Archive for Urria, 2008

Giro nahasia astebururako.

Negu giroan murgildu gara aste honetan zehar eta astebururako ez dago batere garbi nondik nora ibiliko den eguraldia euri kontuari dagokionez. Ziurgabetasun handia dago. Aire hotza daukagu goi geruzetan eta lurrazalean depresioak sortzen dira oso errez. Horrela, astebururako depresio bat sortuko da gure inguruan eta zehatz mehatz non kokatzen den oso garrantzitsua izango da guretzat. Pirineo aldean kokatzen bada guk ipar haizea izango genuke eta horrekin litro asko botako lituzke, baina pixka bat mendebalderantz kokatzen bada, hego haizea izango genuke eta honekin euri kontu gutxi. Beraz, iragarpenaren fidagarritasuna oraingoan oso baxua da. Dena den, garbi dagoena da elur-kota ez dela jaitsiko 1000 metrotik. 

 Bihar egunez ez du apenas euririk egingo eta ostarteak ere irekiko dira. Haizea aldakor baina bukaeran ipar ikutuarekin, eta horrexegatik bukaeran zaparradak eman daitezke. Tenperatura epelagoa 12-13 ºC-koa.

 Asteburuan oraintxe bertan dauzkagun datuekin iparra nagusituko da eta honekin hodeiak eta euria izango ditugu eta tenperaturak bere horretan mantenduko dira, 10-12 ºC-tan. Kasurik okerrenean euri asko egin dezake, baina lehen esan dudanez hori ez dago batere garbi. Horrelako kasutan iragarpena egunez egun jarraitu behar da zeren asko aldatu daitezke gauzak.

Asteburu bikaina. Eguraldi eguzkitsua eta sanoa. Goiz freskoak eta egunez epelago.

Eguraldi dotorea espero dugu astebururako. Antizikloia izango da egoeraren jaun eta jabe eta beraz, eguzkia nagusituko da. Hori bai, tenperaturak ez dira lehengo astekoak izango eta freskura edo hotza ere nabarituko dugu gauetan eta goizeko lehen orduetan. Egunez eguzkiak epelduko du giroa, baina 20 ºC-ko muga ez da gaindituko. 15 eta 18 ºC bitartean geratuko dira termometroak asteburuan egunez.

 Beraz, bai bihar eta baita ere asteburu osoan eguzkia jaun eta jabe eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko denez, tenperatura ez da gehiegi igoko. Dena den, egunez giro goxo xamarra izango dugu.

 Datorren astean asteartetik aurrera ematen du denboraldiko lehen aire masa hotza iritsiko dela, negu giroa ekarriz. Antizikloia Atlantikoan ipiniko da eta hortik ipar haizea bidaliko digu. Horrela, ipar latitudeetako aire masa hotza iritsiko zaigu, Islandiatik eta elurra nahiko behera etorri daiteke, 500-600 metrora beharbada. Dena den, oraindik nahiko urruti dagoenez, egoera aldatu daiteke, baina orain ditugun datuak kontuan hartuz, aukerak handiak dira.

Asteburu nahasia. Igandean hobera.

Egun hauetan eredu matematikoak asko aldatzen ari dira egun batetik bestera, beraz iragarpenen fidagarritasuna egun hauetarako ez da handia. Dena den, ematen du larunbata nahasia izango dela eta zaparrada trumoitsuak eta nahiko mardulak izan daitezkeela. Igandean hego ikutuko haizearekin nabarmen egingo du hobera. Tenperaturak bihar eta larunbatean zertxobait beherago, baina oraindik ere oso atseginak izango dira, gainera igandean berriro ere 20 ºC-ko muga gaindituko du maximoak.

Bihar hodei ugari goizean eta euri pixka bat egitea ezin da baztertu. Arratsaldean ateri eutsiko dio eta ostarteak zabalduko dira. Tenperatura 18 ºC inguruan egongo da egunez.

Larunbatean, orain dugun informazioa kontuan hartuz, eguraldi ezegonkorra espero da. Zaparrada mardulak eta trumoitsuak eman daitezke, bereziki goiz partean eta tenperatura bere horretan mantenduko da.

Igandean hego ikutuko haizearen laguntzarekin ostarteak eta hodeiak tartekatuko dira, baina ostarteak nagusitzea espero da. Tenperatura gorako bidean, maximoa 23 ºC inguruan geratuz.

Astebururako eguraldiaren ezaugarriak hego haizea eta tenperaturaren gorakada nabarmena.

Egoera erabat aldatuko da astebururako. Hego haizea eta tenperatura epelak espero ditugu, berriro ere 20ºC-ko muga gaindituz.

Bihar eguraldi eguzkitsua nagusituko da eta goizeko tenperatura freskoa ederki epelduko da eguerdirako, hego haizearen laguntzarekin. Biharko maximoa 22ºC inguruan geratuko da.

Asteburuan ere ezaugarri berdinak izango ditu eguraldiak. Hego haizea eta tenperatura altuak. Beharbada hodei gehiago izango da zeruan, baina momentu honetan ez da espero euririk egitea. Tenperatura maximoa 25 ºC inguruan geratuko da.

Mediterraneoan gaur eta bihar izango dituzte arazoak, zeren han ekialdeko haizea izango dute (itsaso epeletik pasako den aire masa hezea eta beroa iritsiko zaie) eta gainera aire hotza goi geruzetan. Horrela euri asko pilatzea espero da eta seguruenik albisteetan ikusiko ditugu uholdeen irudiak. Modelu honetan ikusi dezakegu zenbat euri pilatuko den 12 ordutan (larunbateko lehen 12 ordutan) eta euri dexente pilatuko dela ematen du Mediterraneoan. Hemen berriz ezertxo ere ez.

precip_12_09102008.png

Bihar zaparradak, haizea, hotza eta mendi altuenetan elurra. Asteburuan hobera egingo du, berriro ere tenperatura epeletara bueltatuz.

Biharkoa benetan egun makurra izango da. Alde batetik zaparradak emango dira, momentu batzutan ekaitz ikutukoak eta txingorrarekin. Gainera, haizea indartsu ibiliko da, beraz aterkia erabiltzeko ere egun txarra. Eta hori gutxi bada, tenperatura asko jaitsiko da, neguko egun baten itxura hartuz. Tenperatura maximoa 13 ºC inguruan geratuko da. Horrela, aurtengo lehen elurtea izango dugu 1300 metrotik gora, bereziki Pirineotan. Dena den hotzaldi honek gutxi iraungo du, eta berriro igandetik aurrera tenperatura epelak izango ditugu hego ikutuko haizearekin.

Larunbatean egunaren hasieran euri pixka bat egin dezake, baina arratsaldean nabarmen egingo du hobera, atertuz eta ostarteak irekiz. Oraindik ere fresko antzean joango da eguna, baina termometroa 17 ºC-raino iritsiko da. Gainera haizeak ere indarra galduko du eta arratsalde nahiko atsegina geratuko da.

Igandean egun polita espero da. Beharbada hodei batzuk izango dira zeruan, baina eguzkia nagusituko da eta hego ikutuko haizearekin berriro 20 ºC-tik gora joango da termometroa, berriro ere hondartzarako giroa.

Beraz, ederra diferentzia bihartik igandera. Bihar negu giroa eta handik bi egunetara uda giroa. Hurrengo mapan biharko, tenperatura 0 ºC-tan zein altueretan espero den ikusi daiteke. Gure lurraldean 1500-1600 metro inguruan kokatuko da 0 ºC-ko tenperatura, baina elurra pixka bat beherako agertuko da, 1300 metro inguruan.

ibsnow_03102008.jpg