2009 denboraldiko azken irteera Seilatuen kontaketa
ira 29

portada-lizarra.jpgLizarra 2009 txangoa benetan arrakastatsua izan zen, bai zikloturista kopuruari dagokionez, bai eguraldiaz, baita antolakuntzaz ere.

Guztira 36 zikloturista izan ginen, batzuek Zarauztarrak, Azpeitiar bat edo beste, Zumaiko triatletak eta afizionatuak izandakoak eta beste guztiak Zikloturista Elkartekoak. Nahasketa ederra! Adinez ere zeharo desberdina izan zen parte hartzea, gazteenak 18 bat urte izango zituen eta zaharrenak 73 urte! 18 urtekoa gainera emakumezkoa, ziurrenik lehen emakumea izango da txango honetan parte hartu duena.

Pulpo elkartearen aurrean bildu ginen ohi bezala, 7:30tan, juxtu-juxtu eguna argitzen ari zenean. Motxilak kamiora sartu ondoren, ohiko talde argazkia atera eta martxan jarri ginen Lizarra aldera. Eguraldi freskoa, baina ez oso hotza eta garrantzitsuena, ateri zegoen eta eguraldi ona iragarrita egun osorako.

Azpeititik igaro eta Urrestilla eta Nuarbe aldera jo genuen. Mandubiko gaina igaro ondoren behera jatsi (batzuek besteak baino azkarrago) eta salbatoreko bidegurutzean denok zain egon ginen. Paxo eta bere suhia falta ziren, baina oso atzeratuta omen zetozen eta aurrera abiatu ginen.

Beasain igaro, eta Ataun aldera jo genuen. Ataun igaro ondoren eguneko bigarren mendatea, Lizarrusti. Hura gainditutakoan ordea, egundoko hamaiketakoa genuen zain. Bertan ziren txorizoa, urdai azpikoa, salda, haragi egosia, e.a. dena ogiarekin lagunduta. Edateko ura, koka kola fresko-freskoak eta erreserba ardoa (estola esaten zuten, baina bai, bazegoen). Amaitzeko kafea hutsa azukrearekin (nahi zuenak brandy txarrastarekin). Lizarrusti gainean izugarrizko eguraldi onarekin egin genuen hamaiketakoa, lainorik ez eta eguzkia giroa epeltzen, antzematen da nafarroako mugan dagoela mendatea…

Sabela ondo beteta eta obe hidratatuta (batzuek urez eta beste batzuek ardoz) etxarri-aranazera jaitsi ginen. Azken mendatea genuen gure aurrean, Lizarraga, 9 km inguruko igoera. Geratzen ziren azken indarrak erabiliaz igo genuen Lizarraga. Bere gainean dagoen tunela igaro ondoren Lizarrarako jaitsiera izan genuen. Gertaera bakarra Abarzuzatik gora dagoen Muruko gainera igotzean zikloturista batek izan zuen katearen etenarekin gertatu zen. Baina beste zikloturisten laguntzarekin gaina igo zuen, pedalei eman gabe!! Ondoren Lizarraruntz dena aldapa behera denez ondo iritsi zen (inertzia handiko zikloturista da).

Lizarrako igerileku aurrean amaitu genuen bidaia. Bertan zuzendaritzak oparitutako kamisetak jaso genituen, gure babesleek amandako diru laguntzarekin ordainduak. Lizarrako igerilekuan merezitako bainua eta dutxa saioa izan genuen, batzuk sauna, hidromasaia, eta antzerakoak ere probatu genituen.

Bidean botatako izerdiak garbitu ondoren, kamiseta berriak jantzi eta autobusez Iratxera igo ginen, bertako Iratxe Hotelean bazkaltzera. Bazkariaren ostean bertso saio laburra izan genuen Iosuren eskutik, pena da Guijarro ez izatea erantzuna emateko. Baina bertso politak eskaini zizkigun. Horren ondore, autobusez itzuli ginen Zumaia, gure txangoari amaiera emanez. Hurrengo urtera arte!!

Lizarrako argazkiak blogean jarri ditugu. Ikus Argazkiak atalean Lizarra  eta ondoren Lizarra 2009 sartu. Edo bestela lotura honekin sartu:

Lizarra 2009

written by zumaiako_zikloturista_elkartea

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 9 access attempts in the last 7 days.