Atzoko berriarekin jarraituz, Biotopoaren aurkako errekurtsoaren arrazoia zein den argitu dugu. Konpetentzia-auzia omen da eta Biotopoaren itsas sektorearekin zerikusia dauka. Izan ere, eta Madrilgo Ingurumen Ministerioaren arabera, Eusko Jaurlaritza ez omen da konpetente itsas zati hori antolatzeko eta konpetentzia hori berari dagokiola aldarrikatzen du. Hau dela eta, itsasaldea Biotopotik ateratzeko eskatu du.
Beraz, errekurtsoak aurrera egiten badu Eusko Jaurlaritzak markatu zituen bi erreserbak desagertuko litzateke. Baita gune horiek kudeatzeko ezarritako araudiak ere. Gainera, jurisprudentzia kontutan hartuta Estatuak arrazoia duelakoan gaude.
Konpetentzia edo inkonpetentzia? Hor dago koska.
Gaur jakin dugunez, Biotopoaren Natura Baliabideak Antolatzeko Plana errekurritu du Estatuko Administrazio Orokorrak. Hala ere, informazio asko ez dugu oraindik eta errekurtsoaren funtsa zein den ere ez dago garbi.
Interesatuak auzian aurkezteko eta agertzeko epea irekita omen dago eta bere garaian bilera informatiboetan parte hartu zuten eragileek honen berri jasotzen ari dira.

Gure lagunak Kopenhagen galduta zeudela uste genuen baina…
Barkatu atzerapena baina ikusi dugun guztia kontatzeko ez dugu astirik izan. Hemen mundu osoko jendea dago eta orduak eta orduak eman ditugu honaino ekarri dituzten erakusketak, espektakuluak eta aldarrikapenak ikusi nahian. Besteak beste, oihan tropikalaren suntsiketa salatzen duten indigenak eta Artikoaren urtzaldia pairatzen duten inuitak etorri dira Danimarkara. Baita, Himalaia edateko ur-iturri duten nepaldarrak, indiarrak eta Asiako beste mila eta piku milioi biztanleen ordezkariak ere.
Beste batzuek elikagai transgenikoek sortzen duten kezka plazaratzen dute, nekazaritza ekologikoaren aldeko eta begetarianismoaren aldeko apustua egitez.
Gailurraren alde ofizialari dagokionez, Kopenhagen 200.000 delegatu inguru daude lanean eta munduko 100 estatuetako liderrak espero dira baina, klima aldaketari aurre egiteko bidea adostuko al dute? edo, orain arte egindako bideetatik jarraituko al dugu, negutegi efektuari alfonbra gorria jarriz?
Goi-bilera luzea da eta pixkanaka, pixkanaka, Europatik, Afrikatik, nahiz Ameriketatik etorritako taldeen aktibistak Kopenhage betetzen ari dira. Gaur, ostirala, lobbyen aurkako eguna izan da eta elkarretaratzeak egon dira negoziazioak egiten ari diren forumen inguruetan. Polizia eta ejertzitoaren presentzia nabarmena izan bada ere, dena oso lasai joan da eta ez da ezer gertatu. Hala hobe!
Ekintzetan murgilduta geundela zurrumurru bat zabaldu da han-hemenka. Izan ere, Europar Batasunak garatu gabeko herrialdeek klima aldaketari aurre egin dezaten, laguntzeko konpromisoa agertu omen du eta, 2020. urtea bitartean, 7.000 milioi € jarriko ditu.
Erakunde alternatiboek eskatzen dutena ikusita oso diru gutxi dela dirudi. Zenbait taldek egindako kalkuluen arabera, Europar Batasunak hori baino 5 aldiz gehiago eman beharko luke, mundu osoan bildu behar denaren %30a, alegia. Eta honekin lotuta, zer eskatzen ari da Kopenhagen?
Bada, foro paraleloan parte hartzen duten taldeen arabera, lau dira onartzeke dagoen tratatuak jaso beharko lituzkeen oinarrizko puntuak:
1.- 2020. urterako, herrialde industrializatuek 1990. urtean eginiko isurketa-mailaren %40a murriztu behar dute.
2.- Klima aldaketari aurre egiteko eta deforestazioa gelditzeko garatu gabeko herrialdeek laguntza ekonomikoa behar dute. Horretarako, urtero, eta 2020. urtera arte, 110.000 milioi euro behar dira eta herrialde boteretsuek jarri beharko lituzkete.
3.- 2020. urterako tropikoetako oihanen deforestazioa gelditu beharra dago.
4.- Laguntza ekonomikoari esker, eta 2020. urtea jomuga, pobretutako estatuetan igotzen ari diren isurketa-mailak %15-30a murrizteko esfortzua egin behar da.
Gainera, hartutako konpromisoak binkulanteak izan behar dira, estatu bakoitzak bere legerian jasoz.
Bukatzeko, informazio gehiago lortzeko lotura batzuk utzi nahi dizkizuegu:
Biharko egunaren leloa hau da “Aldatu sistema. Klima aldaketarik ez” eta klima-justiziaren aldeko uholdea antolatuta dago. Gu han egongo gara eta ibai handitu horren tantatxoak izateko asmoa dugu. Ea kontatzeko astirik ateratzen dugun.
Ez ahaztu etxe inguruan ere mobilizazioak egongo direla. Urrutira joan gabe, Eguzki eta “Termikarik ez” taldeek, argindarra lortzeko ikatza erretzen duen Pasaiako termikaren aurkako martxa antolatu dute. Martxaren irteera Oreretako Gamon Zumarditik izango da, arratsaldeko 16,30etan. Baionan eta Bilbon ere klima aldaketak izan dezakeen eraginak salatzeko aukera egongo da.

Abenduaren 7tik-18ra bitartean Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Goi-bilera burutzen ari da Kopenhagen (Danimarka). Kyoto ondorengo gai honen inguruan egiten den batzarrik garrantzitsuena da egun hauetako hau, eta helburu zehatzak lortzeko deialdia egin du NBE-ek: lurrak industria aurreko garaian zuen tenperatura bi gradu baino gehiagorik ez igotzea. Horretarako gaur egungo atmosferara egiten diren isurketen maila nabarmen jaitsi behar genuke, %25tik-%40ra bitartean, hain zuzen ere.
Mugimendu interesgarriak egon badira ere, ez da akordio handirik espero eta munduko agintariak presionatzeko beste goi-bilera paralelo bat ere antolatu dute mugimendu sozialek,… eta Zumaiako lagun batzuk ere animatu dira bertara joatera eta handik eguneko kronika idaztera. Hona hemen lehen egunak emandakoa.
“Egunaren zati on bat bidaian eman ondoren, Kopenhagera iritsi gara azkenean. Berandu da eta hirian bueltatxo bat emateko astia besterik ez dugu izan. Hala ere, hemen, sirenatxoaren lurraldeetan, laster ohartu gara zerbait handia gertatzen ari dela.
Mundu osoko talde ekologistek eta GKE-k, parke, kale eta plaza guztiak hartu dituzte beraien argazkiak, standak eta publizitate kanpainak zabaltzeko. Euskarria edozein dela eta, mezu guztiak adierabakarrekoak dira: klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko denbora bukatu dela eta ekiteko garaia heldu zaigula. Dirudienez, mundu osoko politikarien gainean jarritako konfiantza maila txikia da eta horrela adierazten dute aireportuan ikusi ditugun anuntzioak.

2020. urtean
“Sentitzen dut. Hondamendia ekarri duen klima aldaketa gelditzeko aukera izan genuen baina,… ez genuen egin”
“Ekin orain: etorkizuna aldatu”
Harrigarria bada ere, Hollywoodetik zuzenean ailegatutako standak ere badaude eta horrelako txiringito batean“”Brad Pitt saving the climate” irakurtzeko parada izan dugu. Baina, gaur behintzat, ez dugu Brad Pitt bertan ikusi,… akaso bihar!
Portuko moiletan Greenpeace taldeko itsasontziak ere ikusi ditugu, hiriko kanalei kolorea emanez eta gure barneko emozioak piztuz.
Bihartik aurrera saiatuko gara hemen gertatutakoa kontatzen eta teknologiak laguntzen badu, argazki batzuk ere bidaliko ditugu.
Beraz, gau pasa Kopenhagetik.”