Uztailaren 26an mendi lasterketa bat korritu da estreinakoz biotopo babestuaren eremuan, Zumaia eta Deba arteko itsaslabarretan. Ekimen honen harira, zenbait zalantza eta kezka sortu zaizkigu, eta horien berri eman nahi dugu idatzi honetan.

Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi dugu urteak eta urteak egin ditugula naturgune horren babesa eskatzen. Borroka luzea izan da, baina azkenean naturzaleen mezua iritzi zen instituzioetara eta gaur egun biotopo babestua da Zumaia eta Deba arteko kostaldea. Baina bistan da oraindik bide luzea dugula egiteko: biotopo babestuaren arau nagusia (NBAP) idatzita eta onartuta dago, baina letra txikia falta da, erabilera konkretuak arautuko dituen plana. Eta hori lantzea eta praktikan jartzea Aldundiaren ardura da.

Bestetik, herritarren artean ere kezka sumatu dugu paraje horren erabilera asko handitu delako azken urteotan –are gehiago biotopo babestu izendatu zenetik–, eta ez delako inolako neurri praktikorik hartu hori bideratzeko. Baserritarrak ere kexatu dira jendea edozein lekutik sartzen dela, bideak errespetatu gabe. Beraz, badago zer egina.

Garbi dugu lan hori egin artean ez dela aurrerapauso nabarmenik egingo ingurune hori babesteko, eta gauza asko airean daudela oraindik. Horregatik, zentzuzkoa iruditzen zaigu araudi hori zehaztu arte erabilera berririk ez baimentzea biotopo babestuaren eremuan. Eta argi gorriak piztu zaizkigu lasterketa honen berri izan genuenean.

Esan behar dugu Flysch Trail lasterketako antolatzaileekin harreman zuzena izan dugu, eta, alde horretatik, beraiekin ez dugu inolako arazorik izan. Guk hor ikusten duguna da Aldundia dela ingurune honen kudeatzailea eta hari dagokiola hau guztia arautzea. Gure kezka nagusia ez da lasterketa konkretu honen ingurukoa, baizik eta Aldundiaren partetik ez dagoela zehaztuta prozedura bat horrelako ekimenen aurrean: baimenak emateko irizpideak, nola egin publiko, helegiteak aurkezteko aukera… Horrek sortzen digu kezka aurrera begira, badakigulako ingurune hori oso erakargarria delako gauzak antolatzeko, eta ikusten dugulako Aldundiak lanak egin gabe dituela.

dsc02853l.jpg

Oraingoan herriko jendeak antolatutako ekimena izan da eta hasieratik izan dugu eskura informazioa. Horri esker, Aldundiari gure kezkak eta gure proposamenak aurkezteko aukera izan dugu. Baina, antolatzaileak kanpokoak izan balira? Herritarrak zer bide du informazioa jasotzeko eta, bidezko baderitzo, helegiteak aurkezteko?

Idatzian azterketa tekniko bat egin genuen, zenbait neurri proposatuz. Besteak beste, leku batzutatik ez pasatzeko bertako landaredia babeste aldera; zenbait neurri hartzeko ikusleak eta kotxeak kontrolatzeko, eta zaborra behar bezala jasotzeko; eta ebaluaketa egiteko, bai lasterketaren aurretik eta ondoren, eragina neurtu ahal izateko. Aldundiak ez digu erantzun zehatzik eman, baina jakin dugu guk proposatutako neurri asko kontuan hartu dituztela, ontzat jo dituztela. Zalantza gelditu zaigu, ordea: guk muturra sartu izan ez bagenu, zein izango ote zen Aldundiaren jokaera?

Beraz, Aldundiari eskatzen dioguna da biotopo babestuaren erabilera publikoen plana lehenbailehen egiteko, aurrerantzean garbi gera dadin ingurune horretan zer egin daitekeen eta zer ez, eta berma dadin prozedura administratiboan herritarren informazioa eta helegiteak aurkezteko eskubidea. Bestetik, pentsatzen dugu Zumaiako Udalak jokaera irmoagoa agertu beharko lukeela kontu hauek guztiak argitu eta bideratzeko orduan, are gehiago lasterketako antolatzaile ofiziala den neurrian.

Pasa den larunbatean goiz osoa eman genuen Santixon zeuden katu-azazkalak kentzen. Guk uste genuen baino zabalduagoa zegoen eta, naiz eta 9 lagun bildu, eguerdiko 13,3oetan bukatu genuen lana. Eguzki galdatan argazki batzuk atera genituen.

 dsc029531.jpg

p71101171.jpg 

p71101381.jpg

 p71101411.jpg

Azken urteotan hasitako lanarekin jarraituz, Zumaiako hondartzen inguruan dauden zenbait landare inbaditzaile kentzeko deialdia egin nahi dugu. Hori dela eta, uztailak 11ean, Santiagon eta Itzurunen dauden katu-azazkalak auzolanean kentzeko laguntza eskatu nahi diegu herritarrei.

Landare hau Hegoafrikatik ekarri zuten lorategiak apaintzeko eta lehorteak eta gazitasuna oso ondo jasaten dituenez, ondo egokitu da dunetan eta itsaslabarretan. Gainera, edozein zurtoinek sor ditzake sustraiak, beraz, oso erraz zabaltzen den landarea da. Katu-azazkalak eratzen dituen tapizak oso azkar hedatzen dira eta bertako landaredia ito egiten da.

Zumaian katu-azazkala (Carpobrotus sp.) oso hedatuta ez badago ere, orban batzuk lokalizatuta ditugu herrian eta gehiago zabaldu baino lehen kendu behar direla uste dugu.

Landare inbaditzaileri buruzko informazio gehiago nahi duena, horiei aurre egiteko zer egin daitekeen jakin mina duena eta lanerako prest dagoena, gonbidatuta dago. Goizeko 10,00etan geratuta gaude, Turismo bulegoaren aurrean.

Kontaktua:  680363920
zumaiakonaturtaldea@gmail.com

Aurreko mezuan sartzeko izan ditugun arazoak gainditu eta oraingo honetan bai, irteeraren ibilbideen gorabeherak zabaltzeko moduan gaude (irudiak hobeto ikusteko gainean klikatu eta irudia handituko da)

1. ibilbidea. 2009ko maiatzaren 23 (Larunbata)

Lendoñogoiti-Senda Negra-Bedarbide-Txolope-Txarlazo-Antigua

1-ibilbidea.jpgperfil-1.jpg

2. ibilbidea. 2009ko maiatzaren 24 (Igandea)

Antigua-Tertanga-Paul-Delika-Nerbioi ibaiaren ur-jauzia-Delika

2-ibilbidea.jpgperfil-2.jpg

Datorren astean asteburu osoko irteera egingo dugu eta igandean izena emateko epea bukatzen dela gogorarazi nahi dugu. Gainera, ezagutu behar dugun lekua nolakoa den jakiteko, hona hemen datu batzuk: 

Ingurua

Gorobel Euskal Herriko mendebaldeko muturrean dago, isurialde atlantikoaren eta mediterraneoaren mugan. Izan ere, Arabako, Bizkaiko hiri bakarra den Urduñako eta Burgosko lurraldeetan zabaltzen da.

25 kilometrotan zehar, mendilerroa ipar-mendebalde eta hego-ekialdeko norabidean kokatuta dago eta itxura ikusgarria du. Burgosko Losa bailaratik gorantz abiatzen da, pixkanaka-pixkanaka, iparralderantz, eta Urduñako aldera kareharrizko amildegietan behera egiten du, zakarki, 500 metro baino altura handiago duten paretak erakusten. Goialdea, 1.000 metroko altueratik gorako goi-lautada zabala da (100 km2 baino gehiago).

Tontor-lerroak ekialdeko muturrean 1.000 m-ko altuerak hartzen ditu eta gailur handienak mendebaldean dira nagusi: Eskutxi (1.187 m), Ungino (1.101 m) eta Tologorri (1.093 m). Alde honetan daude baita ere Txarlazo mendi nahastezina eta Urduñako mendatea, Gaztelako atea.

Geologia eta geomorfologia

Gaur egun ikusten ditugun haitzak duela 300 miloi urte azaldu ziren itsas hondo-hondotik, Iberiako eta Europako plaka tektonikoak talkaren ondorioz. Higadurak bailarak, tontorrak eta amildegiak modelatu ditu.

Goiko ordeka Goi Kretazeoko kareharri gogorrez osatuta dago eta paisaia karstikoaren elementuak nabari dira, tartean, dolina eta lapiazak. Beherago, material leunagoak agertzen dira (margak eta buztinak). Lur-azpian, berriz, 300 kobazulo baino gehiago daude. Horien artean Ponata pagadikoak 45 km galeria ditu topografiatuta.

Urduñako lautada ere oso esanguratsua da, haranaren ibai emaritsuen indarraz higatutako gatz-biltegi (diapiro) baten arrastoa baita.

Nerbioi ibaiaren ur-jauzia iberiar penintsulako handiena da eta 270 m ditu.

Landaredia

Mendikatearen behealdean eta goialdean dauden bi lautaden artean, landaredi-estaiak ondo bistakoak dira.

Estai muinotarra (400-600 m) Altuera ertainetan landak, heskaiak, lizardi-zumardiak, erkamezti atlantikoak eta zuhaitz-landaketak (pinu gorria) dira nagusi.

Estai menditarreko (600 m-tik gora) aldapetan pagadi kaltzikola agertzen da, eta amildegietan harkaitzetako landaredia. Altuerako ordekan, berriz, mendietako zelaiak eta pre-txilardiak daude. Maila honetako hainbat lekuetan ameztiak ere ikus daitezke.

Hauek dira EAEn arriskuan dauden landareen zerrendan katalogatutako espeziak:

Arraroak direnak: Trollius europaeus, Tofieldia calyculata, Gentiana ciliata subsp. ciliata, Scorzonera aristata, Carlina acaulis subsp. caulescens, Crepis pyrenaica, Pedicularis foliosa eta P. tuberosa.

Garrantzi berezia dutenak: Sideritis ovata, Narcissus asturiensis subsp. jacetanus, Ilex aquifolium, Narcissus bulbocodium subsp. citrinus, Taxus baccata, Veratrum album

Fauna

Amildegiko paretetan harkaitzetako hegazti-komunitatea ondo kontserbatuta dago. Pixka bat beherago, Urduña bailarara begira dauden maldetako baso helduetan, oso ekosistema aberatsak daude eta animalien komunitateak ere ondo estrukturatuta daude.

Harkaitzetako hegaztiak: Sai arrea eta Sai zuria, Ugatza, Belatz handia, Arrano beltza eta Arrano sugezalea, Belatxinga mokogorria, Zata arrunta, Bonelli arranoa, Harkaitz-zozo gorria, Hontz handia, Haitz-enara

Basoetako hegaztiak: Arrano sugezalea, Zapelatza eta Zapelatz liztorjalea, Aztore arrunta, Gabiraia, Urubi arrunta, Hontz ertaina, Kukua, Usoak, Okilak.

Landetan tenperatura leunagoak dira eta fruitu eta ornogabe ugari dago. Hori dela eta, hortxe garatzen da hegazti-komunitaterik aberatsena. Zabalgunea hegazti migratzaile askoentzako atsedenlekua da neguan eta udaberrian. Neguan, belatxingen eta miru gorrien kontzentrazioak nabariak dira.

Bestalde, galtzeko arriskuan dauden ugaztunak ere bizilekua aurkitu dute Gorobel inguruetan. Zenbait hamarkada pasa ondoren otsoa itzuli da paraje honetara; igaraba, ur-ipurtatsa, lepahori arrunta, muxar grisa eta ferra-saguzar mediterraneoa bizi diren lurraldera, hain zuzen ere.

Bukatzeko, anfibioen eta narrastien artean, azpimarratzekoak dira gailurretako uhandrea, baso-igel jauzkaria, musker berdea eta sugegorri kantauriarra.

Gizakiaren aztarna

Gizakiaren lehen arrastoak duela 4.500 urte eraikitako dolmen eta tumuluak dira, artzain ibiltariek egindakoak, segur aski. Historiaurrekoak dira baita ere, otsoak, zaldiak, oreinak eta basurdeak ehizatzeko tranpak (otsategiak edo loberak). Gorobelen dagoen batek ia kilometro bateko paretak ditu; penintsulan ezagutzen den luzeena da.

Bestalde, mendikateko kobazuloetan azaldutako aztarna arkeologiko eta paleontologikoak ugari daude.

Urduña hiriak antzina-antzinako jatorria dauka. Historialari batzuek diotenez, horren mugartean Ptolomeok aipatutako Uxama Barca herri erromatarra zegoen. Aipatzekoa da Aloriako aztarnategi erromatarra.

Fernando III.ak Lope Diaz de Haro II.ari eman zion Urduña, kostaldearen eta mesetaren arteko merkataritzan nahitaezko igarobidea. Hori dela eta, herri garrantzitsua izan zen Erdi Aroan eta Errege Katolikoen erregetzan, hiri titulua lotu zuenean. Garrantzi honen adibide nabarmenena hiriaren kasko zaharra da, balio handiko multzo historikoa.

Natur gune babestuak

Bere natur altxorrei esker, Gorobel Mendikatea Natura 2000 sarean dago. Izan ere, inguru hauetan Hegaztientzako Babes Bereziko bi Guneak daude eta Batasunaren Garrantzizko Lekuak hiru.

HBBG: Salbada edo Gorobel mendilerroa (EH) eta Santiago mendia (Gaztela eta Leon)
BGL: Arkamo-Gibijo-Arrastaria (EH), Santiago mendia eta Mena Bailarako Basoak (Gaztela eta Leon).

Azken ikerketen arabera, mendi hauetan dagoen hegaztien populazioak Europa mailan dauden garrantzitsuenak dira. Hori dela eta, bisitatu behar dugun eskualdearen aberastasuna eta biodibertsitateak ez dute parerik.

Burgos aldera, Santiago mendia eta Nerbioi ibaiaren ur-jauzia Gaztela eta Leongo Monumentu Naturalak dira.

Bukatzeko, Araban ugatza berreskuratzeko indarrean dagoen planaren baitan, Gorobel ingurua Garrantzi Bereziko Gunea da. Ildo beretik, Bizkaiko Aldundiak ipurtatsa berreskuratzeko Babes Bereziko Gunea izendatu du Nerbioi ibaiaren goi-ibilgua.

Dagoeneko, Urduñara joateko irteeraren zerrendak irekita daude Turismo Bulegoan. Gogora ezazue:

  • Asteburu osorako irteera da: maiatzak 22an irten eta 24an bueltatu.
  • Irteera autobusez egingo dugu eta Urduñako aterpetxean hartuko dugu ostatu.
  • Irteera: Txomin Agirre Kaian dagoen autobus geltokian, 20,00etan.
  • Prezioak (Autobusa, janaria eta lo egiteko lekua barne)

Helduak 35 €
Ikasleak, haurrak eta langabetuak 30 €.

  • Eraman beharrekoa: ostiraleko afaria, kantinplora, lozakua eta mendian ibiltzeko oinetako egokiak.
  • Izena emateko azken eguna: maiatzak 18.

« Previous PageNext Page »

Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.