dugu gu ere gai garela Udala gobernatzeko, aurrekoek bezain ondo, edo zergatik ez, hobeto. Horrek, gainera, are meritu handiagoa dauka, kontuan izanez gero Udaletxera sartu ginenean ez genuela inolako erraztasunik izan: boterea uzten zutenek ez zuten transmisiorik egin, ordenagailuak formateatuta eta bulegoak hutsik aurkitu genituen…
Zaila da urtebetean, egunez egun, egindako lana hitz edo lerro batzuetan laburbiltzea, baina ozen esan dezakegu denetarik egin dugula. Zumaiarentzat onuragarriak direlakoan, aurreko taldeak utzitako proiektu asko jarraitu ditugu (adibidez, Puntanuetako etxeak, Jadarre berriz urbanizatzea…) eta beste batzuk amaitu ditugu (adibidez, saihesbidea, kiroldegi aurreko zubia, anbulatorioa…); beste batzuetan, beharrak bultzatuta, proiektu berri batzuk bideratu ditugu (adibidez, alokairu sozialeko etxeak egiteko lehen pausoak eman, haurtzaindegi berria, surfeko lokala, Narrondorako oinezkoentzako pasabidea…); beste proiektu batzuk egokiak ez zirelakoan, geldiarazi eta berriz bideratu ditugu (Alondegia/Oxford, Torreberri…). Horiek guztiak obrei eta hirigintzari dagokienez, hor lanean jardun dugulako, baina azpimarratu nahi dugu urtebete honetan Udaleko beste sail eta arloei garrantzi handiagoa eman diegula, lehengoarekin alderatuta. Horren adibide dira ondorengoak: euskarari baliabide gehiago eta sendotasun handiagoa eman diogu, ingurumena indartu dugu, nazioarteko lankidetzako proiektuekin konpromisoa sendotu dugu, udal-langileekin akordioak lortu ditugu (San Juan egokitzakoak barne), Udalak zeraman azpikontratazio-politika geldiarazteko urratsak egiten ari gara (adibidez, 2009an bi azpikontatazio aztertzeko asmoa daukagu eta posible baldin bada Udalak eramango ditu zuzenean bi zerbitzu horiek: alde batetik, ludoteka; bestetik, udal-eraikinen garbiketa), udal-tasetan hobariak (bonifikazioak) jarri ditugu baliabide ekonomiko gutxien dutenentzat…
Duela urtebetetik, Zumaiako Udala aldatzen ari gara, Udala ez da berdina, eta are gehiago aldatuko da etorkizunean. Pixkanaka, Udaleko atea ireki diegu herritarrei eta parte hartzeko aukerak zabaltzen ari gara: aurten, lehen aldiz, herritarren parte-hartzearekin landutako aurrekontuak izango ditugu; udal-batzordeak orain irekiagoak dira eta aholkulariek parte hartzeko aukera daukate; auzoekin harremana estutzeko eta elkarren berri izateko bideak jarri ditugu; Kultura Foroa sortu da… Baztertuta eta ahaztuta geratu dira beste garai bateko jarrera batzuk (batez ere prepotentzia edo nagusikeria). Arloz arlo, eragile eta eragindako guztiekin harremanak naturaltasunez sendotzen ari gara, egunez egun, elkarlanean. Etorkizunak erronka handiak ditu Zumaiarentzat, eta gure lanari esker horiei ere aurre egingo diegu: Mojaxarrak, Estazioa auzoa, Beheko plaza eta Odieta, etorkinak, ingurumena…
Balorazioak ezin du izan dena positiboa, noski, eta geuk ere onartzen dugu gauzak batzuetan ez direla behar bezala irten, edo gai batzuetan gauzak guk nahi baino motelago doazela, batzuetan guregatik, beste batzuetan gure ahalmenak mugak ere badituelako. Ahalegindu gara, adibidez, hauteskundeetan Zumaiako herriak adierazitako alternatibaren aldeko gehiengoa Gobernu Taldera ekartzen, beste alderdiek ere gobernuan parte har dezaten, baina ez dugu lortu konpromiso hori hartzea.
Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi gaur egun bizi dugun egoera politikoa, besteak beste EAE-ANV alderdia legez kanpo utzi duena. Orain dela urtebete pasa konpromisoa hartu genuen zumaiarrekin gure programan jasotakoa gauzatzeko eta konpromiso hori berretsi nahi dugu. Ezker Abertzalea heriotza zibilera eraman nahi dute, ikusezin bihurtu, baina ez dute lortuko.
Beste hiru urte dauzkagu aurrean, lanerako, eta orain arte bezain zintzo, umil eta langile jarraituko dugu.

Ostegunean herri-batzarra

Datorren ostegunean, urriak 16, herri-batzarra egingo du Zumaiako Ezker Abertzaleak, arratsaldeko 19:30ean, Oxforden.

Gai hauek jorratuko dira:

1. 2008-2009 Ildo Politikoa.
2. 08-09 kurtsorako une nagusiak (EAEko hauteskundeak, Europakoak…) .
3. Udaletxean egindako lanaren balorazioa.

Larunbatean manifestazioa Bilbon

Azken ilegalizazioak eta salbuespen egoeran bizi garela salatzeko, manifestazioa izango da Bilbon datorren larunbatean, urriak 4, arratsaldeko 17:30ean, Aita Donostia plazatik irtenda.

Autobusez joan nahi duenak izena eman dezake Inpernupen.

Ilegalizazioa salatzeko agerraldia

Agur eta ohore, Xabi

Irailaren 26an 15 urte bete ziren Xabier Kalparsoro Txato laguna eta burkidea hil zutenetik. Orduan, egun lazgarri haietan, izar berria eta gorria piztu zen Zumaiako zeru gainean, eta ordutik distira egiten digu, amesten dugun Euskal Herri aske eta sozialista lortzeko bidea erakusteko.
Xabiren omenezko hainbat ekitaldi izan dira joan den astean zehar: ostegunean, bertso-saioa izan zen, Gaztetxean; ostiralean, berriz, manifestazioa, afaria eta kontzertua; igandean, azkenik, omenaldi hunkigarria eskaini genion hain maite zuen Algorriko labarrean.Xabiri omenaldia, 2008-09-28an


EAE-ANV legez kanpo, salbuespen egoerari stop!

Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdia legez kanpo utzi duela eta, Zumaiako Ezker Abertzaleak bere iritzia eman nahi du.

Euskaldunok aspalditik dakigu Madrileko legeetatik eta Justiziatik ez dela ezer onik edo gure aldekorik etorriko, eta Espainiako gobernuen eta alderdi espainolisten bultzada eta komenientzia politikoen arabera funtzionaten dutela. Aspalditik ikusten ari gara epaiketen aurretik daudela idatzita epaiak, eta EAE-ANV legez kanpo uztea da horren azken adibidea.

Espainiako Estatua eta berarekin bat egiten duten alderdi politikoak aspalditik ari dira Ezker Abertzalea estutu, ahuldu eta ito nahian, eta horretarako beste urrats bat izan zen Alderdien Legea onartzea. Ordutik, legez kanpo utzi dituzte hainbat alderdi eta erakunde (Batasuna, Aukera Guztiak, Herritarron Zerrenda…) eta errepresioa izan da nagusi: atxiloketak, epaiketak… Oraingoan, EAE-ANVren txanda etorri da, eta legez kanpo utzi dute orain dela ia 80 urte sortu zen alderdia, sorreratik bertatik euskaltzale eta ezkertiar izan dena, Gerra Zibilean Errepublikaren alde borrokan aritua eta ondorenean frankiskoari aurre egin ziona. Legez kanpo utzi dituzte Euskal Herriko hainbat alkate eta zinegotzi, euskal herritarrek 180.000 botorekin hautatu zituztenak. Zumaian ere, azken udal-hauteskundeetan, EAE-ANVk zumaiarren babes sendoa jaso zuen eta bigarren alderdia da, 1.062 botorekin eta hiru zinegotzirekin.

Lehen ere behin eta berriz ahalegindu dira Ezker Abertzalearen ahotsa eta proiektua isilarazten, baina ez dute lortu. Oraingoan ere legez kanpo utziko dituzte siglak, baina ezin gaituzte legez kanpo utzi ezkertiar eta euskaltzale sentitzen garenok. Argi, garbi eta ozen aldarrikatuko dugu: lanean jarraituko dugu, orain arte bezain zintzo eta gogotsu, gure ideiak eta proiektu politikoa defendatzen. Oztopo guztien gainetik, Ezker Abertzaleak aurrera jarraituko du eguneroko lanean, Udaletxean eta kalean, ez gaituzte isilaraziko.

Salbuespen egoerari stop!
Ezker Abertzalea aurrera!

Zumaian, 2008ko irailaren 17an


Azken iruzkinak

    Deialdiak

    Azaroa 2008
    AstAstAstOstOstLarIga
      
     12
    3456789
    10111213141516
    17181920212223
    24252627282930

    Bad Behavior has blocked 1 access attempts in the last 7 days.