La Marmotte (III) Jose Mª Kortari omenaldia
uzt 15

Larunbata, uztailak 3. Goizeko 6:15 inguru esnatu gara. Azkenean iritsi da Marmottaren eguna. Eguna garbi dago, lainorik gabe, baina fresko egiten du. Karabanan urduritasuna atzematen da. Nik behintzat ez du lo askorik egin, edo behintzat ez lo sakona. Kanpin inguruan zikloturistak entzuten dira, aurrera eta atzera. Ondo gosaltzen dugu, esnea, kafea, zerealak, laranja zukua, fruituak, ogia marmeladaz….dena beharrezkoa izango dugu, ondoren gehienok fax bat botatzera goaz Roca enpresara (hori ere beharrezkoa da). Bizikletak prestatu eta irteerara abiatzen gara.

Egun beroa dago iragarrita, baina ala ere besokoak eta txalekoa hartzen ditugu gehienok, goizeko freskura dela eta. Irteeran zikloturista mordoa kokatzen gara. Guztira 7.000 zikloturistak eman zuten izena, hori dela eta irteera txandakatua antolatua dago. Irteera hiru denboratan egiten da, goizeko 7:00tan, 1 tik 2.000ra dortsala dutenak irteten dira, 7:30tan 2.000tik 4.000ra duten dortsalak eta 7:45 inguru 4.000tik aurrera duten dortsalak. Gu azken taldean ginen, 6080 inguruko dortsalak genituen eta. Irteerara 7:35 inguru gerturatu ginen, beraz oso atzean kokatzea tokatu zitzaigun.

Irteera ematen dute, baina irteera horretan zikloturista mordoa ginenez, 3.000 inguru, irteera puntutik igarotzeko goizeko 8:00rak dira. Dagoeneko nire lagunak galdu ditut, horrenbeste zikloturista artean ez da zaila….

Abiatu eta nahiko lasai irteten da jendea, 10 km ibilbide lauaren ondoren lehen mendatearen bila goaz, Glandon. Urtegi baten paretan hasten da igoera. Beroa sentitzen dudanez, txalekoa eta besokoak kentzen ditut. 27 km ditu mendateak eta gaina 1900 metrotara dago, beraz, nahiko lasai hartzen dut eta gora abiatzen gara.

Basoz betetako ibilbide oso polita da. Bide estua da, eta tamalez atzetik auto bat eta furgoneta bat ditugu. Ikusten denez, antolatzaileek ez dute bidea ixten. Hainbat motok ere pasatzen gaituzte, batzuk antolakuntzakoak eta besteak turismoa eginez. Halako batean mendatetik behera datozen bi auto eta gorantza datozen auto eta furgoneta topatzen dira, eta gu zikloturistak, han erdian. Egundoko kaosa sortzen da. Behintzat autoen gidariak pazientzia dute, poliki poliki baztertzen dira eta arazorik gabe gurutzatzen dira, bidea libre utziz.

Bideari ekiten diogu eta beste urtegi baten pareta ikusten da aurrean, urtegia aldamenean dugula jarraitzen dugu igotzen. Jendeari erortzen zaizkion traste mordoa ikusten ditut lurrean, besokoak, eskularruak, betaurrekoak, barritak….Zenbat despistatu dauden! Dagoeneko basoa atzean utzi dugu eta zelaia ikusten da bakarrik. Mendatearen gaina ikusten dugu jadanik, baina aldapa behera eta gero azken 3 km aldapa gora geratzen dira. Aldapa behera jaisten gara eta nire aurrean dagoen zikloturista kaskoa janzten hari denean, kaskoa erortzen zaio, nire aurrean biraka dagoelarik. A ze sustoa! Ia ia zapaldu nuen kaskoa, baina saihestea lortu nuen, erorketatik salbatuz.

Azken 3 km gogorrak igo ondoren, Glandon mendatea gainditu dut. Goian edatekoa dago, baina jende mordoa dago eta egoera kaotiko xamarra denez, beherako bidea hartzen dut. Hotza izango dudalakoan txalekoa janzteko geratu nahiz, baina egundoko ezustekoa! txalekoa bidean erori zait! Nik jendea despistatua dela esaten, eta ni naiz horietako bat! Beraz, txalekorik gabe behera. Bidearen egoera txarra dela eta, mendatearen jaitsiera neutralizatuta dago, hau da, makal jaitsi behar da. Denborak ez dituzte kontatzen, baina ala ere batzuk oso azkar jaisten dira.

Bailarara jaitsi eta pelotoia sortzen da, baino ez goaz oso azkar. Zikloturistek badakite oraindik 3 mendate oso gogorrak geratzen direla. Edateko postu batean ia denak geratzen gara. Bero handia egiten du dagoenekoz eta uda edatea beharrezkoa da.

Bailaran egiten ditugun 20 km dira zatirik “itsusienak”, oso bailara industriala da, lantegi, trenbide, harrobiak eta hauek ustiatzeko lantegi handiak daude. Bidean ere bi zati daude trenbidea gurutzatu behar ditugunak. Erne ibili behar da, trenbideko zuloan gurpilik ez trabatzeko!

Bailara utzi eta ezkerretara hartuz hasi gara Telegraphe igotzen. 12 km eta bataz beste %7ko malda du. Baina baditu bi zati %10 eta %15ko maldarekin. Haserako maldetan basoz inguratuta igotzen dugu. Oso portu polita da. Behin gaindituta 5km jaitsiera eta Valloire izeneko herrixka batean Galibier beldurgarria igotzeari ekiten diogu. Igoeraren hasera jateko eta edatekoa dago eta geratu egiten naiz. Hemen bai, denetarik dugu, platanoak, laranjak, fruitu lehorrak, edariak….

Ondo jan eta edan ondoren, Galibierren igoerari ekiten diogu, aurrean 18 km, bataz beste %6,82ko malda eta 2600 metroko altuera duen portua dugu, beraz lasai hartzeko moduko igoera!! Hiru zati nabarmen ditu Galibierrek, hasieran basoa eta herrixkak daude, ondoren belar motxeko zelaiak (neguan elurrez lepo) eta amaiera ikusgarria da, elurrezko paretak, harria eta mendi tontor zorrotzak ditugu. Goian edatekoa hartzeko aukera dudanez, geratu eta urez ondo hornitzen nahiz. Portu hau igotzeko izerdi mordoa bota dut, beroagatik eta mendatearen luzera eta gogortasunagatik!!

2790078_screen.jpg

Galibierren jaitsierari ekiten diot. Oso jaitsiera luzea da, 40km inguru ditu. Bide istua eta da eta ez dago egoera oso onean, beraz zuhurtasunez jaisten naiz. Behin bidea zabaltzen denean, errepidearen egoera ere hobetzen da. Taldetxo baten nago eta oso gustura gainera, bi edo hiruk erreleboak emanez jaitsiera egiten hari gara.

Halako batean, bihurgune baten ondoren, aurrena zihoanak oihu egiten du eta ezkerretara egiten du bortizki, ni bigarren noa eta bapatean zikloturista beterano batekin topo egiten dut. Nondik atera da hau??Gurutzatuta dago, gainera. Bizarra ere badu, baino ez dio axola. Bere aurka jo dut, balaztari emateko denborarik gabe, dena oso azkar gertatu da. Biok lurrera goaz, atzetik datorren hirugarren bat ere erori egiten da. Kristoren kaosa. Lurrean azaltzen naiz, bizikleta alboan dudala. Jaikitzen naiz eta nire egoera ikusten dut, belaunean zauriak, kolpe bat ipurdi ondoan, baino gehiago ez. Bizikleta hartzen dut, dena ondo dago, gurpilak ondo biratzen dute, balaztak eta kanbioa ondo daude. Bizikleta eta ni OK gaude. Bide erdian dauden ur poteak hartzen ditut eta abiatzera noa. Erori diren bi zikloturistak bidearen bestaldean daude, beraiek ere ondo daudela dirudi, frantsesez hitz egiten entzuten ditut. Gustura esango nioke bizardunari; La @*&%*!?*!! Baina nondik irten zara bidera gurutzatuta?? Baina nire hizkuntz maila oso baxua da eta esaldi hori ezin diot esan, eta oraindik eta gutxiago bere erantzuna ulertu.

Bi zikloturistak hitz egiten utzi eta amorrazioa beteta jaitsierarekin jarraitzen dut. Beste pelotoitxo bat harrapatzen dut eta Bourg Doisans bidera jarraitzen dut. Jaitsierako azken zatia nahiko arriskutsua da, hiruzpalau tunel igarotzen dira eta seinaleak ondo adierazten du eskas argiztatuta daudela. Azken 5 km lauak dira eta azkenean pelotoitxotik tiraka amaitzen dut.

Herrira iristen gara eta Alpe Dhuez igoera baino lehen jateko eta edateko postua dago, baino nahiko edateko eta jateko dudanez, aurrera jarraitzea erabakitzen dut. Hemen dator azken portua eta gainera ezaguna dut, ostegunen igo nuen eta!!

Alpe Dhuezen haserako 3km oso gogorrak direnez, lasai hartzen dut igoera. Mendate honek 13 km ditu eta bataz beste %8,2 malda. Baina beroa ikaragarria da. Zikloturista asko ikusten dut bide artzeko petrilean jarrita, itzalean. Eta niri ere nekea eragiten hasi zait. Baina aurrera jarraitzen dut.

Beroaren eraginez zikloturista asko ikusten ditut menditik datozen ur lasterretan burua sartzen, uda edaten, zerbait freskagarria behar dute. Nik ere behar hori antzematen dut. Antolakuntzak ura lainoztatuta botatzen duen tutu bat jarri du bidea zeharkatzen. Bejondeiela antolakuntzari!! Ze dutxa ederra! Baina ze motza! Handik km batetara berriro izerdiz blai noa. Bi ur poteetan geratzen zait edatekoa, baina ur freskorik ez dut. Edari epela daukat, isostar edo antzekoaz nahastuta. Eta edaten dudan bakoitzean ez dit egarria kentzen, alderantziz, egarri gehiago daukat. Edari hauek gozoegiak dira. Eta nik ura behar dut. Herrixka batean sartzean, ur postu bat, ze poza!! Hiru edo lau ur basokada edan, potea urez bete eta aurrera! Gel bat ere hartu nuen, nekea kentzeko asmoz.

Igoerarekin jarraitu nuen, eta bi zikloturista gainditu ondoren, batek esaten dit “noa hoa hain azkar?”. Aiba! Azkoitiko lagun bat! Geratzeko asmoa erakutsi nuen, baina aurrera jarraitzeko esan zidan, goian ikusiko ginela eta.

Igoerarekin aurrera egiten nuen heinean, hanketako behatzak minberatuak sentitzen nituen. Zapata estu hauek!! Eta beroak ere gogor astintzen zuen. Ezkerrak hurrengo herrixkan ere ura hartzeko postua dagoen!! Eta militar bat mangera batez ur zorrotada freskoaz zikloturistak dutxatzen.Hura bedeinkapena zen zikloturista askorentzat!! Postuan geratu eta egarria ur freskoz hil nuen arte ez nintzen geratu. Zapatak ere kendu nituen eta hankako behatzak busti nituen. Hura freskatu ederra hankentzat!!

Oraindik km batzuk nituen gaina menderatzeko, beraz aurrera jarraitu nuen. Bide bazterrean ikusle asko dago, baina egia esanda Kebrantan Portalet igotzen dagoen giroa faltan bota nuen. Horrela Alpe Dhuez herrira sartu eta probaren helmuga gurutzatu nuen. Azkenean amaitu nuen. 8 ordu eta erdiko proba gogorra amaitzeak ematen duen alaitasunez. Hemen helmugaratzea:

2756716_screen.jpg

Gose asko ez nuen, baina bertan bazkaldu behar eta horretan egon nintzen. Ondoren zauriak sendatzera gurutze gorriko postura joan eta diploma jaso ondoren kanpinera jaitsi nintzen. Merezitako deskantsua hartzera. Jaitsieran zikloturista gehiago ikusten dira bide ertzean, batzuk eserita, besteak etzanda!! Jaitsieran Ramon eta Ikerrekin gurutzatu nintzen. Aitorrik ez nuen ikusi. Baino hona hemen bere argazkia:

aitor_g.jpg

Kanpinean kristoren inbidia ematen dit igerilekuan bainua hartzen hari den jendea. Nire zauriak direla eta ezin dut, beraz, dutxarekin konformatu behar…

Aitor da Alpe Dhuezetik jaisten den hurrengoa. Oso gustura dago. Probaren abenturatxoak komentatzen ditugu. Gero igerilekura joan da, merezitako bainua hartzera.

aitor_i.jpg

Aitorren helmugaratzea:

aitor_i_2.jpg

Ondoren Ramon eta Iker datoz, hauek ere oso gustura daude, Marmotte bukatzea ez da lan erraza eta meritu galanta du, batez ere Ramonek, besokoa dela eta ezin izan baitu asko entrenatu. Aitor ere jaitsi da Alpe Dhuezetik, honek ere meritu galanta du, azken astea gripe eta katarroaz igaro bai du.

Gose handirik ez dugu, ze denak berandu bazkaldu dugu eta tabernan probari buruz kontu kontari jardun gara. Aitorrek ere proba ia bakarrik egin du, Iker, Ramon eta Aitor batera joan dira, baina azkenean Aitor nekeaz atzeratu egin da eta Ramon eta Ikerrek batera amaitu dute proba. Hemen duzue lagunen arteko amaiera:

iker_screen.jpg

Aitorren helmugaratzea:

aitor_g_2.jpg

Gezur pila kontatu ondoren, karabana jaso eta etxerako bidea hartzen dugu.

Itzulerako bidaia ere gauez egin dugu, egindako probaren gogortasuna gogoratuaz, baina oso pozik, abentura hau bikain irten delako. Hurrengo urterako ere jarri ditugu erronka berriak, baina hauek beste kontu batzuk dira…

Amaiera.

written by zumaiako_zikloturista_elkartea

One Response to “La Marmotte (IV)”

  1. Beltza Says:

    Aitor Galarragaren argazkian aurreko gurpila altxatuta ikusten zaio!! Erraz igo zuen mendatea!! jajajaja

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 9 access attempts in the last 7 days.