Iga 7 aza 2010
Beste askotan bezala, larunbatean ere taldekoak goizean goiz elkartu eta haitzetara joan ginen, Algorritik Baratzazarraurre artean dagoen harrizko zabalgune ederra bisitatzera. Itsasertzera hurbiltzea eta bertako paisai ederraz gozatzea gure gustuko planak badira, bai, baina, beste behin ere, eguneko zeregina oso bestelakoa genuen. Oraingo honetan, putzu eta arroketan erromako zubiaren koloreen bila ibili ginen goiz guztia eta, ikusi nahi ez bagenitu ere, Pikoteazpitik aurrera erruz ikusi genituen Motxo itsasontzitik ihesitako gasolio orbainak.
Eta beste askotan bezala, lan hori egiten gu bakarrik egon ginen, ez baikenuen ikusi, ez Jaurlaritzako teknikorik, ez Aldundikorik, ezta ministeriokorik.
Prestige petrolio-ontzia hondoratu zenetik zortzi urte betetzen diren egun hauetan, garai hartako irudi eta pentsamendu berberak pasa zaizkigu buruetatik; istripua itsasoan, kutsadura kontrolik gabe zabaltzen, inpotentzia sentimendua eta,… larrialdia egoki kudeatzeko ardura dutenen axolagabekeria. Hala, azken egun hauetan gertatutakoak eta ikusitakoak sortu dizkiguten zalantza, kezka eta airean gelditu diren galderak konpartitzeko beharra sentitzen dugu.
Hasteko, eta itxaropenik ez badugu ere, ditxosozko barkua non zegoen, zertan ari zen eta gertatutako guztia lehenbailehen argitu behar dela exijitu nahi dugu. Komunikabideetan zabaldu den bertsioak zulo asko ditu eta oso susmagarria dela iruditzen zaigu.
Gure iritziz, kasu honetan barkua barruan egon edo ez, eta arrantzan egon ala ez, hori ez da garrantzitsuena. Azken finean, zenbait herritarrek egunero nabaritzen duten errealitate baten icebergaren tontorra besterik ez da, eta jakin badakigu aste osoan arraia kostaldetatik oso gertu ibili dela -baita Algorriko putzuetan ere- eta honen atzetik ur-gaineko faktoriak itsas bazterrak argitzen ibili direla.
Biotopoaren araudia erredaktatzeko garaian arrantza kudeatzeko plan baten beharra ukatu ziguten eta gertatutakoak guztiz beharrezkoa dela agerian utzi du. Orain ere, gune honen NBAP-aren gabeziak azaleratu eta eskaera berbera egiteko beharrean gaude eta hainbat eragilek babestu duten Ondarroako Agiria gurea egin nahi dugu berriz ere. Agiri honen arabera, hamabi milatan arrantza artisanala bakarrik onartu beharko litzateke, baxurakoa erregulatu eta arrastea zeharo baztertu.
Bestalde, erantzukizun osoa barkuarena dela gogoratu behar dugu. Kroskoa hortik kentzeko lanak eta istripuak ingurumenaren gain eragin ditzaken kalteak beregain hartu beharko lituzke enpresak. Gainera, duela 8 urte hidrokarburo-isurketa izugarria jasan zuen gune bat dela kontutan izanda, eraginak aztertzeko jarraipen lanak egin beharko lirateke. Hauek ere istripua sortu duenaren kontura, jakina. Isun administratiboa ezartzeko frogarik baldin badago, lortutako dirua biotopoaren mantenurako edo ekipamenduetarako erabili beharko litzateke.
Erreskate arduradunen hasierako diagnostikoa egokia bazirudien ere, gasolioa ateratzea ez da lehentasuna izan eta bai, berriz, barkua osorik ateratzea. Aseguru-etxearen irizpideek interes publikoak baino pisu handiagoa izan dute eta bi egun hauetan gasolioa ateratzeko eta kroskoa askatzeko erabili diren baliabideak zuhurrak izan direla iruditzen zaigu. Airez, itsasoz zein lurrez egiteko zeuden aukera guztiak aztertu dituztela diote baina, lanak izan dezaken zailtasuna onartuta, zerbait gehiago egin zitekeela dirudi. Izan ere, bertara joateko bidea, txarra, baina badago, itsasontzia labarretik hurbil zegoen eta moto-bonba batek lehorretik lana egiteko aukera ere bazuen.
Testuinguru honetan, Itsas Salbamendu erakundeak eman duen informazioa salagarria dela iruditzen zaigu, azken bi egunetan inork ez baitu ikusi igarritako dispositiboa. Ez Helimer 212 helikopteroa, ez Salvamar Orion itsasontzia, ezta urrutitik etorritako buzoak ere. Bai, ordea, mahoizko lan-arroparekin eta, hotzez biraoka, gerriraino uretan sartuta eta inolako babes neurririk gabe kroskoan gora eta behera ibili diren langileak.
Itsasontzia askatzeko hain zehaztuta zegoen plana bestelakoa bazen ere, guztiz beharrezkoa zen itsasgora baino ordu eta erdi lehenago tiratzea, beldurgabekeri barkaezina izateaz gain, erreskatea nolako arintasunarekin eraman duten adierazlea ere bada. Egoera “kontrolpean” egon arren, tiratzeko maniobra hasi zenean isurketa gelditzeko barrerak zituen erreskate-ontzia Zumaiako portuan zegoen,… eta B planik ez zegoen. Hau dela eta, etorkizunera begira eta gunearen balioa aintzat hartuta, larrialdietarako protokolo bat ere beharrezkoa dela uste dugu.
Ordezko planik ezean, B diskurtsoa azkar asko atera dute patrikatik. Isurketa gertatu eta gero gasolioak eragin ditzaken kalteei garrantzia kentzea lotsagarria dela iruditzen zaigu, are eta gehiago aurreko egunetan alarma izugarria sortu ondoren egiten bada. Erreskate arduradunen sinesgarritasuna hutsaren parean gelditu da eta itsasoa edozer irensteko kloaka balitz moduan tratatu dutela uste dugu.
Bukatzeko, hain gertu bizi dugun gertaera honetan, estatuko nahiz EAEko ordezkarien papera penagarria izan da eta hobe lukete poltrona utzi eta ezerezaren herrian galtzea.



