Iritzia


Uztailaren 26an mendi lasterketa bat korritu da estreinakoz biotopo babestuaren eremuan, Zumaia eta Deba arteko itsaslabarretan. Ekimen honen harira, zenbait zalantza eta kezka sortu zaizkigu, eta horien berri eman nahi dugu idatzi honetan.

Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi dugu urteak eta urteak egin ditugula naturgune horren babesa eskatzen. Borroka luzea izan da, baina azkenean naturzaleen mezua iritzi zen instituzioetara eta gaur egun biotopo babestua da Zumaia eta Deba arteko kostaldea. Baina bistan da oraindik bide luzea dugula egiteko: biotopo babestuaren arau nagusia (NBAP) idatzita eta onartuta dago, baina letra txikia falta da, erabilera konkretuak arautuko dituen plana. Eta hori lantzea eta praktikan jartzea Aldundiaren ardura da.

Bestetik, herritarren artean ere kezka sumatu dugu paraje horren erabilera asko handitu delako azken urteotan –are gehiago biotopo babestu izendatu zenetik–, eta ez delako inolako neurri praktikorik hartu hori bideratzeko. Baserritarrak ere kexatu dira jendea edozein lekutik sartzen dela, bideak errespetatu gabe. Beraz, badago zer egina.

Garbi dugu lan hori egin artean ez dela aurrerapauso nabarmenik egingo ingurune hori babesteko, eta gauza asko airean daudela oraindik. Horregatik, zentzuzkoa iruditzen zaigu araudi hori zehaztu arte erabilera berririk ez baimentzea biotopo babestuaren eremuan. Eta argi gorriak piztu zaizkigu lasterketa honen berri izan genuenean.

Esan behar dugu Flysch Trail lasterketako antolatzaileekin harreman zuzena izan dugu, eta, alde horretatik, beraiekin ez dugu inolako arazorik izan. Guk hor ikusten duguna da Aldundia dela ingurune honen kudeatzailea eta hari dagokiola hau guztia arautzea. Gure kezka nagusia ez da lasterketa konkretu honen ingurukoa, baizik eta Aldundiaren partetik ez dagoela zehaztuta prozedura bat horrelako ekimenen aurrean: baimenak emateko irizpideak, nola egin publiko, helegiteak aurkezteko aukera… Horrek sortzen digu kezka aurrera begira, badakigulako ingurune hori oso erakargarria delako gauzak antolatzeko, eta ikusten dugulako Aldundiak lanak egin gabe dituela.

dsc02853l.jpg

Oraingoan herriko jendeak antolatutako ekimena izan da eta hasieratik izan dugu eskura informazioa. Horri esker, Aldundiari gure kezkak eta gure proposamenak aurkezteko aukera izan dugu. Baina, antolatzaileak kanpokoak izan balira? Herritarrak zer bide du informazioa jasotzeko eta, bidezko baderitzo, helegiteak aurkezteko?

Idatzian azterketa tekniko bat egin genuen, zenbait neurri proposatuz. Besteak beste, leku batzutatik ez pasatzeko bertako landaredia babeste aldera; zenbait neurri hartzeko ikusleak eta kotxeak kontrolatzeko, eta zaborra behar bezala jasotzeko; eta ebaluaketa egiteko, bai lasterketaren aurretik eta ondoren, eragina neurtu ahal izateko. Aldundiak ez digu erantzun zehatzik eman, baina jakin dugu guk proposatutako neurri asko kontuan hartu dituztela, ontzat jo dituztela. Zalantza gelditu zaigu, ordea: guk muturra sartu izan ez bagenu, zein izango ote zen Aldundiaren jokaera?

Beraz, Aldundiari eskatzen dioguna da biotopo babestuaren erabilera publikoen plana lehenbailehen egiteko, aurrerantzean garbi gera dadin ingurune horretan zer egin daitekeen eta zer ez, eta berma dadin prozedura administratiboan herritarren informazioa eta helegiteak aurkezteko eskubidea. Bestetik, pentsatzen dugu Zumaiako Udalak jokaera irmoagoa agertu beharko lukeela kontu hauek guztiak argitu eta bideratzeko orduan, are gehiago lasterketako antolatzaile ofiziala den neurrian.

Biotopoaren behin betiko onartu dutela eta, honen inguruan Zumaiako Natur Taldeak egin duen balorazioa plazaratu nahi genuke: 

2006ko ekainaren 14ko aginduarekin ekin zion Eusko Jaurlaritzak Zumaia eta Deba arteko kosta lerroa biotopo babestu izendatzeko legezko bideari. Orain, behin betiko izendapena onartzear dela, egindako lanaren eta azken emaitzaren balorazio egin nahi du Zumaiako Natur Taldeak.

Lehenik eta behin, eta mamian sartu baino lehen, adierazi nahi dugu gure iritziz kostalde zati hau biotopo babestu izendatzea positiboa dela, horrek esan nahi duelako behingoz aintzat hartu dela naturazaleek eta ekologistek behin eta berriro aldarrikatutakoa: hainbat balio berezi dituen naturgunea dela. Hori legez jasota gelditzea urrats bat da, dudarik gabe.

Hori esanda, Zumaia eta Deba arteko kostaldearentzat idatzi den araudi orokorra –Natur Baliabideak Antolatzeko Plana– irakurrita, eta hainbat talderekin batera egindako alegazioek jasotako erantzunak kontuan hartuta, esan nahi dugu azken emaitzak hainbat zalantza eragin dizkigula. Pentsatzen dugu, orohar, lehendik zegoen arauditik harago joateko ausardia edo indarra falta izan direla, eta, batez ere, benetako itsas erreserba bat egiteko aukera paregabea galdu dela –oraingoz behintzat–.

2008ko apirilaren 23an ezagutarazi zuen biotopo babestuarentzat behin behinean onartutako araudi orokorra, eta jendaurrean erakusteko epea ireki zuen. Araudiari alegazioak aurkezteko aukera zabaldu zen ondoren, eta hor Zumaiako Natur Taldeak bere aportazioa egitea erabaki zuen, beste hamar norbanako, talde eta erakundek bezala. . Gure partetik, 13 alegazio aurkeztu genituen: batzuk akatsen zuzenketa hutsak; beste batzuk informazioa zehazteko eskatzen zutenak; eta beste batzuk, gure ustez, araudian hobekuntza nabarmena ekarriko luketenak. Jaurlaritzaren erantzunetan ez da ezusteko handirik izan. Beste taldeek egindako alegazioekin bezala, gure kasuan ere akatsak zuzentzeko zirenak onartu dituzte, informazio zehazteko zirenak ere bai kasu gehienetan, baina araudian aldaketaren bat suposatzen zutenak baztertu egin dituzte.

Zalantza handienak

Gure alegaziorik garrantzitsuenak itsas eremuarekin dute zerikusia. Batetik, ez dugu ulertzen zergatik ez den eskatzen arrantzarentzako plan tekniko berezi bat, ehizarekin edota beste erabilera publikoekin egingo den bezala. Azken finean, plan tekniko horiek zehaztuko dute zer eta nola aplikatu behar den. Lege orokorraren arau zehatza da; letra txikia, azken finean ikusita arrantza izan dela zalaparta gehien sortu duen gaia, erabat beharrezkoa da bere plan teknikoa izatea. Baina eskumena Jaurlaritzako Arrantza Sailarena denez, gaia haren esku gelditu omen da. Gure ustez, benetako borondatea egonez gero, Arrantza Sailarekin adostutako plan bat atera zitekeen aurrera.

Arrantzarentzat plan teknikorik ez bada lantzen, gure iritziz aukera paregabea galduko da benetako itsas eremu babestu bat lortzeko. Bi gune erabat babestuko direla dio araudiak, baina askoz eraginkorragoa izango litzateke inguruan ere beste kontrol neurri batzuk hartuko balira. Estatuan dauden 22 itsas erreserbak aztertu ondoren, ikusi dugu erabateko babesa duten guneez gain beste neurri batzuk behar direla inguruan. Baina gure kasuan ez dute lehendik zegoen arauditik harago joan nahi izan.

Landa eremuaren eta baserri munduaren etorkizuna biotopo babestuarekin bateragarri egiteko neurriak ere bota ditugu faltan. Iruditzen zaigu baserritarrei alternatiba bat eskaini behar zaiela gaur egungo paisaiari eutsi nahi bazaio, eta, horretarako dirua inbertitu behar dela, eta laguntza teknikoa eskaini behar zaiela. Nekazaritza ekologikoa izan daiteke aukera bat, baina instituzioen laguntzarekin. Bestela, laster ikusiko ditugu mahastiak, hain paisaia berezia osatzen duten muinoetan. Arrisku horren aurrean, espreski debekatzeko eskatu zuen Natur Taldeak, baina eskaera ez da onartu izan, beharrezkoa ez delakoan.

Bestetik, legearen letra txikia garatuko duten plan teknikoak egiteko eperik ez zuen zehazten NBAPak, eta hori zuzentzeko eskatu genion Jaurlaritzari. Eskaera horren aurrean, sei urteko epea ezarri du Jaurlaritzak plan tekniko horiek idazteko eta indarrean jartzeko. Horren praktikan esan nahi du biotopo babestua izango dugula, bere lege orokorra ere bai –NBAPa–, baina egunerokoan sor daitezken arazoei aurre egiteko tresnarik ez dela izango. Horren aurrean, gutxienez lehentasunak ezartzeko eskatzen dio plan horiek idaztea dagokion erakunde kudeatzaileari, Gipuzkoako Aldundiari, eta ez ditzala lan guztiak amaierarako utzi. Bestela, sei urtean ez bada ezer egiten, atzerapauso handia egingo delako herritarrak kontzientziatzeko bidean.

Positiboki baloratu beharreko erantzunik ere izan da administrazioaren partetik. Organo kudeatzailearekin batera, herritarren eta talde ezberdinen parte hartzea bermatuko duen beste organo bat eratzeko eskatu da, eta onartu egin da. Horrekin batera, aipatu baino ez Zumaiako Udalak Talaimendiren babes maila handitzeko egindako eskaera ere onartu egin dela. Lehen erabilera arrunteko eremua kontsideratzen bazen, orain berreskuratu beharreko eremu hondatua izango da.

Prozesua parte hartzaileaz

Biotopo babestuaren lege orokorra, NBAPa, lantzeko herritarren eta hainbat talderen parte hartzea eskatu eta bultzatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Aukera hori positibotzat jotzen dugu, hainbat taldek iritzia zuzenean emateko aukera izan dutelako. Gero, ikusi da oraindik ingurumenak beste interes batzuk baino balio gutxiago duela. Bi iritzi kontrajarri direnean, arrazoi ekonomikoak gailendu dira, azken helburua naturgune baten babesa izan arren. Beste mota bateko proiektuak indar guztiarekin defenditzen dira, baina ingurumenarekin zerikusia dutenak oraindik ez.

2007ko udaberrian egon zen zalapartaz. Bere garaian garbi eduki genuen ez ginela saltsa hartan sartuko. Ikusi genuen informazio gutxi zegoela eta gauzak nahasteko ez dakigu zer interes. Eta jendeak errazegi heldu ziola amuari. Denborak ematen duen perspektibarekin, ohartu behar gara horrelako erreakzio batekin dena pikutara bidaltzeko arriskua dagoela. Eta, ondo pentsatuta, nork ez du nahi Algorri bere horretan mantentzea? Gehiago edo gutxiago babestuta, baina denok nahi dugu Algorrik hor segitzea. Beraz, biotoporik ez leloaren aurrean, ez al zen egokiagoa nolako biotopoa nahi dugun planteatzea?

Eta egoera horren aurrean, inplikatuta zeuden erakunde publikoek oso erantzun kaskarra eman zutela iruditzen zaigu. Makroazpiegitura estrategiko bat izan balitz indar guztiarekin defendituko zuketen, baina kasu honetan ez zuten aurpegia eman nahi izan. Hori leporatzeko modukoa da. Salatzekoa den bezala Jaurlaritzak zalaparta sortu zuten taldeekin bilera berezia egin izana, erdi ezkutuan, eta haiekin hainbat konpromiso hartzea, noiz eta bilera parte hartzaileak burutzen ari ziren garaian.

Elkarrekin lan egiteko aukera eta beharra

Gure ustez, kostaldea zati hau biotopo babestu behin betiko laster izendatuko duten arren, lana ez da amaitu. Esan dugu plan teknikoak idazterako urte batzuk pasako direla, eta bitartean zalantza asko daudela airean. Bitartean, zain gelditu gabe, ondo legoke sinergiak bilatzea. Eta pentsatzen dugu hasieran pentsa zitekeena baino errazagoa dela. Azken finean, alegazioak ikusita, ohartu gara adostasun maila handia dagoela taldeen artean eta, esate baterako, arrantzaren auzian iritziak oso gertu daude. Denok ikusten dugu babes osoko erreserba guneez gain beste neurri batzuk hartu behar direla inguru osoan. Denok eskatu ditugu arrantza gehiago kontrolatzeko neurriak, zenbait arrantza mota debekatuz, egutegian mugak jarriz, arrantza ontzien erroldak ezarriz… Herri mailan elkarrekin lan egiteko aukera ona dugula iruditzen zaigu, eta, agian horrela, ados jartzen bagara, administrazioak neurri ausartagoak onartuko lituzke.

Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.