Gezurrak hanka motza du
Posted by zumaiaeginez on martxoa 18th, 2010
Beti bezala, kritika gogorrak entzun behar izan ditugu EAJ-PNVko zinegotzien ahotik, eta oraingoan ere erakutsi dute Udal Gobernu hau kritikatzeko edozer gauza erabiltzeko prest daudela, baita gezurrak ere. Zumaiako herriak ez ditu merezi beroien burua zuritzeko GEZURRAK erabiltzen dituzten zinegotziak, eta EAJ-PNVko zinegotziak gezurretan ari dira eta gezur horiek erraz demostra daitezke.
Ardantzabide-frontoia
“2007an ez ziren akordatu ere egin frontoiarekin, eta etxebizitzekin hasteko lizentziak eman zizkioten”, diote inongo lotsarik gabe.
2006ko ekainaren 1ean Gobernu Batzordeak 4 obra baimen eman zituen, eta horien artean zegoen Ardantzabideko 45 etxebizitza, lokal eta garajeen obra baimena. 2006an, guk dakigula, Maria Eugenia Arrizabalaga zen alkatea eta aktan jasota dagoenaren arabera, Tokiko Gobernu Batzorde hartan, Maria Eugenia Arrizabalaga zen lehendakaria eta bertaratu ziren zinegotziak Asier Esnal, Manuel Zubia eta Lide Amilibia ziren. Beraz, lizentzia 2006an eman zuten, beraiek, eta orain guk eman dugula esaten datoz! Aurpegia behar da, gero! Aktak publikoak dira eta edonork kontsulta ditzake Udalaren webgunean.
Gezurra esateaz gain, beste egia bat ere ez dute esaten, ordea: frontoia egiteko lizentzia ere eskatu zuela promotoreak 2005-eko uztailaren 18-an eta ez ziotela eman. Eskatu zuenean eman izan baliote, gaur frontoia egina egongo zen.
Egia da etxebizitza tasatuak eta etxebizitza babestuak egin nahi ditugula Ardantzabiden eta etxebizitza horiek eginda, frontoia ere egingo dugula. Egia da eta harro gaude zumaiarrak Ardantzabiden etxebizitza erosi ahal izango dutelako eta Puntanoetako frontoiaz ere gozatuko dutelako.
Lehen frontoia promotoreak egin behar omen zuen eta orain zumaiarrek ordaindu behar omen dute. Promotoreak ez dira ONGak, dirua irabazi nahi izaten dute. Badago aldea, ordea: lehen Zumaiako Udalak etxebizitza prezioaren kontura frontoiaren faktura zumaiarrei pasatzen zien; orain, berriz, etxebizitza babestua egiten saiatuko gara.
Lehen, frontoia egin ahal izateko, zumaiarrek edo kanpotik etorritakoek, Zumaian etxebizitza bategatik 450.000 € ordaindu behar zituzten; orain, berriz, zumaiarrek etxebizitza tasatuak eta babestuak erosi ahal izango dituzte Ardantzabiden, 240.000€ eta 120.000€ bitartekoak.
Lehen luxuzko etxebizitzak, 150 m2 ingurukoak egin behar zituzten, asko zumaiarren eskuetan geratuko ez zirenak, kanpotik etorritako turista dirudunentzat; orain, berriz, zumaiarrentzat etxebizitza babestuak egin nahi ditugu eta hau ere gaizki iruditzen zaie.
Odieta
“… agian ez genuen zerbait behar bezala egin”, “irregularra izango zen akaso”, diote PNVko zinegotziek.
Lehendabiziko aldiz, Odietan zerbait irregularra egin dutela onartu dute. Denbora, pixkanaka, bakoitza bere lekuan jartzen ari da. Baina irregulartasun bat ez, irregulartasun asko egin dituzte Odietan.
Odietako gaian, gezurrak eta irregularitateak. Udaleko teknikariei eman zizkieten lan hauek 240.000 €-ren truke, inongo prozedurarik erabili gabe, kontratazio zuzena 18.000 €-ko kopurura arte erabil daitekeenean. Irregularki eman zitzaizkien lan hauek Udaleko teknikariei, eta egoera oraindik eta irregularragoa sortu zuten. Izan ere, Udaleko teknikariek, proiektua idatzi, ondoren proiektua informatu eta azkenik lizentzia emateko txostenak idazten zituzten, eta hori irregularra ez ezik, guztiz legez kanpokoa da. Aurreko teknikariek ez zuten debalde lan egiten eta horrela balitz ere, ezin zituzten lan hauek egin.
2006ko azaroaren 22an eman zen Odietako etxebizitzen lizentzia. Lizentzia emateko, Exekuzio proiektua, Urbanizazio proiektua eta Birpartzelazio proiektua onartuta eduki behar dira. Kontua da Birpartzelazio proiektua onartu gabe zegoela, eta, hala ere, lizentzia eman ziotela. Kode teknikoa ekiditeko irregularitate asko egin zituzten, eta hala ere ez zuten ekiditea lortu.
Kode teknikoa ekidin nahi izatea ulergarria da, eta horretarako lanak ahalik eta bizkorren atera nahi izatea ere bai; baina ez da ulergarria kode teknikoa ekiditeko Birparzelazio proiekturik gabe lizentzia ematea. Alkate on batek eta Idazkari on batek jakin beharko lukete Birparzelazio proiektua onartuta edukitzea ezinbestekoa dela obra baimena emateko, eta hori jakinda hala ere baimena ematen badute prebarikatzen ari dira. Agian ez zuten ezagutzen betebehar hori eta orduan borondate txarrik ez zegoenez ilegalitate urbanistikoa izango litzateke; betebehar hori ezagutzen ez bazuten, ordea, nola betearazten zieten besteei?
“… hainbeste atzeratu dira lanak, hainbeste aitzaki jarri dituzte ez egiteko, azkenean kode tekniko berria derrigor aplikatu beharreko epea gainditu egin dela”, diote PNVko zinegotziek.
Egia da kode teknikoa ekiditen saiatu zirela, eta horretarako 2006ko azaroaren 22an, Odietako 25 etxebizitza, lokal eta garajeei lizentzia eman zieten. Kode teknikoa ekiditeko, lanek beranduenez 2007ko martxoaren 30ean hasi behar zuten, aurreko legealdian, eta ez ziren hasi; beraz, hemen ere gezurretan ari dira: kode teknikoa beraien atzerapenengatik bete behar da.
“Ez dugu ulertzen nola bi urteetan zehar nola ez duten ezer esan”, diote PNVko zinegotziek.
PNVko zinegotziek onartu dute beroiek agintaldian agian zerbait ez zela behar bezala egin, akaso zerbait irregularra izango zela. Hori onartzea izan da Udal Gobernu honek azken bi urteetan egin duen lanarengatik. Ezin izan diote denbora gehiagoz gezurrari eutsi eta, azkenean, gogoz kontra izan bada ere, zerbait aitortu dute.
Irregularitate asko utzi ziguten Odietan, eta hori guk sortu dugula diote, gainera. Guk gauzak behar bezala egin behar izan ditugu, beraiek oker egindakoak zuzendu. 2007ko Udala eredugarria zela esateko aurpegia dute, gainera!
Beheko plazako lurpeko garajea
“Guk proiektua ez dugu ikusi eta ez dizkigute zenbakiak inoiz erakutsi” “Proiektua badenik ere ez digute inoiz aipatu”, diote PNVko zinegotziek.
Beheko plazako Oinarrizko proiektua 2007ko uztailean entregatu zen Udaletxean eta guk, behintzat, ez genuen proiektu hori enkargatu, proiektua PNVkoek enkargatu zuten, baina badirudi ahaztu egin zaiela hori ere. Horrelako proiektu bat enkargatu aurretik erabaki asko hartu behar dira, eta horretarako 2005ean azterketa geoteknikoa egin zuten, ondoren, garajeak nola egin erabaki ahal izateko.
Zenbat solairu, zenbat garaje, zenbat diru bideratu behar den proiektu horretara, garajeak nola egin… Erabaki asko hartu behar dira horrelako proiektu bat enkargatu aurretik, eta horiek guztiak beroiek hartu zituzten, eta orain proiektua badenik ere ez dakite!
Proiektu hau oso garestia zela eta, askotan esan zuten Zumaia Lantzeni diru ekarpen bereziak egin beharko zitzaizkiola. Orain, nahiz eta proiektua ikusi ez dutela esan, beroiek zeudenean garaje bakoitzaren prezioa 18.000-20.000 € ingurukoa zela diote, eta hori proiektua ikusi gabe!
PNVkoek 250 garajeko proiektua enkargatu zuten, zenbat solairu izan behar zituen erabaki zuten, zenbat plaza izan behar zituen erabaki zuten, garajeak egiteko zein exekuzio sistema erabil behar zen erabaki zuten, garajeak egin ahal izateko Udalak diru ekarpen bereziak egin behar zituela erabaki zuten eta orain ez dira ezertaz akordatzen! Akaso egin zuten proiektua ezin dutelako defendatu, oso garestia delako.
GEZURRETAN ari dira diotenean beroiek enkargatutako proiektua ez dutela ezagutzen. Kontuan eduki behar da, gainera, azken bi urteetan beheko plazako garajeen proiektua Esarberen esku egon dela, Esarbek egiten zituelako Zumaia Lantzeneko promozio lanak; beraz, Esarbek ezagutzen bazuen, ziur gaude PNVko zinegotziek ere ezagutzen zutela.
Gezurra gezurraren gainean, eskerrak erabakietako asko aktetan, txostenetan eta lizentzietan jasota dauden, dokumentazio guzti hau publikoa da eta edonork ikusi dezake www.zumaia.net-en edo Udaletxean bertan. Idatzita geratu denaren inguruan horrelako gezurrak esaten dituztenek zer ez ote dute esango beste kontuez.
EAJ-PNVko zinegotziek berriz ere erakutsi digute ez dutela inongo lotsarik gezurrak erabiltzeko, gure lana desitxuratzeko eta beraien akatsak zuritzeko. Gezurrak hanka motza du ordea eta nekez irits daiteke inora gezurretan.