Ast 8 abe 2009
Abenduaren 7tik-18ra bitartean Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Goi-bilera burutzen ari da Kopenhagen (Danimarka). Kyoto ondorengo gai honen inguruan egiten den batzarrik garrantzitsuena da egun hauetako hau, eta helburu zehatzak lortzeko deialdia egin du NBE-ek: lurrak industria aurreko garaian zuen tenperatura bi gradu baino gehiagorik ez igotzea. Horretarako gaur egungo atmosferara egiten diren isurketen maila nabarmen jaitsi behar genuke, %25tik-%40ra bitartean, hain zuzen ere.
Mugimendu interesgarriak egon badira ere, ez da akordio handirik espero eta munduko agintariak presionatzeko beste goi-bilera paralelo bat ere antolatu dute mugimendu sozialek,… eta Zumaiako lagun batzuk ere animatu dira bertara joatera eta handik eguneko kronika idaztera. Hona hemen lehen egunak emandakoa.
“Egunaren zati on bat bidaian eman ondoren, Kopenhagera iritsi gara azkenean. Berandu da eta hirian bueltatxo bat emateko astia besterik ez dugu izan. Hala ere, hemen, sirenatxoaren lurraldeetan, laster ohartu gara zerbait handia gertatzen ari dela.
Mundu osoko talde ekologistek eta GKE-k, parke, kale eta plaza guztiak hartu dituzte beraien argazkiak, standak eta publizitate kanpainak zabaltzeko. Euskarria edozein dela eta, mezu guztiak adierabakarrekoak dira: klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko denbora bukatu dela eta ekiteko garaia heldu zaigula. Dirudienez, mundu osoko politikarien gainean jarritako konfiantza maila txikia da eta horrela adierazten dute aireportuan ikusi ditugun anuntzioak.
2020. urtean
“Sentitzen dut. Hondamendia ekarri duen klima aldaketa gelditzeko aukera izan genuen baina,… ez genuen egin”
“Ekin orain: etorkizuna aldatu”
Harrigarria bada ere, Hollywoodetik zuzenean ailegatutako standak ere badaude eta horrelako txiringito batean“”Brad Pitt saving the climate” irakurtzeko parada izan dugu. Baina, gaur behintzat, ez dugu Brad Pitt bertan ikusi,… akaso bihar!
Portuko moiletan Greenpeace taldeko itsasontziak ere ikusi ditugu, hiriko kanalei kolorea emanez eta gure barneko emozioak piztuz.
Bihartik aurrera saiatuko gara hemen gertatutakoa kontatzen eta teknologiak laguntzen badu, argazki batzuk ere bidaliko ditugu.
Beraz, gau pasa Kopenhagetik.”









