Archive for Uztaila, 2008

Bihar okertze txiki bat baina asteburua benetan dotorea.

Bihar oporrak hartzen ditut eta abuztu bukaera arte ez naiz lanean ibiliko. Beraz, iragarpenak egiten ere atseden bat hartuko dut.

 Bihar fronte bat pasatuko da gure gainetik. Ez da fronte sendoa eta beraz hodeiak eta euri pixka bat utziko dizkigu, bereziki goizean. Gerora hobetuz joango da eguraldia eta arratsaldean ostarteak ere zabaldu daitezke. Beste aldaketa bat tenperaturetan nabarituko dugu, zeren iparraldeko haizearekin eta hodei hoiekin termometroak behera egingo du, 21 ºC inguruan geratuz maximoa.

Eta hobekuntza horrek jarraipena izango du. Asteburu benetan dotorea espero dut, eguzkia eta tenperatura altuak baina bero handiegirik gabe (maximoa 25 ºC inguruan geratuko da) brisa ibiliko baita. Beharbada igandean iparrak muturra sartzen badu hodei baxuak agertu daitezke, baina ez dago oso garbi. Dena den, igandean hodeiak agertzen badira ere euririk ez da espero eta momentu honetan ez da ikusten hodei gehiegirik.

Beno ba, biharkoa kenduta udako asteburua datorkigu. Disfrutatu eta ondo ibili oporretan.

Asteburua orokorrean hartuta nahiko dotorea izango da.

Bihar goizean zerua garbitzen joango da eta eguerdirako eguzkia izango da jaun eta jabe, egun dotorea geratuz. Gauerako fronte ahul batek hodeiak ekarriko dizkigu baina euria egitekotan euri gutxi lagako du. Tenperaturak gaurkoarekin konparatuz gora egingo du 25 ºC inguruan geratuz maximoa.

Larunbata triste xamar esnatuko zaigu, hodeiekin eta beharbada zirimiri pixkatekin, baina hobera egingo du eta arratsalde polita geratuko da. Hori bai, tenperaturak freskoagoak izango dira 22 ºC ingurukoak.

 Igandea dotore hasiko dugu, eguzkiarekin. Gainera tenperaturak berriro ere gora egingo du eta maximoa 26 ºC inguruan geratuko da. Gero arratsaldean iparra nagusitzen joango da eta hodeiak ugaritu egingo dira, bukaeran euri pixka bat lagaz. Ekaitza izateko arriskua ere egongo da.

Beraz, orokorrean nahiko asteburu dotorea eta momenturik okerrena beharbada larunbat goiza.

Asteburuan pixka bat denetik. Larunbat ia osoa polita eta igande goiza okerrago.

Bihar egun dotorea geratuko da, goizeko lainoak nahiko azkar desagertuko baitira. Azoreetako antizikloia ziri moduan sartuko da (erderaz cuña anticiclónica esaten dena) gurean eta hori bihar behintzat nabarituko dugu, egun eguzkitsua geratuz. Gainera tenperaturak gora egingo du 23 ºC inguruan geratuz maximoa.

Larunbatean ia egun osoan zehar eguzkia nagusituko da eta gainera tenperatura oraindik gorago ibiliko da 25 ºC inguruan geratuz eguerdi partean. Baina barnealdeko beroa dela eta arratsalde bukaeran edo iluntzean zaparrada trumoitsuak eman daitezke, behintzat arrisku hori hor dago. Gero igandea hodeiekin eta euri pixkatekin hasiko da, baina arratsaldean hobera egingo du. Dena den igandean nabarituko dugu giroa freskoago dagoela eta termometroa 20-21 ºC inguruan geratuko da haizea iparraldetik ibiliko baita nahiko fin.

 Ba horixe, larunbata polita ia egun osoa eta igandea motelago.

 Hurrengo mapan espero den prezipitazioa ikusi dezakegu larunbat gauerako. 6 ordutan pilatuko litzatekeen kantitatea erakusten digu. Bereziki, Pirineo aldean ematen du gehien, baina gurean ere arriskua hor dago (gainera ekaitz ikutuko zaparradak izango lirateke).

prezipitazioa_17072008.gif

Ekaina oso euritsua eta nahiko freskoa izan da.

Ekaina oso euritsua izan dela ez dago dudarik. Gainera toki batzutan uholdeak ere izan ditugu. Zumaian ez da horrelakorik izan, baina 173 mm asko da. Esate baterako lehengo urteko ekainean 68 mm besterik ez ziren jaso eta batez bestekoa 90 mm inguruan aurkitzen da. Bestalde, tenperaturak ez dira izan altuak eta azkenengo bost urteak kontuan hartuta, hau izan da freskoena.

Aprobetxatu gaurko eguna hondartzarako, zeren eta bihartik aurrera eta asteburua barne eguraldiak okerrera egingo du nabarmen.

Azken egun hauetan izan dugun udako giroa bukatu egingo da eta astebururako okertze nabarmena etorriko da. Uda honetan egun asko jarraian ez du irauten udako eguraldiak eta gainera ematen du epe luzera egiten diren iragarpenen arabera, uztaila eta abuztua ildo beretik joango direla. Hau da, hilabete hauen batez bestekoa kontuan hartuz tenperatura baxuagoa izango da eta euri kopurua ohikoa baino altuagoa. Beraz, udako eguraldia ez dugu sarritan izango uda honetan zehar iragarpen horien arabera. Beraz, bero handirik ez eta hondartzarako egun gutxi. Dena den, iragarpen horien fidagarritasuna oraindik ez da oso altua. Ea zer gertatzen den azkenean.

Beno, asteburu hontako eguraldiari dagokionez esandakoa, okerrera egingo du nabarmen. Bihartik aurrera, fronte bat iritsiko zaigu eta bihar bertan hodeiak eta euria ekarriko dizkigu. Gainera, tenperaturen beherakada ere nabarituko dugu. Eta okertze honek jarraipena izango du bai larunbatean eta baita ere igandean. Euri zaparradak eman daitezke, bereziki larunbat arratsaldean eta igande goizean, gainera ekaitz ikutukoak ere izan daitezke txingor eta guzti. Tenperaturak beherako bidean jarraituko du eta 20 ºC-ra ez gara iritsiko. Haizea iparraldetik ibiliko da.

Hurrengo mapak 5500 metro inguruan larunbat arratsalderako espero den egoera adierazten digu. Ikus dezakegu aire poltsa hotza guregana hurbiltzen (-15 ºC tik beherako aire masa 5500 metro inguruan). Honek ezegonkortasuna areagotzen du eta horrexegatik eman daitezke ekaitzak.

t500_10072008.gif