Archive for abuztua 2nd, 2008

Telmo Deun bederatzigarren Getxon

Telmo Deun bederatzigarren izan da Getxoko Estropadan. Txanda bukatu eta gero, errekurtsoa aurkeztu dute klubeko ordezkariek, azken luzean Zarautz eta Cabo zumaiarren kalean ibili direla argudiatuta. Baina epaileek, oraingoz, behintzat, ez diote erantzunik eman.

Sailkapenak ’sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak honela aztertu du gaurkoa: “Lehen bi luzeetan ederki joan gara, baina beste bietan ezinean aritu gara. Nekea ari gara nozitzen, eta osteguneko estropadak ere ez digu mesede handirik egin. Horrez gain, azken luzean, ondo gentozen momentuan, Zarautz eta Cabo gure kalean sartu dira, eta itxi egin gaituzte”.

Goikok hau esan du errekurtsoaz: “Uretako epaileak beren kalerantz bidali ditu azken luzean Zarautz eta Cabo, baina ez diote kasurik egin. GPSan garbi ikusten da nola etorri diren gure kaletik, eta horrek kalte egin digu, olatu denak kendu dizkigutelako”.

Hiru zumaiar Trophee Teink estropadan

Aurten ere jokatu da batelen Trophee Teink estropada. Hamaseigarren ekitaldia izan da, eta hamasei ontzi aritu dira, tartean hiru zumaiarrek osatutakoa: Xebastian Leitzak, Jon LarraƱagak eta Joseba Urbietak.
Asteartean ekin zioten lanari, Bilbon, eta gaur heldu dira Donibane Lohizunera, ibilbidea etapetan eginda: Bilbo-Bermeo; Bermeo-Lekeitio; Lekeitio-Orio; Orio-Donostia; eta Donostia-Donibane Lohizune. Estropada Ur Ikarak elkarteak antolatzen du, eta Pirinioen bi aldeetako euskaldunen arteko elkarbizitza eta batasuna sustatzeko helburua dauka.

Bihar, Zumaiako XXIII. Ikurrina

Bihar herriko estropada jokatuko da, San Miguel ligako 11. estropada puntuagarria. 12:00etan ekingo diote lanari arraunlariek, eta txandak gaur Getxon jokatuko den estropada ondoren zehaztuko dira, sailkapen nagusia kontuan izanda.
‘Goiko’k hau esan zuen estropadaz aurkezpenean: “Badakigu estropada irabaztea ia-ia ezinezkoa izango dela. Gure helburua bigarren txanda irabaztea izango da, herritarren aurrean helburu hori lortzen badugu, pozik egoteko moduan izango gara eta”.

Mikel Olasagastiren analisia Euskadiko Txapelketaz

Sari txikia estropada onarentzat

Ostegunean Lekeition jokatu genuen Euskadiko Txapelketa eta gure txandan Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketetako 3 eta 4. sailkatuak izan ginen. Txanda dotorea zen lehen begiradan, Hondarribiarrak gorantz baitatoz azken aldian eta parez-pare lehiatzeko gogoa baikenuen.

Lehen unetik argi geratu zen bi taldeok ginela indartsuenak, bizkaitarrek ezin izan baitzuten gure erritmoari eutsi. Lehen bi luzeak bikainak izan ziren, baina 3.luzean Hondarribiak aurre hartu eta lehen postuari eutsi zion amaiera arte. Gu saiatu ginen erritmoa igo eta Ama Guadalupekoa ontziari aurre hartzen, baina indarrik ez zegoen jada. Azkenean 6 segundoko aldea izan zen, medaila lortzeko nahikoa izango ziren 6 sugundoak.

Ohorezko txandan berriz, lehen estropada erdi lehiatua ikusi genuen Orio, Urdaibai eta San Pedrorekin. Baina 2. ziabogatik aurrera Urdaibai argi eta garbi nagusitu zen. Izugarrizko potentziala du talde honek eta estropada burua hartu eta euren erritmoa markatzen badute, oso zaila da hauei eustea. Orio saiatu zen, baina lehertuta geratu zen eta San Pedrok 10 segundu galdu zituen.

Gu gustura geratu ginen eginiko estropadarekin. Bagenekien txanda irabaziz gero medaila ez zela urruti izango eta gure pronostikoak egi bihurtu ziren. Beraz, Lekeitiotik ekarri genuen gauza bakarra, kolore pixka bat izan zen, eguzkia franko hartzeko aukera izan baikenuen. Gure traineruan gorria inoiz baino nabariagoa zen eta batek baino gehiagok karramarroa zirudien. Sari txikia eginiko estropadagatik!

Eta orain zen? Denak igandean Zumaian jokatuko den estropadari begira daude, baina ez da ahaztu behar aurrez Getxon aritu beharko dugula. Txanda betikoa izango da eta helburua ere bai: txanda irabazi eta ea gero posturen bat irabazteko aukera dugun.



Bad Behavior has blocked 8 access attempts in the last 7 days.