Archive for Urtarrila, 2009

Bapateko ziklogenesia

Irakurri dut Aemet-eko (Agencia estatal de meteorología) informea eta Zumaian 137 km/h-ko bolada bat neurtu dute, baina datu hori ez da Gipuzkoako boladarik handiena. Adibidez, Euskalmeteko Jaizkibeleko behatokian 159,5 Km/h-ko bolada neurtu da. Dena den, egia da behatoki hori 500 metroko altueran dagoela Jaizkibel mendian. Zumaiko datu hori kostaldeko beste datuekin konparatuz nahiko datu berdintsuak ikusi ditugu. Adibidez, Pasaiako portuan 134,3 km/h-ko abiadura neurtu da eta Zarautzen 127,7 km/h-koa (bi behatoki hauek Euskalmetekoak dira, Zumaikoa berriz Aemet-ekoa).

Denon ahotan ibili da adierazpen teknikoa, “ciclogénesis explosiva”, euskaraz bapateko ziklogenesia deitu diot. Zer da hori? Ba ziklogenesiak depresio bat sortzea esan nahi du eta bapatekoa (explosiva) azkar sortu dela. Hau da, depresio bat sortu zen bi aire masa ezberdinen mugan (gure latitudeetan beti gertatzen den bezala) baina normalean gertatzen dena baino azkarrago sakondu zen. Hori aire masa subtropikal epel bat eta goi latitudeetatik asko jaitsi zen aire masa hotz baten elkartzeagatik gertatu zen. Gero gainera, bere ibilbidea mendebaldetik ekialdera izan zen eta Kantauri itsaso osoa zeharkatu zuen, gure lurraldetik oso hurbil.  

Horrela, izan genuen haizetea izugarria izan zen. Egia esan, horrelako fenomenoa ez da arraroa, urtero gertatzen da, baina arraroa dena bere ibilbidea da. Aspaldian, horren gertu ez da horrelako depresiorik pasa. Nik gogoratzen dudan azkena 1999-eko abenduaren 27an gertatu zen eta izena ere jarri zitzaion, Lothar izena. Hura honen oso antzekoa izan zen, baina orduan 3 hildako izan ziren Euskal Herrian eta zauritu asko.

Horrelako fenemenoak ez dute zerikusirik hurakanekin. Hurakanak oso itsaso epela duten tokietan gertatzen dira eta ez bi aire masa ezberdin elkartzeagatik, baizik eta ur lurrun asko kondentsatzen denean, orduan askatzen den beroak (calor latente) atmosfera ezegonkortzen duelako. Hau da, hurakanen elikagaia itsaso beroak dira, eta bereziki toki horietan lurrunketagatik dagoen ura gas egoeran.

Zikloi hitzak esan nahi duena da presio gutxiko gune bat dagoela. Beraz, kasu honetan terminu hau ondo erabilia dago, baina ez da nahastu behar Japonen zikloi hitzarekin adierazi nahi dutenarekin. Japonen zikloi hitza hurakan hitza bezalaxe erabiltzen dute. Beraz, gure kasuan ez da hurakanik izan, baina bai bapateko ziklogenesia, hau da zikloi bat sortzea eta azkar sakontzea. Larunbateko zikloiaren erdigunean 1001 mb izatetik 963 mb izatera pasa zen 24 ordutan eta bapateko ziklogenesia erabiltzeko 20 mb baino gehiago sakondu behar da 24 ordutan, beraz ondo erabilita dago terminu hori.

 Ez dakit garbi utzi dudan zerbait, baina nahi duzuen guztia galdetu eta saiatuko naiz argiago adierazten.

Giro lasaiagoa asteburuan, baina dena den euria ere egingo du

Giro lasaiagoa esaten dut, zeren eta pasa ditugun gauzak pasa ondoren, bapateko ziklogenesia eta euri kontuak, asteburua ez da eguzkitsua izango, baina egoera zailik ez da espero.

Bihar ez du euririk egingo eta tenperatura altuak espero dira, maximoa 20 ºC-ra hurbilduko da eta goizean eguzkia ikusiko dugu, arratsaldean hodeiak ugarituz. Hego haizea ibiliko da indartsu eta egunaren bukaeran gehiago indartuko da eta boladaren batek 90 km/h-ko harrapatu dezake, baina oso puntuala izango da. Honek ez du zerikusirik izango larunbat goizaldean izan genuen haizearekin.

Asteburuan fronte pare bat pasako dira, baina euri aldetik ez dute gehiegi lagako. Larunbatean beharbada gehiago egin dezake, bereziki eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan. Gainera haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta tenperatura asko jaitsiko da, maximoa 12 ºC-tan geratuz. Gero igandean berriro ere hego haizea bueltatuko da eta euri pixka bat egin dezake, baina gutxi.

 Beraz, oro har asteburuan euria egingo du, bereziki larunbatean, eta tenperaturak nahiko epelak izango dira, larunbatean freskoagoak.

Gero astelehenerako gauzak ez daude batere argi. Aire masa hotza iristeko aukera badago eta elurra beheraino iristekoa ere bai, bereziki asteartean, baina gerta daiteke azkenean aire masa hori guregana ez iristea. Iristeko aukera %60 koa da, baina elurra itsas mailan kokatzekoa %30. Beraz, eredu matematikoen eboluzioa jarraitu beharra dago astelehenean zer iritsiko zaigun jakiteko.

Haize boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete bihar gaua eta larunbat goiza bitartean.

Kontuz haizearekin. Depresio sakon bat oso hurbil pasako da eta honek hego-mendebaldeko haize bortitza eragingo du bihar gauean eta gero ipar-mendebaldera egingo du. Biraketa momentuan haizea asko indartu daiteke eta kalteak eragin ditzake. Beraz, kontuz. Kalera erori daitezkeen gauza guztiak ondo lotu.

Depresio horren mugimendua zaindu beharra dago, zeren bere ibilbidea pixka bat aldatzen bada hobera edo okerrera egin dezake egoerak, baina momentu honetan 120 km/h-ko boladak espero daitezke.

Gainera, itsasoa era asko zakartuko du haize honek eta olatu handiak espero dira momentu horretan. 8 edo 9 metroko haize olatuak egon daitezke. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4 metroko olatuak altxatuko ditu, baina haize indartsu horrek esandakoa handiagoak.

Isobara mapa ikustea gustatzen zaizuenentzat hemen duzue mapa eta depresioa ikusi dezakezue gure tokitik gertu.

slp_24012009_00.gif

Haizea izango da protagonista hurrengo egunetan, itsasoa zakar eta euria ere egingo du.

Depresioak eta fronteak abiadura handian ari dira mugitzen mendebaldetik ekialdera, bere ohiko ibilbidean, eta horrela jarraituko dute hurrengo egunetan. Horrela, haizea indartsu ibiliko da egun guztietan, baina batez ere ostiral eta larunbat bitarte horretan. Gau horretan depresio sakon bat oso hurbil pasako da eta haize boladek 120 km/h harrapatu dezakete Zumaian. Beraz, kontuz haizearekin eta kalera erori daitezkeen gauza guztiak ondo finkatu.

Gaur haizea hego-mendebaldetik indartsu ibiliko da eta arratsaldean mendebaldera egingo du, indarrarekin jarraituz. Euria ere egingo du, bereziki arratsaldean. Tenperaturak nahiko epel.

Bihar haizea ibiliko da ipar-mendebaldetik hasieran, gero hego-mendebaldera eginez. Euria dexente egingo du goizean eta gero pixkanaka hobera egingo du. Tenperatura epeletik. Kontuz haizearekin. Gauean zakartu egingo da eta batez ere larunbat goizaldean haizeak ipar-mendebaldera egiten duenean haize oso bortitza izango dugu. Gainera, momentu horretan itsasoa oso zakar egongo da eta 8 metroko olatuak edo handiagoak egon daitezke. Beraz, denborale handia dator gau horretarako eta kontuz ibili. Haize boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete.

Larunbatean euri dexente egitea espero da eta haizea pixka bat baretuz joango de eguerdi aldera. Tenperaturak goizaldean beherakada izugarria izango du (galernetan gertatzen den bezala), 18-19 ºC-tik 10 ºC-ra jaitsiko da eta beraz, larunbatean tenperatura nahiko hotza izango dugu.

Igandean hego-mendebaldeko haizea indartsu, mendebaldera eginez eta euria ere bai arratsaldean.

Laburtuz, asteburu haizetsua. Gainera, euritsua ere izango da bereziki larunbata. Beraz, etxean geratzeko moduko eguraldia. Itsasoa ere zakarra izango da, bereziki bihar gauean eta larunbat goizaldean.

Olatu handiak bihar, larunbatean barealdia eta igandetik aurrera 7 metroko olatuak

Albiste moduan aipatzeko gauza bat olatuak izango dira. Bihar 4 eta 5 metroko olatuak ikusiko ditugu, larunbatean 2 eta 3 metro bitartekoak, baina igande eguerditik aurrera 7 metroko olatuak egon daitezke, puntualki 8 edo 9 metrokoak. Gainera, egoera hau hurrengo asteko hasieran mantendu egingo da. Beraz, ikuskizuna polita izango da, ikusgarria. Marea biziak ez direnez egun horietan, gerta daitezkeen kalteak txikiagoak izango dira, baina hala ere kalteak gertatzeko aukera badago. Kontuz olatuekin!! Dena den, ikusteko aukera baduzue aprobetxatu eta argazki batzuk atera.

Asteburu nahiko atsegina

Egia esan, pasa dugun hotzaren ondoren epeldu da giroa, baina kosta zaio. Asteburuan tenperatura gaurkoaren antzekoa izango da eta beraz, garai honetarako esan dezakegu giro atsegina izango dela. Gainera ez dugu ia apenas euririk espero.

 Fronte ahul batzuren hodeiak iritsiko zaizkigu bai bihar, etzi eta igandean baina euri konturik ez digute lagako, soilik tantaren bat espero daiteke igande arratsaldean.

 Beraz, bihar eta etzi hodei batzuk bai, baina eguzkia ere ikusiko dugu. Tenperatura maximoa 15 ºC-ra hurbilduko da eta haizea nahiko bare eta beti ere hego ikutuarekin. Igandean ordea, haizea indartu egingo da eta bolada zakarrak ere izango ditugu. Hodeiak ere ibiliko dira igandean, bereziki arratsaldean eta euri tantaren bat utzi dezakete. Tenperatura igandean 15 ºC-ra hurbilduko da.

Albiste moduan aipatzeko gauza bat olatuak izango dira. Bihar 4 eta 5 metroko olatuak ikusiko ditugu, baina igande eguerditik aurrera 7 metroko olatuak egon daitezke, puntualki 8 edo 9 metrokoak. Gainera, egoera hau hurrengo asteko hasieran mantendu egingo da. Beraz, ikuskizuna polita izango da, ikusgarria. Marea biziak ez direnez egun horietan, gerta daitezkeen kalteak txikiagoak izango dira, baina hala ere kalteak gertatzeko aukera badago. Kontuz olatuekin!! Dena den, ikusteko aukera baduzue aprobetxatu eta argazki batzuk atera.

Bolada hotz hau ostiralera arte izango dugu gure artean.

Gaur ere hotza izango da aipagarriena. Elurra ere egin dezake baina gutxi egingo du. Bihar pixkanaka tenperatura gorantz joango da, baina hala ere biharkoa egun hotza izango da. Goizean 0 ºC inguruan geratuko da merkurioa eta egunez 6 ºC-tan. Goizean ostarteak ikusiko ditugu zeruan, baina arratsalderako hodeiak ugarituz joango dira eta bukaeran euri pixka bat egin dezake, baina elur kontuak amaitu egingo dira.

Larunbatean lainotuta esnatuko gara eta oraindik ere hotza egingo du. Gainera euri pixka bat ere egin dezake, arratsalderako atertuz. Tenperatura maximoa 6 ºC-tan geratuko da berriro. Iganderako ostarteak nagusituko dira eta tenperaturak gorako bidea hartuko du, gehiegi igo gabe; hortxe geratuko da 8 ºC-ko mugan.

Beraz, hotz eta elur denboralea bihar arte izango dugu gure artean, baina astebururako hobera egingo du. Dena den, nahiz eta tenperaturak gorako bidea hartu, oraindik ere 10 ºC-ko muga ez dugu gaindituko asteburuan.

Hurrengo asteari begira, oraintxe bertan ez du ematen beste hotzaldi bat etorriko denik.