Eskulturak irudikatzen duena
Posted by zumaiaeginez on urtarrila 12th, 2010
2009ko abenduaren 30ean, ez ohiko pleno berezia egin zen Zumaiako Udaletxean, gai bakarrarekin: Gernikako parkeko eskultura. Gaia hori zen, baina beste hainbat gauzaren adierazgarri eta irudi izan zen plenoa bera eta bertan hartutako erabakia. Horregatik, Zumaiako Ezker Abertzaleak bere iritzia azaldu nahi du gaiaren inguruan.
Lehenik eta behin, ordea, denboran atzera egin nahi dugu, gaia eta testuingurua hobeto ulertzeko. 2007ko udal-hauteskundeen ondoren, lehenengo plenoan Iñaki Agirrezabalagak irten zuen alkate, eta negoziazioen ondoren, Gobernu Taldea bi alderdik osatu genuen: EAE-ANVk eta Eusko Alkartasunak, guztira 5 zinegotzirekin (13tik). Ardurak eta batzordeak banatu ondoren, adostutako programa gauzatzen hasi ginen. Baina berehala sortu ziren arazoak eta oztopoak Gobernu Taldearen barruan, batez ere Kultura batzordeburuarekin (Pilar Etxaberekin), ez genuelako berdin ulertzen taldean lan egitea eta adostutako programa hura nola bete behar zen. Izan ere, Kultura batzordeburua erabakiak bere kasa eta nahi bezala hartzen hasi zen, gainerako gobernukideei kontsultatu gabe, eta batzuetan adostutako programaren aurka ere bai; karguan egon zen bitartean, Kultura batzordeburua ahalegindu zen nahi zuen guztia egiten (programarekin bat etorri edo ez), gustatzen zitzaiona bultzatzen eta gustuko ez zuena baztertzen, eta denboran gero eta nabarmenagoak eta ugariagoak izan dira desadostasunak eta tira-birak Gobernu Taldearen barruan. Azkenean, ordea, arazoa lehertu da eta babestu zuen alderdiaren konfiantza galdu ondoren, Gobernu Taldetik kanpo geratu zen Pilar Etxabe zinegotzia.
Hori guztia kontuan hartu beharra dago eskulturaren gaian gertatutakoa ulertzeko. Izan ere, Pilar Etxabe Kultura batzordeburuarekin harremanetan jarri ondoren, arte-galeria pribatu batek proposamen formala egin zion Zumaiako Udalari Zumaian bizi den eskultore baten arte-lana saltzeko, hau da, Zumaiako Udalak 30.000 €-ko eskultura erosteko, eta Kultura batzordeburuari ondo iruditu zitzaionez, baiezkoa erabaki zuen, eta ordutik bere ahalegin guztia egin du emandako hitza betetzeko, azken plenora arte, gai honetan dena balihoakio bezala. Kultura zinegotziaren asmoen berri izan orduko, Ezker Abertzalea aurka azaldu zen, eta halaxe adierazi zuen Gobernu Taldean; izan ere, gure ustez, lehenengo aztertu eta erabaki beharko litzateke ea zer irizpideren arabera erosten diren arte-lanak edo egiten diren horrelako inbertsioak; aztertu eta erabaki beharko litzateke ea momentu egokiena den horretarako; aztertu eta erabaki beharko litzateke nola eta nori emango zaion horretarako aukera, non eta zergatik egingo litzatekeen eta abar, eta horiek guztiak hitz egin ondoren hartu beharko lirateke hartu beharreko erabakiak. Eskulturaren gai honetan, ordea, garbi daukagu ez dela horrelakorik egin. Kultura batzordeburuak erabaki zuen zer egin, eman zuen baiezkoa eta betetzeko hitza, eta gero erabili zituen zirenak eta ez zirenak erabaki hori aurrera ateratzeko: gezurra da gaia Kultura Foro batean aurkeztu eta onartu zela, eta bide batez, gogorarazi beharko genioke Kultura batzordeburu ohiari bere lanari “esker” foro hori jaio orduko galdu zela eta erabat mespretxatu zituela foro-kideak, baita hitzez ere. Halaber, Gobernu Taldearen barruan oztopoak zituela eta, Kultura batzordean bertan bozketa bidez bultzatu nahi izan zuen erabakia (jakinik batzorde horrek ez daukala ahalmenik erabakiak hartzeko) eta abar. Azkenean, badirudi lortu duela nahi zuena, eta horretan, gainera, lagun izan ditu gainerako alderdiak, Pilar Etxaberen olatuak eramanda, eta hori harrigarria da guretzat: zer irizpide daude obra edo artelanak erosteko? Zer irizpideren arabera erabaki da obra orain erostea? Zer irizpideren arabera aukeratu da obra hori eta ez beste bat? Zer irizpideren arabera aukeratu da eskultore hori eta ez beste bat? Zer irizpide erabili da kokalekua aukeratzeko? Zer aukera izan dute gainerako artistek (bereziki zumaiarrek edo Zumaian bizi direnek), herritar arruntek edo kultur eragileek parte hartzeko?
Plenoan adierazi genuenez, gure ustez lehenengo irizpideak erabaki behar dira, eta une egokia dela erabakiz gero, lehiaketa bidez eman lana. Hemendik aurrera, hori horrela izan dadin ahaleginduko gara, eta Kultura batzordeburua aldatu denez eta hasierako gobernu programa hartan adostutakoa gauzatzeko lan egingo dugunez, dei egiten diegu herritar guztiei eta bereziki kultur eragileei kultur ekimen eta egituretan parte hartzera, beraien ekarpenak egin ditzaten.