Archive for uztaila, 2008



Zumaia-Getaria, Gipuzkoako txapeldun

Zumaia-Getariak Gipuzkoako Txapelketa irabazi du gaur, Donostian. Hondarribiari segundo pasatxoko tartea kendu dio, eta Tolosaldeari 31 segundokoa.
Aurreneko luzean aldea atera diete zumaiarrek eta getariarrek hondarribiarrei, baina bigarren eta azken luzean estu ibili dira. Oso luzea egin zaie azkeneko zati hori, eta estropada galduko zutela ere pentsatu dute traineru barruan. Esperientzia falta nabari izan dutela kontatu digu Irati Manzisidorrek. Baina, lanak bukatuta eta bandera eskuan, oso pozik daude. Gustura ibili dira, eta Donostian arraun egitea ikaragarria dela esan digu.
Bihar, Irati berak aztertuko du gaurko estropada blog honetan.

Gaurko ‘Berria’n, Zumaia-Getaria traineruaz

‘Berria’ egunkariak gaur Donostian jokatuko den emakumeen Gipuzkoako Traineru Txapelketaz erreportajea egin du, Zumaia-Getariako arraunlariekin.

Hemen irakur daiteke: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=kirola&data=2008-07-23&orria=022&kont=002

Mikel Olasagastiren analisia

Hemendik aurrera, estropada guztien ondoren, analisia egingo du
Mikel Olasagasti arraunlariak. Hauxe da aurrenekoa:

Gustura egindako lanarekin 
 

Zorteak ez digu gehiegi lagundu asteburu honetan, baina emaitzak ez dira txarrak izan: larunbatean seigarren eta igandean zortzigarren. Batek baino gehiagok sinatuko zituen emaitza horiek denboraldia hasi aurretik, baina gaizki ohitzen hasiak geunden eta…
 
Asteburua benetan gogorra izan da. Txandak lehen aldiz sailkapenaren arabera osatu dira eta horrek emozioa ekarri die estropadei. Arraunlariak ere horren zain geunden, aurkari zuzenak alboan izan eta indarrak parez-parez lehiatzeko. Argi geratu da ordea, ez dagoela harrotasun handirik.
 
Gure helburua txanda irabaztea zen, baina oraingoan ez da posible izan. Hala ere gustura aritu gara arraunean eta emaitzarik txarrena zortzigarrena bada ongi etorria izango da. Zarautzek eta Pedreñak erakutsi dute indartsu daudela, baina ez daitezela gehiegi deskuidatu! Cabo berriz, zer esan hauetaz ez dakizuenik? Egoskorrak dira benetan eta ez dute amaiera arte etsitzen. Inork ez ditu nahi alboan, baina ezta beraiek ere gu. Ehunenekoek paper garrantzitsua jokatzen dutela eta, kasu honetan, balantza gure aldekoa izan da.
 
Indartsuenen artean Castro eta Urdaibai aipatu behar. Bi taldeak selekzioak dira eta uretan argi geratu da hori. San Pedroren lana ere aipatzeko modukoa da, Libia ontzia erregulartasun handia erakusten ari baita denboraldi osoan zehar. Talde hauekin lehian aritzeko kiniela guztietan sartzen ziren Orio eta Hondarribia ere, baina denboraldi hasiera honetan ez dute euren maila eman uretan. Esan liteke liga honetako dezepzioak izan direla.
 
Eta aurrera begira zer? Asteazkenean Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dugu Kontxako badian, eta ea posible den domina lortzea. Ohorezko txandan aritzeko txartela lortu dugu eta gure mailarik onena emanez gero, ez gara medailen dominen lehiatik urrun ibiliko; esperantza horrekin goaz eta esperantza galtzen den azkena denez…

Telmo Deun zortzigarren Plentzian

Telmo Deun zortzigarren izan da gaur, Plentziako Ikurrina estropadan. Bere txandan hirugarren bukatu du, eta sailkapen nagusian postu bat galdu; orain, zazpigarren da, Pedreñak aurrea hartu baitio.

Sailkapenak ’sailkapenak’ atalean daude.

Hauxe da Luxiaren balorazioa: “Arraunean ondo egin dugu, aurreneko kalea txarrena zela ikusita. Batez ere, etortzeko zen eskasa. Orio ere ikusi dugu ezinean ibili dela kale horretatik. Egin dugun arraunketa onerako, emaitza hobea merezi genuen, baina halaxe atera da. Hurrengoan, agian, alderantziz gertatuko da”.

Telmo Deun ondo Pedreñan: seigarren

Telmo Deun seigarren izan da Pedreñan, San Miguel ligako seigarren estropada puntuagarrian. Sailkapen nagusian ere seigarren jarraitzen du. Bihar, 12:00etan, Plentzian ariko da, bigarren txandan, Cabo, Pedreña eta Zarautzekin batera.

Sailkapenak ’sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak honela aztertu du gaurkoa: “Ondo ibili gara, eta gustura gaude. Laugarren kaletik joan gara, eta ez zen onena. Ondorioz, handik joateko, txukun jardun dugu. Lehen bi luzeetan kosta egin zaigu egonkortzea, baina azken bi luzeak onak egin ditugu. Bukatu ere ondo bukatu dugu, Cabori amaieran aurrea hartzea ez delako lan erraza izaten”.

Telmo Deun gero eta hobeto: gaur, hirugarren

Telmo Deun hirugarren sailkatu da gaur X. Telefonica Banderan, Donostian. Itsasoa oso mugitua zegoen, baina eragin gutxiena izan duen txandan joan da gure trainerua. Ederki baliatu dute aukera arraunlariek, orain arteko posturik onena lortzeko. Sailkapen nagusian postu bat aurreratu dute; orain, seigarren dira. Datorren asteburutik aurrera, sailkapenaren arabera banatuko dituzte txandak, eta Telmo Deun bigarrenean ariko da, Pedreña, Cabo eta Zarautzekin batera.

‘Sailkapenak’ atalean dago sailkapena.

Luxiak honela aztertu du gaurkoa: “Ona izan dela esan beharko da. Txandan zorte ona izan dugu, baina balizetan txarra. Kanpora joateko ez zen kale onena, eta ez gara ongi joan. Etorri, aldiz, hobeto etorri gara. Nik uste dut lan hobea egitea bageneukala. Arkoteri ez diogu orain arte bezalako tartea atera, bukaeran aldegin diogulako soilik, eta hobeto egiteko kapaz ginelakoan nago” 

Telmo Deun, bosgarren Pasai San Pedron

Telmo Deun, bosgarren sailkatu da gaur arratsaldean, Pasai San Pedron, Kofradiaren XIV. Ikurriñan. Orain arteko posturik onena, beraz, gaurkoa izan da. Erlojuaren aurka aritu dira, hiru txandetan banatuta, eta txandan nagusi izan da gure trainerua. Sailkapen nagusian, zazpigarren jarraitzen du.

Sailkapenak, blog honetako ‘Sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak honela aztertu du gaurkoa: “Gustura egoteko moduan gara, txanda ere irabazi dugu eta. Estropada polita egin dugu, baina ona ez. Izan ere, ona egiteko ez zegoen baldintza onik, kanpoan oso zikina zegoelako. Haizeak ere eragina izan du. Lehen txandan egon da gehien, gurean gutxiago, eta oso gutxi azkenekoan. Haiek izan dituzte baldintza onenak”.

Telmo Deun, azkeneko txandan datorren igandean

Gaur aurkeztu dute igandeko Telefonica Bandera, Donostian, eta txanden zozketa ere egin dute. Azkenekoz. Izan ere, datorren astetik aurrera, sailkapenaren arabera banatuko dituzte traineruak.
Honela banatuko dira txandak Donostiako uretan:
1. Castro, Tiran, Urdaibai eta Hondarribia
2. Cabo, Pedreña, San Pedro eta Zarautz
3. Zumaia, Laredo, Arkote eta Orio

Emakumeen traineruaz ‘Hitza’n

Gaurko ‘Hitza’n, emakumeen traineruaren gaia jorratu dute. Azkenean, aldaketa batzuk izan dira, eta trainerua Getariakoa izango da. Entrenamenduak ere han egingo dituzte.
Hemen dago albistea: http://www.urola-kostakohitza.info/paperekoa/2008-07-10/p00004007/Zumaia-Getaria_trainerua_sortu_dute_emakume_arraunlariek_osatuta.htm

Banderak salgai daude Turismo bulegoan

Balkoietan jartzeko bandera gorriak Turismo bulegoan daude salgai. Euro bateko prezioan eros daiteke, eta ohi bezala, ‘Aupa Zumaia’ jartzen du oihal gorriaren gainean. Aurten, gizonezkoei ez ezik, emakumezkoei animatzeko ere balio dute banderek.

« Previous PageNext Page »



Bad Behavior has blocked 18 access attempts in the last 7 days.