Jadanik nazkatuta egongo da jende ugari, izan dugun eguraldi triste, busti eta hotz honekin. Ba azkenean erabaki du antizikloiak guregana etortzea eta gain-gainean jartzea larunbatetik aurrera. Gainera, egun askotarako etortzea erabaki duela ematen du, zeren 26ra arte %80-ko probabilitatearekin bere eraginpean egongo gara. Eta honek zer esan nahi du? Ba alde batetik horrelako egoeretan behe-lainoa sortzea posiblea da. Itsasoko tenperatura 12-13 ºC-tan dago eta aire hotza izango dugunez behe-geruzetan, ura lurrundu daiteke eta kondentsatu behe-lainoa sortuz. Hau neguan oso ohikoa da ibaietan eta hotz handia egiten duen itsasertzetan. Beno, ba goizean eta gau partean behe-lainoa izan dezakegu, baina eguerdi partean eguzkia ikusteko aukera izango dugu. Dena den, kontuz zeren batzutan behe-lainoa desegitea asko kostatzen da eta.
Laburtuz, larunbatetik aurrera eguraldi lehorra, behe-lainoa goizetan eta eguzkia eguerdi partean. Tenperaturak egunez nahiko atseginak zeren haizerik ez denez egongo ez dugu hotz sentsaziorik izango. Gauez behe-lainoa sortzen bada 7-8 ºC-tik ez gara jaitsiko, baina gauren batean oskarbi harrapatzen badu tenperatura minimoa 5 ºC-tik behera joan daiteke 0 ºC-ra hurbilduz (gauak oso luzeak baitira garai honetan).
Beraz, gabonak ez dira zuriak izango. Giro lehorra eta egonkorra nagusituko da. Gerora, 26-tik aurrera ikusteko dago, baina aire masa hotza iristeko aukerak hor daude Europa barrena. Antizikloi hau 5-6 egun gure gainean egon ondoren gorantz mugituko da eta beharbada Siberiako antizikloiarekin bat egin dezake. Hau gertatzen bada hotz-bolada siberiarra izan dezakegu urtea bukatzeko, baina hau oraindik ikusteko dago. Beraz, badaezpada aprobetxatu datozkigun egun antizikloniko hauek.
Egoera antiziklonikoa ikusteko hurrengo mapa ipini dizuet. 1035 mb-eko gunea gure gainean izango dugu, beraz barometroa duten guztiek presioa gaurtik aurrera gora eta gora nola doan ikusiko dute, larunbatetik aurrera oso goian geratuko delarik.
Iruzkin berriak