Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdia legez kanpo utzi duela eta, Zumaiako Ezker Abertzaleak bere iritzia eman nahi du.
Euskaldunok aspalditik dakigu Madrileko legeetatik eta Justiziatik ez dela ezer onik edo gure aldekorik etorriko, eta Espainiako gobernuen eta alderdi espainolisten bultzada eta komenientzia politikoen arabera funtzionaten dutela. Aspalditik ikusten ari gara epaiketen aurretik daudela idatzita epaiak, eta EAE-ANV legez kanpo uztea da horren azken adibidea.
Espainiako Estatua eta berarekin bat egiten duten alderdi politikoak aspalditik ari dira Ezker Abertzalea estutu, ahuldu eta ito nahian, eta horretarako beste urrats bat izan zen Alderdien Legea onartzea. Ordutik, legez kanpo utzi dituzte hainbat alderdi eta erakunde (Batasuna, Aukera Guztiak, Herritarron Zerrenda…) eta errepresioa izan da nagusi: atxiloketak, epaiketak… Oraingoan, EAE-ANVren txanda etorri da, eta legez kanpo utzi dute orain dela ia 80 urte sortu zen alderdia, sorreratik bertatik euskaltzale eta ezkertiar izan dena, Gerra Zibilean Errepublikaren alde borrokan aritua eta ondorenean frankiskoari aurre egin ziona. Legez kanpo utzi dituzte Euskal Herriko hainbat alkate eta zinegotzi, euskal herritarrek 180.000 botorekin hautatu zituztenak. Zumaian ere, azken udal-hauteskundeetan, EAE-ANVk zumaiarren babes sendoa jaso zuen eta bigarren alderdia da, 1.062 botorekin eta hiru zinegotzirekin.
Lehen ere behin eta berriz ahalegindu dira Ezker Abertzalearen ahotsa eta proiektua isilarazten, baina ez dute lortu. Oraingoan ere legez kanpo utziko dituzte siglak, baina ezin gaituzte legez kanpo utzi ezkertiar eta euskaltzale sentitzen garenok. Argi, garbi eta ozen aldarrikatuko dugu: lanean jarraituko dugu, orain arte bezain zintzo eta gogotsu, gure ideiak eta proiektu politikoa defendatzen. Oztopo guztien gainetik, Ezker Abertzaleak aurrera jarraituko du eguneroko lanean, Udaletxean eta kalean, ez gaituzte isilaraziko.
Salbuespen egoerari stop!
Ezker Abertzalea aurrera!
Zumaian, 2008ko irailaren 17an
0 Responses to “EAE-ANV legez kanpo, salbuespen egoerari stop!”