Archive for abuztua 30th, 2009

Zumaia zortzigarren Orion, eta San Miguel ligan hamargarren

Egin ditu egin beharreko lanak Zumaiak San Miguel ligan. Gaur bukatu du sasoia ligari dagokionez, eta hamargarren bukatu du. Honenbestez, mailari eustea lortu du, sasoiko helburua betez. Gaur, Orion jokatu da estropada, eta zortzigarren egin du Telmo Deunek. Lehen txandan, bigarren izan da Tiranen atzetik, eta Arkoteren eta Meiraren aurretik. Azkenaldiko estropada onena jokatu dute gaur zumaiarrek.
Castrok irabazi du bandera, eta liga ere erabakita utzi du, bi estropadaren faltan.

Luxiaren azterketa: “Lan ona egin dugu. Ez dugu penarik eman, behintzat, aurrekoetan bezala. Bigarren luzean jardun dugu eskasen, baina bestela, kanporantz eta barrurantz antzera ibili gara, ondo. Esan diet arraunlariei Tiranekin ez itsutzeko, azkenaldian hala ibili gara eta. Gure estropada egiteko eskatu diet, Tirani begiratu gabe, eta egin dugu.  Arraunlariek gustura bukatu dute gaur”.

Gaurko sailkapena: http://www.ligaact.com/resultados/regata.php?idioma=euskara&Nregata=1238416064

Ligakoa: http://www.ligaact.com/resultados/index.php?idioma=euskara

Zumaia B zazpigarren azken estropadan, eta ligan ere bai

Zumaia Bk gaur bukatu du denboraldia, Santoñan, KAE 2 ligako azken estropada jokatuta. Zazpigarren egin du, eta ligako sailkapenean ere zazpigarren bukatu du. Erlojuaren aurka jardun dute, binaka, sei luzetan eta bost ziabogetara. Colindres izan du txandakide Zumaia Bk, eta aurretik izan da Telmo Deun.
Estropada etxekoek irabazi dute. Deustuk irabazi du liga, eta datorren denboraldian KAE 1ean ariko da. Igotzeko kanporaketa Trintxerpek eta Getxok jokatuko dute, KAE 1ean azkenak izan diren Portugalete eta Ondarroarekin. Datorren asteburuan jokatuko dira bi estropada horiek.

Jokin Urkidik azterketa hau egin du denboraldiaz: “Positiboa da. Arraunlari askok lehen urtea zuten arraunean, eta orain beste sentsazio batekin ibiltzen dira. Pena izan da berandu osatu genuela taldea. Horregatik, denboraldiaren azken zatira arte ezin izan dugu blokea osatu. Baina gustura gaude. Itsasoan estropada gehiago jokatu izan bagenitu ere guretzat hobe izango zen, baina bagenekien hasieratik nolako egutegia geneukan. Azken sei-zazpi estropadetan eman dugu onena, txandak irabazi ditugu, eta pozik gaude”.

Gaurko sailkapena: http://www.liga-arc.com/index.php/regata/31/xxxix-bandera-excmo.-ayto.-de-santoa

Ligakoa: http://www.liga-arc.com/index.php/resultados 



Bad Behavior has blocked 18 access attempts in the last 7 days.