Archive for Ekaina, 2008

Hurrengo astean ez da izango iragarpenik.

Bihar bertan kanpora noa radar meteorologikoei buruzko kongresu batetara. Beraz, aste osoa kanpoan izango naiz eta iragarpena ezin izango dut egin.

Lanbro lainoa eta ostarteak irekitzeko aukera eguerdi partean

Asteburuan ere orain dugun eguraldi berdintsuarekin jarraituko dugu. Laino ugari, bereziki egunaren hasieran eta bukaeran, eta momentu horietan zirimiria egitea ere posible da. Eguerdi partean berriz, ostarteak irekitzeko aukera dago, nahiz eta batzutan horrelako egoeretan egun osoan zehar hodeiak mantendu. Igande arratsaldean gainera, egoera ezegonkortu egingo da eta ekaitz arriskua ere aipatu beharra dago, bereziki arratsalde bukaeran. Haizea iparraldetik ibiliko da eta honek tenperaturak nahiko fresko mantenduko ditu garai honetarako, maximoak 21 ºC inguruan geratuz, dena den tenperatura atseginak.

 Beraz, San Pedro eguna lanbro lainoarekin hasiko da, beharbada zirimiri pixka bat era bai, gero eguerdi partean ostarte batzuk ireki daitezke, eta arratsalde erditik aurrera berriro ere hodeiak ugarituko dira eta ekaitz ikutuko zaparradaren bat ere eman daiteke. Gauerako, zaparrada arriskua mantendu egingo da eta gainera berriro ere zirimiri pixka bat egiteko aukera dago.

Hurrengo mapa, isobara mapa bat da, baina fronterik ez da irudikatzen. Iganderako iragarpena adierazten digu, eta ikusi dezakegu nola Azoreetako antizikloia ekialderantz zabaltzen den, baina bere zabaltze horretan ipar haizea bidaltzen digu eta horren erruz sortzen da askotan lanbro laino hau, hodei baxuak dira. Penintsulan beroagatik sorturiko depresio termikoa dugu (udan askotan sortzen da hortxe) eta horrek ez dio uzten antizikloiari ekialderantz mugitzen, eta horrexegatik ziri moduan sartzen da (erderaz cuña anticiclónica esaten zaio). Penintsulako beroa dela eta ekaitz zaparradak eman daitezke egunaren bukaera aldera.

 slp_29062008.gif

Ekaitz arriskua gaur gaueko San Juan sua ospatzeko festan

Mapak nabarmen aldatu dira ostegunetik hona eta uhin luzera txikiko perturbazio batek atmosfera ezegonkortu egingo du nabarmen gaur arratsaldetik aurrera. Honek esan nahi du, ekaitz arriskua izango dugula, bereziki gaur 9etatik aurrera, eta ekaitz hauek zaparrada mardulak, txingorra eta haize bolada oso gogorrak ekarri ditzakete. Gainera, litro asko pilatu daiteke denbora gutxian.

 Beraz, nahiz eta zaparrada hauek ez diren ziurrak, probabilitate altua dago sua pizten den momentuan zaparrada mardulen bat izatekoa. Kontuz beraz, gaur gauean eta ea suertea dugun eta ez den momentu horretan ezer gertatzen.

Udako giroa

Asteburu honetan udan sartuko gara astronomikoki, eta eguraldiak ere udan gaudela adierazi nahiko digu.

Gaurtik hasi eta igande arratsalderarte eguraldi eguzkitsua eta udako tenperaturak nagusituko dira. Egia da goizean lanbro laino pixka bat agertu daitekeela, bereziki igandean, baina egunean zehar eguzkiak ez du traba handirik izango. Eguraldi on honek igande arratsalderarte iraungo du, zeren igande arratsaldean iparra sartuko da eta hodeiak ugarituz joango dira, berriro ere aurreko asteburuan gertatu zen bezala eta zaparradatxoren bat bota dezake bukaeran. Tenperaturak gora egingo du eta maximoak 25-26 ºC inguruan geratuko dira, gehiago igo gabe brisari esker. Astelehenean okertze txiki bat izango dugu, baina ez du ematen asko iraungo duenik.

 Hurrengo mapan 1500 m inguruan izango ditugun tenperaturak aztertu daitezke eta ikus dezakegu Penintsulako beroa nola iristen zaigun. 20 ºC-ko tenperatura asko da 1500 metroko altueran. Horrela, Euskal Herriko barnealdean beroa egingo du 30 ºC-tik gora, baina hego haizeak indar handirik izango ez duenez, Zumaian brisa ibiliko da eguerdi partean. Bestela, brisagatik ez balitz Zumaian ere tenperatura oso altuak izango genituzke.

 Tenperatura 1500 metro inguruan

Zaparrada mardula gaur goizean

Atzo gainetik pasa zitzaigun ezegonkortasunaren azken ikutu bezala, gaur goizean zaparrada mardula izan dugu Zumaian. Ordu bakar batean 21 mm pilatu dira eta hori ez da gutxi. Dena den, ez du arazo gehiegirik sortu.

Hondartzara joan nahi duen jende asko dago eta horientzat albiste onak dauzkat. Bihartik aurrera udako giro sanoa datorkigu. Eguzkia eta tenperatura ederrak izango ditugu jaun eta jabe. Tenperatura maximoak 20 eta 25 ºC bitartean geratuko dira, itsasoko brisa ibiliko delarik. Gainera ematen du astebukaera ere horrelakoa izango dela, baina hori ostegunean zehaztuko dizuet. Beraz, albiste bezala ematen dizuet iragarpen hau, zeren hain eguraldi tristea izan ondoren albistea da udako giroa datorkigula gutxienez lau edo bost egunetarako.

Asteburuan eguraldiak hobera egingo du eta aspaldiko partez ez da apenas euririk espero.

Ezegonkortasun handia izan dugu azken egunetan eta zaparrada mardulak bota ditu hainbat tokitan, baina egoerak egonkortze aldera egingo du hemendik aurrera.

Asteburua nahiko ondo portatuko dala ematen du. Larunbatean hodeiekin esnatuko gara, baina egunean zehar ostarteak nagusituko dira eta eguzkia ikusteko aukera izango dugu. Igandean hodei gehiago egongo dira zeruan eta baliteke egunaren bukaeran euri pixka bat egitea, hurrengo aste hasieran datorren okertzearen seinale. Tenperaturak atseginak izango dira, maximoak 20 ºC inguruan geratuz.

Hurrengo mapak larunbaterako espero den egoera azaltzen digu, isobara eta fronteen mapa da eta pixkanaka joango gara horrelako mapak aztertzen, baita ere beste era bateko mapak. Kasu honetan, gure gainean ez dugu fronterik eta Penintsulan agertzen den depresiogune horrek ez du inolako eraginik izango (beroagatik sorturiko depresio termikoa da). Baina mendebaldetik agertzen den depresioguneak igande bukeran eta hurrengo asteko hasieran izango du eragina guregan.

14062008_slp_ukmo1.gif

Egoerak hobera egingo du baina oraindik ere euri arriskua gainetik kendu gabe

Asteburuan eguraldiak egonkortze aldera egingo du, baina oraindik ere iparraldeko haizea ibiliko denez, egia esan indar handirik gabe, euri pixka bat egitea posible da. Dena den, izan dugun astearekin konparatuz egoera hobeagoa izango da. Ostarteak ere zabalduko dira eguerdi partean eta ondo aprobetxatu, zeren eta astelenean berriro ere beste okertze bat etortzeko aukera handiak baitaude.

Uholdeak Euskal Herrian

Egoera arriskutsua aurreikusten genuen ostiralean asteburu honetarako, bereziki larunbat eta igande bitarteko gauerako eta halaxe gertatu da. Litro pila bat jaso dira, bereziki Bizkaian eta ondorioz uholdeak izan ditugu.