Archive for the 'Analisia' Category



Mikel Olasagastiren analisia Euskadiko Txapelketaz

Sari txikia estropada onarentzat

Ostegunean Lekeition jokatu genuen Euskadiko Txapelketa eta gure txandan Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketetako 3 eta 4. sailkatuak izan ginen. Txanda dotorea zen lehen begiradan, Hondarribiarrak gorantz baitatoz azken aldian eta parez-pare lehiatzeko gogoa baikenuen.

Lehen unetik argi geratu zen bi taldeok ginela indartsuenak, bizkaitarrek ezin izan baitzuten gure erritmoari eutsi. Lehen bi luzeak bikainak izan ziren, baina 3.luzean Hondarribiak aurre hartu eta lehen postuari eutsi zion amaiera arte. Gu saiatu ginen erritmoa igo eta Ama Guadalupekoa ontziari aurre hartzen, baina indarrik ez zegoen jada. Azkenean 6 segundoko aldea izan zen, medaila lortzeko nahikoa izango ziren 6 sugundoak.

Ohorezko txandan berriz, lehen estropada erdi lehiatua ikusi genuen Orio, Urdaibai eta San Pedrorekin. Baina 2. ziabogatik aurrera Urdaibai argi eta garbi nagusitu zen. Izugarrizko potentziala du talde honek eta estropada burua hartu eta euren erritmoa markatzen badute, oso zaila da hauei eustea. Orio saiatu zen, baina lehertuta geratu zen eta San Pedrok 10 segundu galdu zituen.

Gu gustura geratu ginen eginiko estropadarekin. Bagenekien txanda irabaziz gero medaila ez zela urruti izango eta gure pronostikoak egi bihurtu ziren. Beraz, Lekeitiotik ekarri genuen gauza bakarra, kolore pixka bat izan zen, eguzkia franko hartzeko aukera izan baikenuen. Gure traineruan gorria inoiz baino nabariagoa zen eta batek baino gehiagok karramarroa zirudien. Sari txikia eginiko estropadagatik!

Eta orain zen? Denak igandean Zumaian jokatuko den estropadari begira daude, baina ez da ahaztu behar aurrez Getxon aritu beharko dugula. Txanda betikoa izango da eta helburua ere bai: txanda irabazi eta ea gero posturen bat irabazteko aukera dugun.

Mikel Olasgastiren analisia

Gaizki hasitakoa ezin ondo bukatu 

Esaerak dioen bezala, gaizki hasitakoak ezin du ongi bukatu! Arraunlarioi halako zerbait gertatu zaigu, nahiz eta igandean eginiko estropadak asteburua nolabait itxuratzea lortu duen. 
Ostiralean ekin genion Galiziaranzko bidaiari autobusez. Zortzietan genuen hitzordua, baina bati maindireak itsatsi eta… 8:30etan irten ginen. Ezustekoz beteriko bidaia izan zen ordea: txofer berria, arraunlarion artean kazetari bat… Dena ongi zihoan, baina 3 ordu igaro ostean, taldekide batek inork desio ez duen dei bat jaso eta etxerako bidea hartu behar izan zuen amonaren heriotza zela eta. Denok triste jarri ginen, baina berak altxa zizkigun animoak: “Bandera irabazi ta kito!”  
Berak etxerako bidea hartu bezain pronto, guk gureari jarraitu genion. Batzuk karta jokoan, besteak pelikulak ikusten, gutxi batzuk irakurtzen eta besteren bat lo. Hamar orduren ostean iritsi ginen Boirora eta entrenamendu labur bat egin ostean, hotelera joan ginen zerbait afaldu eta lotara.  
Larunbata ere iritsi zen eta gosaltzen geundela beste albiste txar bat: “Arraun elkartean lapurreta egin dute”, esan digu Goiko presidenteak. Albiste horrek erdi lo hartu gintuen eta komentario batzuk egin ostean, kalera bueltatxo bat ematera. Bazkalostean siesta txiki bat eta 15:00etan abiatu ginen Moañara. Haize handia zegoen, ohikoa den bezala eremu haietan, baina itsasoa ez zegoen zakarra. Irteeratik ez ginen ongi hasi eta amaiera ere halakoa izan zen: txandan azkenak eta sailkapen orokorrean 9.enak. “Urteko estropada txarrena izan dek, baina iritsiko dituk hobeak”. Arraunlariok burumakur geunden, baina igandean genuen animoak altxatzeko aukera. 
Igandean amorruz irten ginen eta estropada burua hartzea lortu genuen. Baina 4.luzean ihes egin zuten Pedreña eta Zarautzek, guk 3.postuarekin konformatu beharrarekin. Estropada bitxia izan zen, 6 luze eta 5 ziabogetara. Zerbait aipatzearren Jokin Guijarro patroiaren debuta aurtengo San Migel Ligan.   
Ikusi duzuen bezala, ezustekoak eta albiste txarrak nagusitu ziren bidaia honetan arraunlarien artean. Igandean etxean jokatzen dugu, Zumaiako Ikurriña jokatzen baita. Animo faltagatik ez izatea espero dugu eta arraunlariok gure partetik dena emango dugu postu on bat lortzeagatik. Halere aurrez, ostegunean Euskadiko Txapelketa jokatuko dugu Lekeition. Ea oraingoan astea ongi hasi eta hobeto amaitzea lortzen dugun!

Irati Manzisidorren analisia Gipuzkoako Txapelketaz

Zorrak kitatze aldera, eta emandako hitza betetzeko asmoz, hauxe da
Irati Manzisidor arraunlariak asteazkenean irabazi zuten Gipuzkoako Txapelketaz egindako analisia. Ostegunean idatzita dago.

“Atzokoa emozioz jositako eguna izan zen Esperantzako tostetan izan ginen neskontzat. Arratsaldeko lehenengo orduetatik jakin nuen hura ez zela besteak bezalako eguna izango, hasteko eta behin, entrenamenduetan ez bezala, ez baikenuen berandu iristeko gaitza dugunon zain egon beharrik izan. Izan ere, bagenekien atzokoa ez zela nolanahiko eguna, asko baitzegoen jokoan. Alde batetik, emakumezkoen lehenengo traineru txapelketa irabazi genezakeen. Bestalde, printzipioz, atzoko estropada irabazten zuena izango zen arraunlarien artean hain preziatua den Kontxako banderan lehiatzako txartela lortuko zuena. Eta azkenik, eta nire ustez garrantzituena, hainbat eta hainbat urtetan gizonezkoak nagusitu diren kirolean emakumeoi eskaini ziguten hitza, eta guri zegokigun hitz hori ahotik bota beharrean uretan adieraztea, emakumeok ere arraunean txukun egiteko gai garela frogatuz.
Donostiarako bidean, beste egunetan egin genuen bezala, irabazteko genituen posibilitateez edo “esperantzez” jardun genuen: tolosarrak arraunean ongi egiten dutela baina itsasoan esperientziarik ez zutela, hondarribiarrak oso ondo prestatuta zeudela baina aulki mugikorrean ibiltzen ohituak zeudela… denetatik entzun zitekeen han baina egia esan alfer samarrik jardun genuen, aurkariak uretan lehiatzen baitira benetan. Nik ez nuen lehiarekin gehiegi itsutu nahi, uneaz gozatu nahi nuen eta txikitan aitaren bizkarrean nengoela Donostiako arranplatik behera trainerua jaisten ari ziren mutilen aurpegietan ikus zitekeen zirrara neure azalean sentitu; eta nola ez, bueltatzean arraunak igotzeko aukera bagenuen askoz ere hobeto.
Honela, iritsi ginen Donostiara. Autobusetik jeitisi eta egiten zuen beroaz gehiegi kexatu gabe arranpla ingurura hurbildu ginen. Ordutik hasi eta gauean etxera iritsi arte igarotako une oro amets baten modukoak izan ziren, 14 neskak errealitate bihurtzeko aukera izan genuen ametsa.
Estropadari oso hasiera ona eman genion eta egindako irteera onak eta jarraian egindako luzeak beste bi lehiakideengandik aldentzeko aukera eskaini ziguten. Ziabogan berriz, ez genuen gehiegi arriskatu nahi eta patroiak ziaboga zabal samarra hartzea aukeratu zuen, olaturen bat etortzen bazen ere. Ez zen olaturik etorri ordea eta ziaboga kaskar hartan denbora desente oparitu genien aurkariei. Estropadaren erdia falta zen oraindik eta Esperantzak ez zeukan bandera beste inori oparitzeko asmorik. Baina, hala ere, urduritasunak eta esperientzia faltak lagundurik burua galdu genuen eta bigarren luzea aurrenekoa baino askoz ere kaskarragoa izan zela onartu behar da. Hondarribia geroz eta gertuago ikusteak urduri jarri gintuen eta baborrean geneukan ontzi berdeari erreparatzen hasi ginen geure lanari heldu beharrean (patroiak halakorik ez egiteko behin eta berriz errepikatu bazigun ere). Hala ere, eta geure akatsak izan bagenituen ere, ontziaren puntan nindoanez, argi eta garbi ikusi nuen gurea izan zela helmugetako balizetatik igaro zen lehenengo ontzia. Berehala altxa nituen gora eskuak, eta arnasa bueltatzeko indar gehiegirik ez banuen ere, oihu handi bat egin nuen, beste askorekin batera.
Bandera uretan bertan jaso genuen eta bertan arraunak jaso genituen arren arranpla parean altxa izanak beste zirrara bat sorrarazi ziadala esan behar dut. Ordutik aurrerako guztia sinestezina izan zen, baina batez ere traineruko koloreen jabe diren bi herrietan jasotako harrerak aipatu nahi nituzke. Lehendabizi, kolore marroiaren jabe den Getariara joan ginen. Bertan, txistulariekin eta bertaratutakoekin udaletxera igo, balkoitik lortu berri genuen bandera astindu, eta jateko aukera izan genuen. Zumaian berriz okupatu berri den gaztetxeak eskainitako harrera beroa jaso genuen: arraunekin egindako arkua ikusitakoan buruko ile puntetatik hasi eta hanketako behatz puntetarainoko zirrara sentitu nuen eta zer esanik ez aurreskua egin zigutenean edo bertsoak abestu zizkigutenean. Mila esker guztiagatik.
Amaitzeko esan, helmugako balizak igaro eta eskuak altxa genituenetik 24 ordu igaro badira ere atzokoan Esperantzaren barnean joan ziren neskon aurpegietan irribarreak bizirik darraiela. Ez irabazi genuelako bakarrik, baita atzoko helmugako baliza haiek beste estropada bateko irteerakoak izateko aukera dutelako ere”.
.

Mikel Olasagastiren analisia Gipuzkoako Txapelketaz

Esperantza aurrena, Telmo Deun laugarren

Esperantza galtzen den azkena dela nioen eta… Getariarren Esperantza ontziak irabaztea lortu zuen Zumaia eta Getariako neskez osaturiko arraunlariekin. Zorionak eman behar beraz! Telmo Deun ontziaz berriz zer esan… Azkenera arte dominen borrokan aritu arren, ez da posible izan helburua lortzea. Ilusioa egiten zigun domina bat lepotik zintzilik itzultzea etxera; ez zuen axola zein koloretakoa, edonorekin konformatzen baikinen. Baina ezta posible izan!

Irteera ederra jo ostean, estropada burua hartzea lortu genuen Oriorekin batera. Lehen luze bikaina egin genuen, eta onenen parean ikusi genuen gure burua. Orduan patroiak Donostiara heltzean esaniko esaldi batekin gogoratu nintzen: “Ni enauk lotsatuko aurrena etortzeaz”. Ezta ni ere erantzun nion neure buruari, baina oraindik 3 luze falta. Jo eta su jarraitu behar lanean beraz! Bigarren luzea ere ez zen txarra izan, baina San Pedrok eta Oriok ihes egitea lortu zuten eta orduan brontzezko domina ziurtatzen zuen hirugarren postua zen jomuga. Enbata ontzia atzean uztea lortu genuen, baina bagenekien Hondarribiarren denbora kontutan hartzeko modukoa zela. Horrela, hirugarren luzean patroiak erreferentzia hau eman zigun: “Hondarribia 2 segundu aurretik, aiba hamarrekua!”. Eta guk esanak beteaz txanpa ederra jo eta kanpoko balizetara denbora berean heltzea lortu genuen.

Azken luzea beraz inoiz baino erabakigarriagoa zen. Genituen indar apurrak agortu beharra zegoen helburua lortzeko eta halaxe egin genuen, baina alferrik. Laugarren postuarekin konformatu behar, galtzaileen artean lehenak. Traineru barruan zapore gazi-gozoa zegoen, estropada polita egin baikenuen, baina domina 5 segundu eskasera geratu baitzen.

Hala ere, zapore gazi-gozo hori berehala kentzeko aukera dugu asteburu honetan Galiziako uretan. Moaña eta Riveiran ditugu estropadak eta helburua betikoa: txanda irabaztea. Hortik aurrerakoa besoak zabalik ditugula hartuko dugu, baina badakigu txanda irabaztea lortuz gero ez garela onenen lehiatik urrun izango. Galiziako estropada eremuek eta haizeak eragina izaten dute, eta laguntza pixka bat izanez gero, nork daki zer gerta litekeen. Beraz, Galiziako haizeak nondik jo eta Goikok behingoz kale ona ateratzeko esperoan geratzen gara arraunlariok.

Mikel Olasagastiren analisia

Hemendik aurrera, estropada guztien ondoren, analisia egingo du
Mikel Olasagasti arraunlariak. Hauxe da aurrenekoa:

Gustura egindako lanarekin 
 

Zorteak ez digu gehiegi lagundu asteburu honetan, baina emaitzak ez dira txarrak izan: larunbatean seigarren eta igandean zortzigarren. Batek baino gehiagok sinatuko zituen emaitza horiek denboraldia hasi aurretik, baina gaizki ohitzen hasiak geunden eta…
 
Asteburua benetan gogorra izan da. Txandak lehen aldiz sailkapenaren arabera osatu dira eta horrek emozioa ekarri die estropadei. Arraunlariak ere horren zain geunden, aurkari zuzenak alboan izan eta indarrak parez-parez lehiatzeko. Argi geratu da ordea, ez dagoela harrotasun handirik.
 
Gure helburua txanda irabaztea zen, baina oraingoan ez da posible izan. Hala ere gustura aritu gara arraunean eta emaitzarik txarrena zortzigarrena bada ongi etorria izango da. Zarautzek eta Pedreñak erakutsi dute indartsu daudela, baina ez daitezela gehiegi deskuidatu! Cabo berriz, zer esan hauetaz ez dakizuenik? Egoskorrak dira benetan eta ez dute amaiera arte etsitzen. Inork ez ditu nahi alboan, baina ezta beraiek ere gu. Ehunenekoek paper garrantzitsua jokatzen dutela eta, kasu honetan, balantza gure aldekoa izan da.
 
Indartsuenen artean Castro eta Urdaibai aipatu behar. Bi taldeak selekzioak dira eta uretan argi geratu da hori. San Pedroren lana ere aipatzeko modukoa da, Libia ontzia erregulartasun handia erakusten ari baita denboraldi osoan zehar. Talde hauekin lehian aritzeko kiniela guztietan sartzen ziren Orio eta Hondarribia ere, baina denboraldi hasiera honetan ez dute euren maila eman uretan. Esan liteke liga honetako dezepzioak izan direla.
 
Eta aurrera begira zer? Asteazkenean Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dugu Kontxako badian, eta ea posible den domina lortzea. Ohorezko txandan aritzeko txartela lortu dugu eta gure mailarik onena emanez gero, ez gara medailen dominen lehiatik urrun ibiliko; esperantza horrekin goaz eta esperantza galtzen den azkena denez…

« Previous Page



Bad Behavior has blocked 18 access attempts in the last 7 days.